Kendu aukera

Ikusten ditudan koadroak

ez dira batere kriptikoak,

baina esaten dudana

ulergaitz eta mugakoa zait.


Kendu ezer esateko aukera

eta begiratu inguruan,

zirkulu baten erdian utzi du

puntua konpasaren orratzak.


Begiratu gora, hari ikusezinen

amaraunaren ertzera,

ur tanta erortzekotan da

koadroaren azal gainera.

Beraz, ur destilatuak ukitzen du

margoaren berniza

lurrun bihurtu aurretik edo

betiko lehortu ondoren.


Koloreek zirkinik egin gabe diraute

ezer gertatu ez balitz bezala,

urik ez, armiarmarik ere ez,

ezta konpasak utzitako punturik.


Zirkulua itxi da, ordea, beste behin

sortu da artelana ezustean

eta pianoaren erraietatik samur

zabaltzen da harmoniaren lilura.


Ur jauzia ez da

amildegia bilatzen duena,

goroldioaren hari berdeak dira

uraren zain daudenak,

…eta udako bero sapan

erortzen zaigu larruazal errera

lurraren soinu hezea,

harrien irudi bustia.

Jadezko eraztunak

ezin du kolorerik galdu

errekaren sakonean

biraka urruntzean.


Orduan galdera bat egin beharra dut,

egin behar diot nire burmuinaren alde banari:

non aurkitzen du ibaiak

ezkerretara jotzeko askatasuna?

…eta beste galdera bat:

non jaso du lurrak ibaia uhertzeko agindua?