Gogoaren arrakalan


Udako infernutik irten gabe
eta uholdeen iragarpenak izututa,
paradisu galduen arrastoa
ernatzen da gogoaren zirrikituetan.

Dantza arin batek alaitzen du giroa
hitzik gabeko kantuaren doinuaz,
erleak ere bozkarioari batu zaizkie
aire urdin gardenaren epelean.

Landareak emankor, loreak dirdiran,
naturaren eskaintza apartekoa,
infernu eta izu denak bazterrean.

Ameskeria ez ote den guztia
gogoaren arrakalan gordeta,
irudi iheskorra oraintxe ihesean…

Ibilbide kamutsak


Hala dio egiten zutela noizbehinka,
burura datozenak bota ondoren
agian esaldiak kentzen joan,
dirudienez esanguratsuak, edo behintzat
bilduma batean jasotzekoak.

Horrela hasita, hobe, entzun ditzadan gauak ekartzen dizkidan soinuak:
erlategian, noizbehinka garrasiak aditzen ditut,
elizako kanpaiak, gaueko ordu bata izan daiteke,
autoak errepidean, iparraldera batzuk hegora besteak.
Sukaldean lapikoa, kuiatxoak patata eta tipularekin, pure bat bihar hotz jatekoa,
beste berote bat dator eta eguerdian
ederki ongi sartzen da, solomoa eta izozkia udako oporraldian.

Gauak zer gehiago?
Gazteen algarak, autoen pneumatikoen zarata, kaleko freskura
bero itogarriak usatzeko, etxeetatik erauzteko, gorputzetatik libratzeko.
Neurriz kanpoko berotan egosi ginen,
goizetik bero, eguerdi jasangaitzak eta bazkalondo arratsalde sinestezinak.

Ez dakit zer egin ondoko tartearekin,
zaintzaileari ordainketa bat hilabetea amaitu aurretik,
eta bestetik zaindua, inor ez zaiola joaten bisitan.
Diru kontuak eramatea azalpenik eman gabe.

Kaleko atea ireki eta berriz hemen eseri argazki bat aukeratzeko,
Bordeleko ikuskizunean, Matisseren lanekin egindakoa, irudi ikusgarriak
urpeko ontziak gordetzeko pabiloi handian.
Hondo beltz baten gainean
milaka koloretako puntu argitsuak mugimenduan;
une bat gerarazi nuen.

Helburua bada hitz guzti hauek gordetzea
beste izenen bat eduki beharko luke.
Nekatu egin naiz, burua oso argi.
Bihar, beraz, edonola,
luzeago irten daitekeen irudiarekin bat egiteko.

Dagoeneko biharamuna da,
eguneroko okindegian, ogiaz beste, barazki gutxi.
Botila bat vermouth, igerilekuan luze batzuk egiteko lekua,
dena den ez nuen asmorik eguerdiko berotan etxean sartu eta berehala,
ikusiz nola prestatzen zen jendea partidarako.
Okerrera doa gauza, zenbat hiritar menperatzaileak goresten.
Zuloan babestu naiz jakinda ere azkenean jakingo dudala irakurtzen,
Oxforden mundu-gerra garaian, ikasle-egoitza batean,
hain da gorputz ederrekoa haien beste lagun bat
leku eta une egokian txorakeriak entzun behar ez izateko,
haien eskualdeetako ikurrak eraman ordez
eta, uste dut, ustezko gaiztoen zorion mezua lekuko.

Berriro beroa bihar hasiko,
zuhurrena itsas aldera alde egitea.
Hamarren bat lerro barru, hasiko naiz esaldiekin zerbait antolatzen,
parentesi bat besterik ez eleberriko pasarteek iradokia,
zoritxarreko lagunek esandako astakeriak,
eraztunaren barruko zirkulua betetzeko aluminiozko paperaz
egindako txanpon modukoa,
benetakoaren bila doan gizona
moja ustel eta krudelei erositakoa dela jakiten duenean.

Hitzak desantolatu
haien lekua aurki dezaten ibilbide kamustuetan.

Aztarnak


Erromatarren arrasto hondarrek
gure begiradan utzitako
edertasun jauskorraren antzera,
geratzen zaizkigu bihotzean
maitasun erorien hartxintxar aleak.

Bizitza honetako antzokian,
noizbait irmo izandako
zutabe zati bakoitzaren gainean,
hegazti harro batek gordetzen du
amodio galdu haien
ikuspegi luzeko orratz kamutsa.

Aztarnaren kolore biziak ezin du
joandako lilura antzua berpiztu.

Beiratea


Kolorezko beiratetik
igarotzen den argia ikusita
zoratu ninteke,
are, erotu,
belaunikatzen diren
beste guzti horien antzera.

Badaezpadako begi kliskan
nahiago buruari argitasunez eutsi,
baina ez koloreek iragazitako izpiez,
geure kabuz pentsatzen jarraitzeko senak
sortutakoez baizik.

Gloria eskatzen dute tenpluko hitz larriek
hildako idoloentzat,
larritasuna atez kanpoko kantoietan
arrastaka doala hiltzear daudenengan.

Kolorezko beirateak
limurtu nahi gaitu,
are, liluratu,
fantasia baten aurrean
burua makurtzen dutenen antzera.

Kendu aukera

Ikusten ditudan koadroak
ez dira batere kriptikoak,
baina esaten dudana
ulergaitz eta mugakoa zait.
Kendu ezer esateko aukera
eta begiratu inguruan,
zirkulu baten erdian utzi du
puntua konpasaren orratzak.
Begiratu gora, hari ikusezinen
amaraunaren ertzera,
ur tanta erortzekotan da
koadroaren azal gainera.

Beraz, ur destilatuak ukitzen du
margoaren berniza
lurrun bihurtu aurretik edo
betiko lehortu ondoren.
Koloreek zirkinik egin gabe diraute
ezer gertatu ez balitz bezala,
urik ez, armiarmarik ere ez,
ezta konpasak utzitako punturik.
Zirkulua itxi da, ordea, beste behin
sortu da artelana ezustean
eta pianoaren erraietatik samur
zabaltzen da harmoniaren lilura.

Ur jauzia ez da
amildegia bilatzen duena,
goroldioaren hari berdeak dira
uraren zain daudenak,
…eta udako bero sapan
erortzen zaigu larruazal errera
lurraren soinu hezea,
harrien irudi bustia.
Jadezko eraztunak
ezin du kolorerik galdu
errekaren sakonean
biraka urruntzean.

Minuskuluak


Ñimiñoak baino are txikiagoak
lorategiko gorosti ondoko uretan
ozeanoa bizi duten izakiak,
fokuaren izpiek haien zelulak
zeharkatzen dituztenean.

Ez baitira ezer
gure ustezko ahalmen gaindiezinak
ikusi nahi dituenean;
gure handikeria orojakileak
ez luke haien noziorik izango
bere kabuz milaka urtetan
hausnartzen egongo balitz ere.

Baina badira;
ur tanta eskas bateko
arroka erraldoien artean,
zipriztinen erdiko uhartedian
sortutako itsasarte xumeetan,
errekasto bazterretako
hezegunerik ezdeusenean.

Hortxe dira,
gure arrandiaren lotsarako,
kreatura minuskuluak.

Argi-ilunak


Pianoaren tekla guztiak bezala,
ezinbestekoak dira
galtzadetan zapaltzen ditugun
hartxintxar beltzak
eta bideak estaltzen dituen
neguko elur zuria.

Argi-ilunak airean hegan,
mahai ondoan eseri
eta idazten hasterakoan.
Fa maiorrak beharrezkoa du
si bemola gure harmonian,
eta leihoetako argi zuriak ere
gauaren ilun beltza behar du
gure distiraren arauak
lortzeko esanahi ulergarria.

Argi-ilunak inguruan biraka,
paperean idatzitakoa
irakurtzen hasterakoan.
Orri garbian alde batetik bestera
doa zizarearen ikatz-arrastoa,
eta gauaren ilun beltzak ere
leihoetako argi zuria urratu du
gure dirdirak lor dezan
adiera onenaren erritoa.

Hiru poeta Egian

“Egiako Literatur Solasaldietan proposatu zen ea zergatik ez genion erreparatzen gure artean, taldean alegia, dauden poetei eta proposamen horri erantzuna ematera dator POEMA BILDUMA hau.
Idazle bakoitzari hamar poema eskatu dizkiogu, izan zitezkeen hamaika edo bederatzi baina ez, hamar izango dira eta liburuxka meta-poetiko honetan jaso ditugu denon plazererako, halaxe espero dugu, eta horri esker Inés Goikoetxea, Edu Zabala eta Jose Mari Zendoia ezagutzeko aukera dugu.”

Paperezko liburuxka eskuragarri Egiako Literatur Solasaldiak taldean, eta bildumaren gaineko saioa eta poesien irakurraldia, Unai Pelayoren musikaz lagunduta, 2026ko urtarrilaren 28an arratsaldeko 19:00etan, Egiako Kultur Etxean.

Goraka erori


Beherantz zabalik putzuak
ur garden iluna gordetzen,
agortuko ez den iturria,
lur azpitik adeitsu
bizitzari eusteko saria.

Goraka begira, ordea,
sakonera irmo gotorrak
argi lauso gardena lapurtzen,
lehortuko ez den sugarra,
zeru gainetik gorrotoz
gu erretzeko labea.

Sartu ginen barrura
edertasun ikasiaren bila,
sartu gintuzten amarruz
paradisura ustetan,
deboziozko kalbario
amaiezin tristeetan.

Tenpluek eskaini zizkiguten
kriptak eta kupulak,
baina ez genuen asmatu
zulo onean erortzen.

Gurdi zaharra


Arroilen artean,
harrizko zubien gainetik
iristen ziren gurdiak gurera.

Egurrezko gurdi zaharrera
igo ninduten
mundu hura hilzorian zela;
senitarte osoa gindoazen
belardi arteko malkarretan behera.

Ume mokoa nintzen artean,
hatz punta ahoan,
begirada galdua,
idiaren balantzaka
astunarekin bat eginda
nire gogoeta inozoak,
bazterretako belar-loreen peskizan,
gurditik jauzi egiteko nahian.

Mundu hura hilzorian zen
eta gurpil hondatuak
aldapan behera zihoazen
gurdi karrankaria trakets eusten,
azken bidaia ezinbestekoan.

Arroilen arteko
harrizko zubiaren harlauzetan
lortu nuen gurdiak ni gabe jarraitzea
–agur, idia eta jendea–,
eskuak zerura zabaltzen nituela,
hankak lurrean.

Zaldiz bilatuko zaitut


Jokoan irabazi ninduzun,
eta jokoan galdu,
arma txiki batez arerioaren gudarostea
gainditu nahi izan zenuenean.
Geroztik naukazu bila,
zure herrialde umilean
eta nire aberri galduko
zulo debekatuetan.

Bizitza erraria gerarazi zenidan
eta leherketa atomiko baten gisan
maitasunak eztanda egin zuen
gau iluna argi arriskutsu bihurtuz.
Galdu zenuen egonarria
eta jokoan galdu ninduzun,
baina non aurkitu argitu zenidan:
topa zaitzaket berriz, lagun hori.

Zaldiz bilatuko zaitut
egunaren hozkirria argitzean.

Malenkonia


Medikuntzaren garapena, hitzen etimologia eta greziarren jakinduria

Hipokrates medikuntza modernoaren aitzindaritzat hartzen da
Berak zioen behazun beltzak sortzen duela tristura
Behazun beltza greziera klasikoan melaina-khole (µέλαινα χολή) da
Hortik melankolia, gure malenkonia
Beranduago jakin zen behazun beltzik ez dagoela gizakion gorputzetan
Asmakeria bat besterik ez zela
Zein da ondorioa, Aristotelesen logika erabiliz?

Solstizio izugarria


Mundua soilik da hartaz jasotzen duguna,
munduarekin berarekin bizi dezakeguna;
gutako bakoitza leherketa txiki bat
kosmosaren mugarik gabeko eztandan.

Eguzkia soilik da suspertzen gaituenean,
ura, bakarrik gorputza blaitzen digunean;
ekaitzaren txinparta eta burrunba ozena
baretasuna apurtzen duen dardara betikoan.

Ezinegon urduria gailendu da gaur arratsean
lur azala kiskaltzen zuen beroaren ostean
eta orduan bizi izan dugu munduaren egia.

Saiatu gara arreta beste norabait bideratzen
trumoien zarata begietatik aldendu asmoz,
baina edonon izu nabaria nahitaez hedatzen.

Batzuetan euria


Batzuetan euria
gorputzak busti gabe
irristatzen da lurrera.
Gure azalak ura uxatu
eta tantak banaka
doaz amildegira.

Halakoetan ezerk ez gaitu ukitzen,
zorigaiztoko gertaerak lotsati
aldentzen zaizkigu lurralde urrunetara,
ikusi nahi ez dugun mundu ankerra
gure begietara iristeko ahalmena galduta.

Beste batzuetan,
gehienetan, euriak
blaitzen digu arropa,
hondoratu aterpea;
amesgaiztoa barrutik ez,
zerutik erortzen zaigu.

Itzal bat besterik ez


Auditorio zabalean musika hedatzen den hala,
azken txokoraino iritsiz akorde bakoitza
orkestrak pianissimo bat jotzean ere,
eta konpositorearen asmo intimoa
entzuleen adimenera heltzen,

horrela zabaltzen da ere gure izana airean,
pareta borobil zaharraren zirrikituak betez,
asmo ahulenen indarra biderkatuz
eta eskaini nahi ez genukeena ere
adi dagoenaren sentimena astintzen.

Baina fantasia bat besterik ez dira
gure izana eta bere arrastoa,
pareta zaharra eta pinuaren itzala,
azken eguzkiaren argi zeharrak
gutako bakoitzarengan arratsero
esleitzen duen itxura gardena.

Itzal bat besterik ez gara,
musika ozenaren oihartzun iragankorra,
espazioan proiektatu zen asmo ahaztua,
bide ertzeko pareta zahar borobilaren
zirrikitu hezeetan xurgatuta.

Adagio lidiarra


Itzultze aldera egin genuen
harizko alfonbraren gainean,
biolinaren soinuak molde lidiarrean
hunkitzen gintuela,
leihoz kanpo zirimiriak
gari ernatu berria bustitzen zuela,
ezkaiaren usaina oraindik
eskuetan aditzen zela.
Pinudiko goroldioak dirdira zuen
eta zeruko laino grisek goibela,
eta guk itzultzeko beharraz
aldatu genuen noranzkoa.
Harizko alfonbra higatuaren gainean
biolin joleak jarraitu zuen
adagioaren doinua jotzen,
bideari ezin ekiteak sortu zigun
hunkidura areagotuz,
leihoaren kristaletik at
euri finak garia eta ezkaia
astiro blaitzen zituela.
Udaberriko egun heze hartan
ez zen isiltasuna izan
atzera egitea eragin ziguna.

Txoko bazterrean

Julian gogoan

Ikusten dugunaren harago
dagoelakoan egia,
galdetzen dugu behin eta berriro
nora goazen azken egunean,
non egongo ote garen
une horretatik aurrera,
noiz arte iraun lezake
loraldiaren ondoko zimeltze
astun eta lausoak.

Baina erantzuna aski ezaguna dugu,
egia txoko bazterrean baita
ezkutuan, zelatan, itxarote amaigabean.
Denbora ihesean doala dirudi,
baina landare kimua poliki dator;
lekuak elkarrekiko gertuago daude
mapak tolestu genituenetik,
baina eskailerak nekez igotzen ditugu.

Ez baitago hutsune eterno bat baino
egia benetakoagorik,
baso trinko zeharkaezina baino
erantzun zehatzagorik,
pareta zuri abandonatu bat baino
misterio agerikoagorik.
Beraz, ez galdetu lotsakor;
arretaz begiratu, usnatu eta
landare kimuetaraino nekez igo.

Han, orduan,
aurkitzen dira ihes egin zigutenak.

Hitz galduak nora…


Nora doaz ene hitzak
haizerik ez denean?
Nora begirada,
argia itzaltzean?

Hemen geratzen dira esandakoak,
mundura hedatzeko oztoporik
topatzen ez badute ere.
Isiltasunak irensten dit ahotsa,
begiekin harago ikusteko ahalegina
egiten dudanean.
Eraztuna uretara bezala
erortzen zaizkit eztarritik
irten berri diren oihu galduak
eta sartaldetik iritsitako azken izpiak.

Ez dago bidegurutzerik nire hitz aspertuentzat,
ezta norabiderik begien jakin minarentzat.

Haizerik ez, argirik ere ez.

Aztiaren ipuina

Haizeak basoan sortzen duen firfira
besterik entzuten ez dugunean,
sartaldeko bide bakartiaren gainean
eguzkiaren arrastiko izpi zeiharrek

zuri eta beltz uzten dutenean hodeitza,
orduan aztiak ateratzen du hiztegia
bere zakuto zahar itxuraz hutsetik
eta, untxiarekin bezala, hitz jokoak

egiten dizkigu esandako kontuekin.
Pim: basoa eguzki bihurtzen du, eta pam:
haizea izpi, eta pum: arrastia hodei.

Ulertzen ez diogulakoan isilik gaude,
baina badakigu bere mina ezin duela
zorion bihurtu, ezta amodio isila, ipuin.

Labar urrun hura


Ahaztu ezazu hona ekarri gintuena
–zigorrak, beldurra, jasan genuen krudelkeria–,
ahaztu bidean topatu genituen piztiak,
etsaiak, gizon-emakume koldarrak,
eta unea kontuan izan, une hau besterik ez,
labarreko gure etxetxoa,
itsaso barea eta noizbehinkako enbata,
eguzki iheskorra eta lainoaren babesa,
gauero hartzen gaituzten egurrezko ohea
eta lastaira biguna,
sukaldeko leihotik iristen zaigun
ezkaiaren lurrin idorra,
ahuntzen esnea, oilasko errea,
babesa eman digun atsoaren hitz jarioa
eta sekula ahaztu ezingo ditugun maitasuna,
hatzen eta eskuen jolasa,
isiltasuna apurtzen duen hasperena,
goizeko eguzkiaren lehen izpia;
giroa, tokia, ingurua.

Hau ere atzean utziko dugu noizbait,
baina ordurako ez gara berriro izango
orain arte izan garenak.