Zeru gardena


Desertu guztietako ostertzak
lausotzen dira
sartaldeko mendikate soilaren gainean
hodeiak jausterakoan,
haitzen arteko adaska bakanen hostoek
dar-dar isil bat bidaltzen digutenean.
Une horretan, elizetako debotoek
errukitzeko galdetzen diote
zeruetan gordetzen zaien jaunari,
eta guk, sinesgaitz,
zeru gardena besterik ez dugu ikusten,
ezkutalekurik gabea,
helezina eta ezagunegia aldi berean,
planeta guztietako desertu guztiak
zulo ñimiño batean barnebiltzen dituena.
Elizetako dorreak eroriko dira
sartaldeko mendikate soilaren gainetik
hodeiak desagertzerakoan,
eta ortzi mugagabeak jarraituko du
–helezina eta ezagunegia–
infiniturainoko gardentasun garbia
gure begi aurrean erakusten.

Atseden lekua

Hartu atseden liburu bat esku artean,
beti bizi izan baitzara fantasiazko munduan,
eta amestu atseden lekuan biziko zarela
gertueneko adiskideekin,
uste baduzu ere dena aldatzen dela etengabe
adiskidetasunak bihurrituz,
jakin badakizu ere hemen gordetako guztia
galdu egingo dela goiz eder batean
edo ilunabar trumoitsu beldurgarrian.

Utzi liburuaren azken hiru kapituluak
irakurri gabe,
orrialde huts zuriak baitira zuretzat;
utzi platerak hustu gabe –sekulan
egingo ez zenukeen bekatua–,
amaiera tristeak desertuak direlako,
utzi dena eta esan ozen
ez duzula itzuli nahi betiereko
bizitza mutilatu oinazezkora;
hartu atseden pinuaren azpian,
eseri eta begirada galdu infinitu urrun hartan,
ez dago besterik zure bidean,
ez dago besterik, atseden hartu eta isilik iraun.

Hartu atseden eta liburuaren azken hiru kapituluak
beste baterako utzi,
zorioneko amaiera jokoan baituzu,
lotsaizun berriak ez dituzulako nahi,
honainoko bidaia ase baikaitu.
Isilarazi ahots nekatuak, bizi;
ez zaituzte ezertan merezi.
Ixo, hobea baitzen fantasia.

Orainaldi itzalia


Ez didate ezer kontatu behar izan,
mapamundi zartatu bat
ikusi besterik ez dut eta
hor agertu zaizkit biluzik,
tabakalera eta epaitegiaren artean,
beste edozein kantoitan bezala,
gauero otordu baten zain
dabiltzan ile kizkur ilunak.

Robot itxurako turistez beteta
gainbehera erortzen den hirian,
mundu osora etengabe
bidaltzen dituen gazte
axolagabeen auzoan,
nazkatuta bizi garenon erdian,
burumakur eta beldurrez,
etorkizunik eta iraganik gabeko
orainaldi itzalian, broadway
eta hogeita sei karrika hartako
zorigaitza hedatuz doa.

Hiru egituren arteko sarea


Gorputza lasai, lurrean eserita,
eroso, sendo, osasuntsu,
bizitzaren hatsarekin bat eginda,
betea, osoa, erabatekoa;
hezur, gihar, erraiak soseguan.
Pentsamenduak geldo,
ideien etengabeko uholdea baretuz,
txori hegalariak nola,
buruko hausnarketak handik hona,
adarrean pausatuz eta libre alde egiten.
Hirugarren euskarria, berriz,
hutsik erabat, artegatasunik ez,
zorionik ere ez, ezta beldurrik ere,
emoziorik sentitzeko ezintasuna,
nahasmendurik larriena.
Sareak ezin nau eutsi,
gorantz eroriko al naiz?

Esan ezinezko mina

Ur berriak iragazi ditu hitzak
gure baitan, gure ahoan,
eztarriak isilarazi dizkigu
bokalak eta kontsonanteak,
belarrira iritsitako ahotsak
soinua galduz doaz
tinpanoetan barrena.
Ideiak soilik geratu zaizkigu
burmuinaren bide bihurrietan,
hizkuntzarik gabe,
inongo hitz eta esaldiri
atxiki ezinik, ezinik…

Pentsamenduak isolatuta
itsas zakarreko irla batean,
adierazpiderik ez,
ulermen mugatua,
marmar ito bat besterik ez buruan,
isiltasun lodi bat,
logikaren katebegi herdoilak
munduari lotzeko ezgauza ustelak,
eta nahigabe mugagabea
ezer idazteko unean,
Kafireako itsasarterako
hizki egokirik ezean.

Haien lekua hutsik utzi dute
ur hauetan ito diren beste
hirurogei afganiarrek,
haien alfabetoak ez die
bizitzeko balio izan,
ezta gureak ere.

Alabastroko aldarea


Honaino iritsi zinen
eta urrunago joan,
hona itzuli ere
behin, eta askotan,
artxipelagoaren
lur nagusira.

Jakinduriarako
hiri birsortua,
edertasunerako
atari eta egongela.

Ikusi nuen egin zizuten sarrera,
bizi izan nuen zure poza-algara;
beti itzultzen naiz ametsetan
utzi zeniguten paradisura.

Atsekabeak egotzi ditugu,
zutabeen azpiko zenotafioan
lurperatu eta ahaztu,
maitaleen eraztunekin bat.

Honaino iritsi zinen,
urrunago zerua aurkitu,
eta zeruko aingerua
alabastroko aldarean
gurtu zenuen negarrez
itsasarte bakoitzean.

Baina atari honetan
jaso zenuen ohorea,
jakintsuen hitzak,
poeten loreak.

Denborari estekatzea

Hamabost egun pasatxo dira
lanera azkenekoz joan nintzenetik.
Airean gelditutako galdera galduei
erantzun egokia ematen saiatu,
hogeita hamabost urtez
bulego izan dudan gelatxoa hustu
eta dozenaka gauza etxera eraman,
lagunekin bizpahiru ardo kopa hartu
eta lanera gehiago itzultzeko beharrik ez.

Hamabost egun pasa dira konturatzerako
paper zuria aurrean dudala,
neuk idazten joateko neronek hautatu irudiak.
Zirriborrorik gabeko orri hutsak,
bete beharreko taula zentzugabekorik ez,
aginduz betetako lerro astunik gabe,
marra gorri arrotz gehiagorik ez,
programatutako bizitza ahaztuta
eta iratzargailua arrunki itzalita.

Erretiroa du izena,
eta niretzat berriz estekatzea da,
bizimodu lasai bati lotzea,
atsegin dudanarekin elkartzea.
Piano soinuek osatutako harmonien garaia,
kolorez betetako koadroena,
esaldi miresgarrietako liburuena.
Denbora –ai, denbora– egin zait opari,
izan bedi ere bikain, nare eta oparo.

Antinooren mausoleoa


Mausoleotik ateratzen ari da Hadriano,
tenpluko harmaila pixkanaka jaisten,
atzean duela eraikin zirkularraren erdian
gazte lerdenaren estatuarik ederrena.

Ez zaizkio malko gehiagorik geratzen
omenezko leku sakratu guztietan
horrenbeste negar-zotin isuri ondoren,
baina hala ere begiak ez dauzka idor.

Beharko ditu legoak Artxipelagoan zehar,
beharko du altzifre ilunaren itzal luzea,
heriotzaren zain geratzen zaizkion orduak
eta hil ondoren, jainko berriaren dohaina.

Margolana: Jose Mari Zendoia

Ich bin gestorben dem Weltgetümmel


Munduaren zurrunbiloarentzat
hilda nago aspaldian,
esan lezake olerkari alemanak,
esan lezake bere abestian galdu dela,
bere amodioan, bere zeruan.

Rückerten hitzak nire egin ditut
azken asteetako zurrunbiloan,
munduarentzat hilda egon garenean.
Airean bizi izan gara,
oroimenik gabeko abestietan,
kolorerik gabeko zeruetan.

Izarrak arnasten egon gara
galaxietako kiribil heldu ezinetan,
Basati ibili gara, larrugorri,
ezer aurkitu gabe, irribarreen ifrentzuan,
mundutik aldentzen,
munduarentzat galduta,
munduaren zurrunbiloarentzat hilda.

Orain toki erosoan atseden hartu dut:
leku honek behar nau hasteko berriz;
pinuek eta ezkaiak abestu didate
hemendik ekingo diogula guztiari.

Erbestea


Itsasorik urrunenera igorri nuen arima
mundu honetako erresuma galtzean,
gure zorigaiztoko aberriaren bizitza
etsipenez ahitzen ikusi genuenean.

Barne artxipelago galduetako arroka biluzietan
eta kanpo aldeko uharte urrunenetan
jarri nuen esperantzaren adar berria,
hezetasunaren laguntzaz lora zedin
etorkizuneko udaberri hobe batean.

Non zegoen ordea lurralde urrun hura,
non gorde nuen haren aztarnarik leunena?
Erneko da agian ipar atlantikoko uhartedian,
sortuko ekaitzen arteko eguzki hotzetan,
guregana heltzeko aparren gainean
olatuen indarrez, beste behin bizitzeko indarra.

Izate izanari uztea


Bizirik hezurrean
Gure bihotzeko poesiarekin,
Eskuetan, biztanleria alderraiaren gaitasunak,
Eskatzeko, sentimendu ezezagunen artean bizi nintzen.

Eskuetan duzun hezurrean
Gure bihotzeko poesiarekin,
Sentimendu ezezagunen artean bizi nintzen,
Eskatzeko, biztanleria alderraiaren gaitasunak.

Sentimendu ezezagunen artean bizi nintzen
Eskatzeko, gure bihotzeko poesiarekin,
Eskuetan, biztanleria alderraiaren gaitasunak,
Bizirik hezurrean.

Gure hezurrean bizirik
Sentimendu ezezagunen artean bizi nintzen,
Eskatzeko, gure bihotzeko poesiarekin,
Eskuetan, biztanleria alderraiaren gaitasunak.

(adimen artifizialaz lagunduta)

Delfos

Clementina Arderiu

Delfos

 

DELFOS

Clementina Arderiu (1889-1976)


I el record encara
—tossut, insistent—
al camí m’atura;
m’envolta d’imatges
que obsedeixen folles
com un cop de vent.
L’olivar de Delfos
tinc davant dels ulls!
Magnes oliveres
—com mai en veuria—
cap a mar davallen
assajant orgulls.
Cadascuna impera
en el seu replà,
l’aigua de Castàlia
les feia ufanoses:
Catedrals!, diria
jo —si en puc parlar.
Triomf de la terra
plena de saó!

Un sol cop us veia
mai us oblidava.
Tamborins i flautes
diuen la cançó.
De la vostra empenta,
de la vostra plata,
la tonada porta
tenaç lluïssor.

Octubre 1968
DELFOS

Clementina Arderiu (1889-1976)
Itzulpena: Jose Mari Zendoia

Eta oroiminak
—setati, gogor—
gerarazten nau;
irudiez lotu
erokeri grinez
haizekadak lez.
Delfosko oliboak
begi aurrean!
Olibondotzarrak
—inoiz ikusiak—
itsasora maldan
harro saiotan.
Bakoitza nagusi
bere lautadan,
Kastaliako urak
bertan alaituak:
Katedralak! neuk
—berbarik banu.
Lurraren garaitza
oparoz ase!

Behin ikusi eta
inoiz ahaztuak.
Txistu-danbolinek
kanta erranez.
Zuen bultzadaz,
zuen zilarraz,
doinuak darama
distira sendoa.

1968ko urria
Delfos

Liburuetatik bizi ginenean

Kuartelera bidaltzen nizkion gutunak
lehen letrarekin sinatzen nituen,
distira beteko buzoian mundura bidaliak,
hiztegiarekin jarraitu beharreko esaldietan
berreskuratzeko izango genuen
denboraren bila aritzen nintzaion.
Berak panpina eta senar ohia ditu gogoan
eta itsasoko hondartzaren uda torridoa,
eta etxezain izandakoarekin harreman arinegia,
eta hazten ikusi zuen herriko auzune txiroa.

Buelta osoa eman nahi diot orain bizitzaren izara zuriari,
hitzaurrea amaierara eraman eta
bukaerako grina leheneratu hari bati josia.
Gero hasi naiz zirriborro dekoloretuen paperan
kuadrikula berriro markatzen,
eusten gaituen sare higatuari
pisuzko hitz sekretuak axolagabe botatzen.
Sinadura zaharraren lehen letra
zuloetatik erori da postontzi alegiazkora.

Ez dakit non bilatu

Ez dakit non bilatu
armiarmak irinetan utzitako sarea,
mapamundian bueltaka dabilen meridianoa,
nire baitako existentziaren muina,
hiztegiko sarrera ezezaguna,
eroritako tanta bakanen lurrina,
udako enaren hegaldi galduak.

Mahaigaineko liburuaren azalak
ortzadarra opari niretzat
udazkena heldu den arratsean.
Bertan ezagutu dudan idazleak
olerki bakartia edertasunari emana
negua hurbildu duen egurats beltzean.
Ez dakit non bilatu…

Garaipena

Zorioneko hegaztiak bere errautsak lurrean utzi
eta hegatzeari ekin zion supituki,
ahuleziaren gainetik zabaldu zuen indar gordea.
Nagiaren aurkako gudu latza zuzendu zuen
hanketako erpe zorrotzen bitartez,
ezikusia izatera bultzatu zuten koldarrak
atzaparretan airean eutsita zeruan.
Purpurazko luma erraldoiak geratzen ziren
abiadurarik gabeko flotazio geldoan
eta begirada sakoneko hariak barreiatu zituen
lautada zikin hartako biztanleengan.
Huraxe izan zen hegaztiaren garaipenik behinena.

Bidaietako oroimen


Egin ditugun bidaia guztien argazkiak
galeria batean eskegiko bagenitu
bi mundu adierazteko helburuz,
egun haietako oroitzapen lausoak
eta gela zabaleko argi izpien jokoa,
leiho gardenetako hutsuneak islatuko luke
alde batera zein besterako bizinahia.

Tranbia urrunetako hezetasun goibela,
urdin indigo ura erdibitzen zuen ferrya,
sumendi azpiko errepidean utzitako autoa,
denak ditugu gogoan irudiak ikusterakoan,
baina eduki genuen aurrera egiteko grina,
hona ekarri gintuzten urrats haietako bakoitza,
eskegita geratu dira pareta zurietan, indarge.

Ez ginen ausartegiak izan bidaia luzeetan
ez baikenituen doinu ozenegiak maite,
astiro joan ginen, eta otzan, eta isil,
guretzat distortsionatutako mundu latz hartan,
ustekabean jasotako opari gozoak dastatuz,
trena noizbait geltokira berriz iristeko zain,
maletak jaso eta etxeko txokora lotzeko irrikaz.

Basamortuen isiltasuna, oihanen soinua,
ziutateen zarata bizien oihartzun disonantea
entzun ahal izango ditugu etorkizunean,
galeriako paretak biluzten ditugunean!

Literatura martxan lehiaketa

Ibarren artean

Labore zelai berde ilunak udaberrian
Egaibar eta Argaibar arteko bidean,
berunezko hodeitza berandutua
arratsaldeko lehen ordu ilunantzean.

Lautadara eroritako hegietan barna
isurtzen datorren uztaren usaina
oraindik ernatzen ari galburuetako
hari hauskorretan kulunkatuz samina.

Buseko leihora eserita noa bidaian,
pinudi urruneko lerro beltzaren altzoan,
haragoko mendi sortaren barean.

Haize errotek biraka birsortzen indarra
ordu luze honen kolorezko bakean,
hala sortuz gogoko hitzaurre zilarra.

Gehiegikeria

Egun epel herriko plazan,
gau hotzaren atari,
garagardo upelak eztarritik behera
mahai inguruko aulkietan.

Aho beroaren ondoko ziztadak
irentsi ezineko biharamuna,
oroitzeko mina gorputzean,
itsututako gogoeten orea.

Ispilua aurkitu dut mendien iparraldera,
itunaren izen bietako bestean,
zuhaitza, harri ugari, izarra, izena.

Bederatzi urtean behin han sartu
eta bizirik ateratzeko ahala.

Oka egin behar izan nuen
zuloan ez itotzeko.

Katastrofe berritua

Barre zuria, non barre den apar,
ur-mendiak inoiz erabili gabeak
beherantz, indarrez desegiten
haien gailur herabeak,
katastrofe berritua algara bakoitzean.

Hitz-joko neutrala dirudi
hondarrezko gazteluaren harresiak
azpijokoaren tontorra nekez lehertzean,
baina uso beltzak zapaldu du sarea
eta mokoarekin zartatu makila.

[Nahia bizi dugunok olatuak gidatzen
amildegi ilunetik argitasunera]

Zenbat faltsukeri bildu genuen ertzean
ez azaltzeko egia, ez ikusteko zauria,
itsas bazterreko nagikeri hezean
jardun guztien azken atarian…