Munduaren zurrunbiloarentzat
hilda nago aspaldian,
esan lezake olerkari alemanak,
esan lezake bere abestian galdu dela,
bere amodioan, bere zeruan.
Rückerten hitzak nire egin ditut
azken asteetako zurrunbiloan,
munduarentzat hilda egon garenean.
Airean bizi izan gara,
oroimenik gabeko abestietan,
kolorerik gabeko zeruetan.
Izarrak arnasten egon gara
galaxietako kiribil heldu ezinetan,
Basati ibili gara, larrugorri,
ezer aurkitu gabe, irribarreen ifrentzuan,
mundutik aldentzen,
munduarentzat galduta,
munduaren zurrunbiloarentzat hilda.
Orain toki erosoan atseden hartu dut:
leku honek behar nau hasteko berriz;
pinuek eta ezkaiak abestu didate
hemendik ekingo diogula guztiari.
Leku erosoan berriro hastea…