Eskulanak

Galtzak konpontzeko oihala moztu
eta mahai gaineko lanpararen ondoan utzi,
noizbait erabili ahal izango den txatala.
Horrela maisuen lanei kendutako hitzak,
orri zikin batean jasoak eta denborari emanak
esanahia aire epelean lurrindu dadin.
Hirugarren pertsonan geratu ziren denak
mendeetan galduak, hura edo bestea,
iruzurra egin zigutenaren txinparta
burutik kendu ezin genuela.
Bi mila urtez iraun zuen amarru hartan
arrazoia eta jainkoak nahasten ziren erruz,
eta guk ez genekien nola jokatu,
den dena arrazoituz ala otoitz zentzugabeetan ito.

Erabaki genuen oihal zati zaharrak
erabiltezinak zirela aurrerantzean,
horrela bota genituen zakarrontzira
esaldi zentzugabeez betetako orriak.
Ez baitu zentzurik trabeska geratzeak
gizakion gaitasun ahalguztiduna
kolokan jarri zuten kontraesanez betetako
jakintsuen tratatuak ulertu nahian.
Ziria sartu ziguten akademietako zuzendariek
egiaren iragazkitik zentzu bikoitzeko
pentsaerak indarrez sartuta.
Halakoa izan da ideien historia,
esku gutxitan utzitako gezurra,
aho nazkagarri gutxik oihukatutako
egia ustez sendo engainuz betea.

Ur nahasi honetan iritsi ziren portura
gure arbaso hurbilen barkuak,
olatuen indar ezkutuari eutsiz
begi bistako eguzki fidagaitzaren argitan.
Korronteak atzera eramaten zituen
nekez aurrera arraun egindako bidean,
indar beltz batek xurgatzen gupidagabe
zentzumenek erakusten zuten guztia.
Nork irabazi lehia, nor ur beltzetan ito.
Anbrosiazko beste kopa bat eskaintzen zuten
sofisma kamutsen maisuek goizean,
pozoi hiltzaile bihurtutako kopa dotorea
iluntzeko azken eguzkiaren argiantzean.

Eta nik entzun behar izan nuen azkenik
azpijokorik egon ez zela,
liburuetatik lapurtutako aipu trebeak
lehen aldiz sortuak zirela,
arau garbien betiko arrakaletan
izenik ez zuela pasarazi haizeak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: