Dena erortzen da ekaitzaren ondotik,
hamarkada gehiegitan eutsita
zama astunegiaren min gordea,
lanbrotan poliki izoztu zen so tristea,
despedida zaharretako besarkada hotzak.
Nola itzultzen diren galdutako irudiak
pelikula batean berriz ikusten zaitudanean,
nola beste behin elur jauziak irensten nauen
zure begirada okerra dardaraka hastean,
nola etengabe bueltatzen garen hona.
Patetikoa izango zen zure aurpegiera
horrenbesteko lastima eman izan ez balu,
baina haizezko malkoak isurtzerakoan
ikusten ari zinena lurrintzen zen ere.
Masailezur uzkurtuen keinu goibelari
lore ustelen kiratsa zerion egunsentian,
etxeko aldaparen kantoiko harrizko paretan
sorbalda nekatua bermatzen zenuenean.