O!, beste behin ere asaldatzen
eta aldi berean saminez
erakartzen nauen itsasoaren zaratak,
ur handi beltzaren burrunba ozenak
erasotzen du nire barnea!
Nire lasaitasunaren aurka datoz olatu bortitzak
gaueko iluntasunean, eta haiekin
apar tantak bigunki argiztatuak,
faroletako izpi bustiak.
Beldurra pasa dut itsaso ondoan ibiltzen,
izua mamu indartsuaren orroa entzuten,
eta dar-dar latza petrileko gizon bakartiak
neuk ikusten nuen hori ere
ari zela begiratzen.
Nire uste zaharrak kolpatuta daude,
galduta agian belztasun larrian,
eta berriak ez ditut inon topatzen.
Alde egin nahian nire bakartasunera,
orain nire bakartasunean nago
paseo berrian ekaitzaren ondoren.
Ia inor ez dabil gaueko hamabietan
atzo zatarraren eta bihar oparoaren arteko hutsunean.
Aste honetako denboralea baretzeko itxurarik ez,
itsaso zakarrak gizaki beldurtientzako itxi ostean
oraintsu ireki berria da bidea,
olatu erraldoien aztarna txikerra zeharkako begiradapean
eta hala ere ozeanoak beldurra ematen jarraitzen du oraindik.
Nire bakardadearen inguruan
gizonezko gazte bat zegoen bakarrik
barandatik uretara begira bere bakardade propioan,
eta aurreragoko arroka gainean beste hirugarren bat,
ihesbideren batetik etorri bezala.
Ez dakit zertan dabiltzan, gabiltzan:
nik uste, lagun baten bila ordu beldurgarrian,
itsasoaren atzapar hiltzailea baino
eraman ezinagoa baita bakartasun gordina.