Isiltasun ikaratua

Gauaren beltzena iritsi aurretik,
leihoko kristalean lehen sits eta mamorro hegalariak
lekua hartzen hasten direnean,
hegal zarpail marroixkak astintzen dar-dar,

izar bat, beste bat jarraian,
gau haietara bidaiatzerik denean
zalantza, itxarote, dei jaso gabeak,
oihu latz trenkatuen samina.

Ilargi betea atera liteke ere
mendi gailurreko basoaren atzean
gorri beltz, itzal, krater,
zuloen barruan gau haiek.

Beldur naiz ez dudan oroitzen
itsas ondoko bideak, gauen
zirrara, isiltasun ikaratuak
zure ezpain estuak ezintasunez estaltzen.

Su bizi gaua

Argiak egiten du dena.
Mendi artean, basamortuan edo kalean.
Argia da bizitza, indarra, beroa, poza.
Eguzkia oraindik hemen dugu, gaur, gurekin,
urteko gaurik motzenari hasera noiz emango diogun zain.
Suaren argia ere badugu gurekin, gaur,
gaurik motzenean egunsentia hurbilduz.

Lizarraren hostoen artean iragazten dira azken argi izpiak,
etxeetako leiho ilaretan islatzen da eguzki beherakorra.
Su biziak argiztatzen du plaza.

Ate joka dator udara
egunak laburtzen joango dira, gauak luzatzen.
Ez izan kezkarik, gaurko eguzkiari urte osorako indarra dario,
gaurko gau laburrak du argitasun goiztiarraren itxaropena.
Etorriko dira gau amaiezinak,
kandelak dardarka piztuko ditugu
beldurra uxatzeko,
atsekabe beltzak noizbait harrapatuko gaitu
eta arrapaladan eramango. Nork daki!
Baina gaur ez,
gaurko gauean giroa piztu dugu txinpartez,
eta berpiztuko dugu behar den aldiro,
gaua luzeagoa izan ala ez.

Badatoz suziriak,
badator jendea handik eta hemendik.
Atera zulo beltzetatik kalera,
utzi leizeak eta etxe barruak,
atzean laga iluntasuna
eta elkartu gurekin,
argiak eutsi eta ilunak amore ematen duen gau honetan.

Argiak egiten du dena,
baina batez ere,
argia ikusteko eta sentitzeko moduak.
Bidea argitzeko sugar txiki bat daramagu barruan,
amets galdu eta asmo aurkitu berrien artean tolestua,
sugar handi bilakatzen dena guztiok plazan elkartu orduko.
Sugar txiki, sugar handi: denak plazara, denak dantzara!

DSC_0800

Laztan antzuak

Hatz puntetako azala narraska
zura leun bernizatuaren azaleran
ohar antzemanezinak izkiriatuz,
seinale ikusezinak adimenaz igartzen

ukitze sentikor arin eta trinkoaz.
Hatzak, eskuak barreiatzen dira
beste eskuek landutako geruzen gainean,
poliki, perfekzioa barruraino sentituz.

Hala joan zen ere nire gogoa
hainbat maitaleren azal leuna haztatuz,
astiro, perfekzioan erortzeko asmoz.

Han-hemenka utzita laztanen arrastoa,
ez nuen sekula seinale ikusezinik jaso,
ez ohar ahazkorrik utzi gorputz oparotan.

Ertzetatik

Bizitza bezalakoa den orrialde honen ertzetatik zoaz bidaian, eta den dena zuria da, ezin duzu idatzitako zatian sartu zuretzako idatzi ez zelako, eta ezin duzu ere orrialdetik ihes egin jauzi luze batean. Horregatik jarraitzen duzu bazterretik bueltak ematen, eta beti leku berberera eramaten zaituen labirinto batean bizi zarela ohartzen zara, etengabeko itzuleran erabat harrapatuta zaudela, edozein lekutik begiratuta ere, linbo moduko batean atzitua geratu zarela, gainezka dagoen mundu baten eta existitzen ez den beste baten artean.

Eta bat-batean, egun batean ikusten duzu ertzetan ere bizitza badagoela, dirudienez norbaitek ohar bat zirriborratu zuen orrialdearen izkinan telefonoari kasu egiten zion bitartean, eta paperaren zuriaren gainean nabarmen markatutako hizki eta zenbaki batzuk aurkitzen dituzu, eta haien artean gelditzen zara zure basamortuan oasi bat aurkitu izan bazenu bezala, eta mezuaren ikurrak ulertzen saiatzen zara, izaki estralurtarrek idatzitako zeinuak bailiran: garajera deitu zazpiak baino lehen. Eta bizitzaren ertzetatik bidaiatzen jarraitzea erabakitzen duzu.

Igarotzea

Igarotzea, gorputza

Hegazti txikitxo bat
ezkien adarren artetik
igaro da
goizaldeko lehen argiak
zeruaren iluna urratu aurretik.

Igarotzea, gogoa

Ezkien beste aldean
orbela hezearen gainetik
igaro da
goizaldearen gogoa
nire iluna zugana eramanez.

Igarotzea, zirrara

Orain atzera datorren
sentipen guztien zirrara
igaro da
goizalde distiratsuan
gorputza eta gogoa zartatzen.

Labana gurituaren ezina


(Haxixaren ondorioa, Pasquale Liotta, 1875)

Burdinolako ingudean
errementariak indarrez baina lasai
landutako eskulanen artean,
aizto, labana, ezpata, sastakai, eztenak.

Urrezko txanponez ordainduta,
labana jauregira ekarria,
belusezko zapiaren gainean eder,
bitrinaren erdiko arasan.

Labanaren altzairuzko xafla
–mehatxu eta distira bere leuntasunean–,
ustekabean bigundu da,
Dalíren erlojuen antzera.

Zeregin eta helbururik gabeko
arma alferrikakoa,
inoren bihotzera iristeko ezgai,
bularren artean guritua.

Hala, haren bihotzera heltzeko
ezintasun zabarra,
lorategi erdiko iturriaren ondoan
bi hitz galant esateko nagikeria.

Goiko pisuko leihoa

Goiko pisuko leihoa da
museoetako koadroa bezalakoa.
Lirudike orduak pasa ahala
ez dela ezer aldatzen,
emakumeen gorputzak ez direla mugitzen,
gizonen aurpegierak betiko izoztu direla.
Hodeiak betiko lekuan,
eta eguzkiak, poliki jaisten bada ere,
argi mugiezina jaurtitzeko itxura du
goiko pisuko leihotik begira nagoela.

Bizitzea ez da ezer, itxarotea besterik.
Zaparrada bat iritsiko da noizbait,
hego haizeak, zakar baina ziur,
ekarritakoa, gozagarria.
Bitartean irautea, egonarria, laino trinkoa.

Harrizko bihotza

Ez nuen pentsatzen.
Ezertan ere ez.
Bereziki barrua erretzen zidan hartan.
Ez pentsatu.

Aurrera jarraitu, herabe,
errugabearena egiten,
egia alkohol kupeletan gordeaz,
ur uherretan usteltzen zen arte.

Musika gorgarria zarata jasanezin bihurtuta,
zeharkako begiradak saihestuz infinituan,
hala iraun nuen morroi hautatuen ondoan
eta beste guztien –emazte, adiskide, aurkarien– alboan,
egiten nuena birritan pentsatu gabe.

Ezin izan nuen asmatu
axolagabekeria hartaz
beste guztiak errudun bilakatzea besterik.
Amarrua, amorrua, koldarkeria zuria.

Bideak banatu zitzaizkigun ekaitzpean,
eta nire harrizko bihotz zalantzatiak
agur esan zizuen gaur arte
barkamenerako aukerak herdoiltzen.

Igeritan gauez

Afalondoko pattarra,
iluntasuna,
pareta igo eta beste aldera pasa,
gaua, igerilekuko ur beltza,
arropa kendu, bazter batean utzi eta, azkar, buruz behera uretara bota,
epeltasuna, eguneko beroa uretan gordea,
arrastorik utzi nahi ez, baina uretan galdu nuen espartina!
izarrak, hodei bakanak, haize arina,
zuhaitzen murmurioa eta hosto bat ur gainera,
belztasunean murgildu besoez lagunduta,
jolastu isilean, udako plazera,
norbaitek pekatuan harrapatuko gintuen beldurra,
berrogei urte beranduago abesti batek gogora ekartzen dit
gaueko bainua, aspaldikoa,
malkoak ere epelak dira, iluntasunean sortuak.
Biharamuna, argiak indar berritua du, itsutzen nau,
Nightswimming deserves a quiet night, Rem.
___________

Logalea joan zitzaidan, eta gorputzekiko grina etorri,
bertan iragan genuen azken urtean printze zalduna zegoen,
baina aurrekoetan nor zen erakartzen ninduena?
Lehenengo urtean ahots lodi bat izan zitekeen, bigarrenean ideiarik ez,
taldeko inertziak ninderaman
baina bazegoen beste zerbait, deskriba ezina, oroitezina den zerbait.
___________

Magia ere bazen txaleteko lorategian sartu beharra,
Oporretako etxean jaberik ez uztaila hasierako gauetan, hutsik ingurua.
Izuari aurre egitea, gerta zitekeenari onespen aurreratua.
___________

Eta orain konturatzen naiz zu ez zinela han,
baina edozein modutan garai hartako gauen aztarna datorkidanean,
nire oroimenean agertzen zara iltzatuta.
Nolabait, piszina epeleko gau haiek
eta zurekin igaro nituen beste hainbat
berdintsuak ziren, dira,
haizeak lehor utzitako giroa,
hodei korrikalarien arteko ilargi handi distiratsua,
zuhaitzetako lehen hosto eroriak…
zurekin ere halakoak egin nituen
garagardo bati eta beste bati lotuta.

Berbena guztietan jartzen zuten abesti zaharra,
behin eta berriz errepikatu zenuena.
Gau lasaiak izan ziren haiek denak.

Orain ausardiarik ez,
desagertua zure irudia nire gorputzetatik,
bizitzak eramanda ur beroa putzuetatik.

Barne mundu ezkutua

Bailara osoa lainotzen hasi da,
gure bazterrak, eta gure baitako bazterrak ere,
diskreziogabeko begiradetatik ezkutatzen.

Eskerrak burutik pasatzen zaiguna,
burmuinean sortzen ditugun ideia eta pentsamenduak,
hor gelditzen direla, neuronek helduta.
Zenbaitetan guretzat ikusezin,
baina besteentzat betiere eskuraezin
guk atea zabaltzen ez dieguno.
Zer izango litzateke mundu guztiaren aurrean,
agerian geratuko balira gure usteak,
gogoetak, maitasun-gorrotoak?
Nolakoa litzateke gizartea, nolako gutako bakoitza,
barruan gordeta ditugun hausnarketak,
bapateko burutazioak, epe motzeko edo luzeko asmoak,
sentipen intimoenak,
den denak besteen aurrean
trabarik gabe ikusgai egongo balira?

Gure bazter miresgarriak
lainotu egiten ditugu besteengandik babesteko,
aurrera egin ahal izateko, bizirauteko.

Liburu arteko zirrara

Ez zuen inongo liburutik jaso behar izan,
nolabait, ordura arte irakurritako testu guztietan
zirrara bera topatu baitzuen:
lerro artean, noizbehinka orrialde bat pasa eta berehala,
paragrafo baten oihartzun urrunean,
hango esaldi erdi galduak zekarkion ebokazioan.

Greziako jainko mitologikoen Olinpoan
edo Manhattango estoldetako kiratsetan,
modako abestien letra errepikatuan
edo hondartzara eramandako eleberrian
beti aurkitzen zuen, bilatu ala ez,
ilunabar epeletako samin eraman ezina,
gaueko orduen isiltasuna,
bakardadearen edertasuna:
bizitza beraren zirrara.

Zutabe eroriak


Hasieran lur laua zen, oparoa.
Animaliek populatu zuten lurra, gizakiek.
Eta jainkoak asmatu zituzten,
eta haientzako aldareak eraiki,
tenpluak jaso.

Mailadia eratu zuten, eta gero
zutabe guztiak aldi berean
altxatu zituzten, tinko.
Fortunaren izenean otoitzak jaso zituzten izarretara,
eta bertuteen apologiazko esaldiak
grabatu zituzten tenpluetako frontoietan.

Gero, suntsituak izan ziren, denak,
gizaki harroak, haien apaizak eta etxeko animaliak,
eta tenpluen sabaiak erori ziren,
zutabe batzuk ondoren, kapitelak lurrera.
Zutik geratu ziren zutabe bakanak
handikeriaren lekuko bakarrak dira,
lur lauan eraikitako aldare hutsalen
zentzugabekeriaren erakusle.

Baina zutabe baten ertz higatuak,
friso erori baten moldura urratuak,
edertasun galduaren oinordeko dira ere,
perfekzio nahiaren arrasto gaurkotuak,
jakin-minaren eta irrikaren irudikatze isilak.

Sapa astunaren orduak

Eguerdi ondoko lehen ordu udatiar luzeetan
beroa poliki dator beheraka astun eta pisu
eguzkiak parabolaren beheranzko bidea hartzean
euliek aire trinko kiskalian lekurik ezin hartu.

Astiro desagertu dira kaleko soinu alaiak
umeen negar zotinak edo irri algarak isildu
errezeletik bestaldera somatzen den guztiak
mundu honetako ezaugarri oro ditu galdu.

Arnasaldi luzatu bakoitza baretasun ikur
itzalean botata nago beste hoberik ezean
bitartean bizitza zain da bere unea iristear.

Eta ordu udatiar luze hauetan bizi ditut
bizitzako plazeraren fruitu mardulenak
ezer ere ez itxarotearen gozotasunean.

Isilunea


Isilunea.
Hitzik ez, soinurik ez.
Gorrotoa, asperdura, ezin aipatzeko grinak,
arrangura, nazka, higuina.
Hitzik ez ezer azaltzeko.
Doinurik ez abesteko.
Garrasirik ez, ezta hori ere.
Beharrik ere ez.
Mina, irrika, desio jasanezina,
adierazi ezinezko haserreak.
Odol beroa ahotsik altxa gabe,
ahoa ireki gabe.
Amorrua, gordeta.
Liskarra asmoan, muturra tenk,
errietarik ez.
Isilunea,
isilune pisua,
isiltasunaren indarra,
hitzik, oihurik gabeko bortxa.
Soinurik ez, doinurik ez,
ekaitza iristeko barea,
oldarra aurreko etena,
beldurtzeko tartea,
itxaroteko unea,
dena bukatzeko aukera.

Ihesean, atseden

Gero eta zailago denean
erabilitako baliabide bakoitzari
etekina ateratzea,
gordetako aberastasunak
irabazi handiagorik ematen ez duenean,
ez itxaron dena bere kabuz suntsitu arte,
ez espero jardun berri zoragarririk.

Horren ordez,
sartu poltsa batean janzteko zerbait,
hortzetako eskuila, txano bat,
margo batzuk eta orri zuriak,
alde egin edonora, edonola,
autobus konpainia merke bateko txartela erosita
edo errepidean stop eginez,
alde egin, edozer da urruti
bizitzari benetako balioa ateratzeko orduan,
edozer da ona, egoki, eder,
hartu motxila eta mugitu,
hartu margoak, orria, eta bertan geratu…
Etengabeko ihesa,
mugarik ez duen irrika urduriari aurre hartuz,
ez baita ihes, koloreekin orriak margotzen badira,
ez baita amets, errotutako atsedena baizik.

Liebesträume


Kolore batek bestera narama,
orainaldi luze honetan
Rubiken kuboari azalerak biratzen,
esku arteko osagaiak lerrotu nahian.

Ur urdinetan nago, zeru garbiaren azpian,
edo garagar soro agortu baten erdian
unibertsoa okre hori bihurtzen denean,
bestela, udaberriko baso berdeek estalita.

Nota batek bestera narama,
eskalaren harmoniari akorde disonanteak lapurtuz,
doinuaren eta erritmoaren mugimendu konpasatuan,
tarteka oldartuta, tarteka haize leunak eramanda.

Zuri-beltzaren gainean kolore infinituak.
Hamabi noten artean musikaren osotasuna.
Maitasun ametsak, gauez,
koloreak laztantzen, doinuak gorpuzten,
kontsolamendu bila.

Nola


Argi handiegia munduaren gainean,
argi itsugarria.
Nola ikusten diren gauzak, nola,
hainbeste argiren azpian,
hain izpi indartsuen garretan.
Ura ozeanoan harri puska bat kolpatzen,
mendixka estaltzen duten sasietako loreak,
haizea, ikusezina izanik ere, bazterrak astintzen,
nola ikusten ditu gauzak
nire atzean eseri den horrek, nola,
inork ez badio azaldu koloreen esanahia,
inork ez badio erakutsi naturaren indarra.
Nola atzematen ditu hango beste gazte goibelak,
arroken gainean galduta, antza,
oinazpian zapaltzen dituen harrixkak
eta haien arteko zuloak.
Nola jasotzen ditugun guretzako
arnastutako bafada,
hausnartutako ideia zaparrada
eta honek utzi zuen gogoeta hezea,
nola zurrupatzen ditugun
liburuek zabaldutako bihozkada mingotsak
eta dardara ilunak.
Ez baitakigu nola,
–argi gehiegi ezer gutxirako–
adimenak ez digu erakutsiko
nola
hunkitzen gaituen printzaren koloreak, indarrak.