Etxera datorren bidean mendia eusteko murrua,
pareta-belarra, bitxiloreak, sasi-sastrakak;
landareek jaten dute dena kale ondoko oihan txikian.
Bi neskatilek daramate kuia berde handia:
zuhaitz artean txanogorritxu bakarra ez,
bi ahizpa dira elkarren ondoan, amonarenera.
Uda hondarreko egunen azken argia desagertzen
mendebaldean, itsasoko lanbroa sartzen den lekuan
bihar arteko bizitzaren izpiak berarekin eramanez.
Gorosti-lore ximel bat hartzen dut murruaren gainetik,
bi harri koskor bidearen ezkerreko ildo lehorretik
eta airea, biriketara, arratsalde gorri honetatik.
Idazmahaian harri koskorrek argi propioa iluntzean,
lore ximela belusezko iturri zuria sukaldeko txokoan,
eta airea, arina, garbia, antsietatez jasoa, orain
gau hezearen iluntasunari ordainetan itzulia.