Orain isiltasunaren aroa,
ahaleginak bere espazioa irabazten duela.
Gauza txikien garaia, txikiagoenena.
Ustekabeko eztandan lehertuz
gertakari bakana,
zubi erditik begira azken argi gorrizta,
bat-bateko unean eraikitako
arkitektura burujabean.
Berriro ere arrunkeriak horren ondoren,
gauzak: mineralak eta animalia otzanak,
landare mugiezinak,
pentsamendu nagiak. Gauzak,
sonatak eta eskulturak, are,
gauza guztien kosmos zabala.
Asmatutakoak segidan,
nola ba ukatu haiei izatearen erresuma,
geuk eskatuta hortxe badaude
kanpandegiak eta errotak
geure begiez aztertzen?
Baina gauza txikiagoen aroa da hau,
hodei batean biltzen diren asmoak,
zubi izateko marraztutako zirriborroak,
arrapaladan lapurtutako elkarrizketa hutsalak,
orain, hemen, zerbaiterako ideiak
pizten dituzten tximista isilak.
Dena da huts, egiteke, jomuga,
gorpuztuko diren izate birtualak.