Harrizko bihotza

Ez nuen pentsatzen.
Ezertan ere ez.
Bereziki barrua erretzen zidan hartan.
Ez pentsatu.

Aurrera jarraitu, herabe,
errugabearena egiten,
egia alkohol kupeletan gordeaz,
ur uherretan usteltzen zen arte.

Musika gorgarria zarata jasanezin bihurtuta,
zeharkako begiradak saihestuz infinituan,
hala iraun nuen morroi hautatuen ondoan
eta beste guztien –emazte, adiskide, aurkarien– alboan,
egiten nuena birritan pentsatu gabe.

Ezin izan nuen asmatu
axolagabekeria hartaz
beste guztiak errudun bilakatzea besterik.
Amarrua, amorrua, koldarkeria zuria.

Bideak banatu zitzaizkigun ekaitzpean,
eta nire harrizko bihotz zalantzatiak
agur esan zizuen gaur arte
barkamenerako aukerak herdoiltzen.

Igeritan gauez

Afalondoko pattarra,
iluntasuna,
pareta igo eta beste aldera pasa,
gaua, igerilekuko ur beltza,
arropa kendu, bazter batean utzi eta, azkar, buruz behera uretara bota,
epeltasuna, eguneko beroa uretan gordea,
arrastorik utzi nahi ez, baina uretan galdu nuen espartina!
izarrak, hodei bakanak, haize arina,
zuhaitzen murmurioa eta hosto bat ur gainera,
belztasunean murgildu besoez lagunduta,
jolastu isilean, udako plazera,
norbaitek pekatuan harrapatuko gintuen beldurra,
berrogei urte beranduago abesti batek gogora ekartzen dit
gaueko bainua, aspaldikoa,
malkoak ere epelak dira, iluntasunean sortuak.
Biharamuna, argiak indar berritua du, itsutzen nau,
Nightswimming deserves a quiet night, Rem.
___________

Logalea joan zitzaidan, eta gorputzekiko grina etorri,
bertan iragan genuen azken urtean printze zalduna zegoen,
baina aurrekoetan nor zen erakartzen ninduena?
Lehenengo urtean ahots lodi bat izan zitekeen, bigarrenean ideiarik ez,
taldeko inertziak ninderaman
baina bazegoen beste zerbait, deskriba ezina, oroitezina den zerbait.
___________

Magia ere bazen txaleteko lorategian sartu beharra,
Oporretako etxean jaberik ez uztaila hasierako gauetan, hutsik ingurua.
Izuari aurre egitea, gerta zitekeenari onespen aurreratua.
___________

Eta orain konturatzen naiz zu ez zinela han,
baina edozein modutan garai hartako gauen aztarna datorkidanean,
nire oroimenean agertzen zara iltzatuta.
Nolabait, piszina epeleko gau haiek
eta zurekin igaro nituen beste hainbat
berdintsuak ziren, dira,
haizeak lehor utzitako giroa,
hodei korrikalarien arteko ilargi handi distiratsua,
zuhaitzetako lehen hosto eroriak…
zurekin ere halakoak egin nituen
garagardo bati eta beste bati lotuta.

Berbena guztietan jartzen zuten abesti zaharra,
behin eta berriz errepikatu zenuena.
Gau lasaiak izan ziren haiek denak.

Orain ausardiarik ez,
desagertua zure irudia nire gorputzetatik,
bizitzak eramanda ur beroa putzuetatik.

Barne mundu ezkutua

Bailara osoa lainotzen hasi da,
gure bazterrak, eta gure baitako bazterrak ere,
diskreziogabeko begiradetatik ezkutatzen.

Eskerrak burutik pasatzen zaiguna,
burmuinean sortzen ditugun ideia eta pentsamenduak,
hor gelditzen direla, neuronek helduta.
Zenbaitetan guretzat ikusezin,
baina besteentzat betiere eskuraezin
guk atea zabaltzen ez dieguno.
Zer izango litzateke mundu guztiaren aurrean,
agerian geratuko balira gure usteak,
gogoetak, maitasun-gorrotoak?
Nolakoa litzateke gizartea, nolako gutako bakoitza,
barruan gordeta ditugun hausnarketak,
bapateko burutazioak, epe motzeko edo luzeko asmoak,
sentipen intimoenak,
den denak besteen aurrean
trabarik gabe ikusgai egongo balira?

Gure bazter miresgarriak
lainotu egiten ditugu besteengandik babesteko,
aurrera egin ahal izateko, bizirauteko.

Liburu arteko zirrara

Ez zuen inongo liburutik jaso behar izan,
nolabait, ordura arte irakurritako testu guztietan
zirrara bera topatu baitzuen:
lerro artean, noizbehinka orrialde bat pasa eta berehala,
paragrafo baten oihartzun urrunean,
hango esaldi erdi galduak zekarkion ebokazioan.

Greziako jainko mitologikoen Olinpoan
edo Manhattango estoldetako kiratsetan,
modako abestien letra errepikatuan
edo hondartzara eramandako eleberrian
beti aurkitzen zuen, bilatu ala ez,
ilunabar epeletako samin eraman ezina,
gaueko orduen isiltasuna,
bakardadearen edertasuna:
bizitza beraren zirrara.

Zutabe eroriak


Hasieran lur laua zen, oparoa.
Animaliek populatu zuten lurra, gizakiek.
Eta jainkoak asmatu zituzten,
eta haientzako aldareak eraiki,
tenpluak jaso.

Mailadia eratu zuten, eta gero
zutabe guztiak aldi berean
altxatu zituzten, tinko.
Fortunaren izenean otoitzak jaso zituzten izarretara,
eta bertuteen apologiazko esaldiak
grabatu zituzten tenpluetako frontoietan.

Gero, suntsituak izan ziren, denak,
gizaki harroak, haien apaizak eta etxeko animaliak,
eta tenpluen sabaiak erori ziren,
zutabe batzuk ondoren, kapitelak lurrera.
Zutik geratu ziren zutabe bakanak
handikeriaren lekuko bakarrak dira,
lur lauan eraikitako aldare hutsalen
zentzugabekeriaren erakusle.

Baina zutabe baten ertz higatuak,
friso erori baten moldura urratuak,
edertasun galduaren oinordeko dira ere,
perfekzio nahiaren arrasto gaurkotuak,
jakin-minaren eta irrikaren irudikatze isilak.

Sapa astunaren orduak

Eguerdi ondoko lehen ordu udatiar luzeetan
beroa poliki dator beheraka astun eta pisu
eguzkiak parabolaren beheranzko bidea hartzean
euliek aire trinko kiskalian lekurik ezin hartu.

Astiro desagertu dira kaleko soinu alaiak
umeen negar zotinak edo irri algarak isildu
errezeletik bestaldera somatzen den guztiak
mundu honetako ezaugarri oro ditu galdu.

Arnasaldi luzatu bakoitza baretasun ikur
itzalean botata nago beste hoberik ezean
bitartean bizitza zain da bere unea iristear.

Eta ordu udatiar luze hauetan bizi ditut
bizitzako plazeraren fruitu mardulenak
ezer ere ez itxarotearen gozotasunean.

Isilunea


Isilunea.
Hitzik ez, soinurik ez.
Gorrotoa, asperdura, ezin aipatzeko grinak,
arrangura, nazka, higuina.
Hitzik ez ezer azaltzeko.
Doinurik ez abesteko.
Garrasirik ez, ezta hori ere.
Beharrik ere ez.
Mina, irrika, desio jasanezina,
adierazi ezinezko haserreak.
Odol beroa ahotsik altxa gabe,
ahoa ireki gabe.
Amorrua, gordeta.
Liskarra asmoan, muturra tenk,
errietarik ez.
Isilunea,
isilune pisua,
isiltasunaren indarra,
hitzik, oihurik gabeko bortxa.
Soinurik ez, doinurik ez,
ekaitza iristeko barea,
oldarra aurreko etena,
beldurtzeko tartea,
itxaroteko unea,
dena bukatzeko aukera.

Ihesean, atseden

Gero eta zailago denean
erabilitako baliabide bakoitzari
etekina ateratzea,
gordetako aberastasunak
irabazi handiagorik ematen ez duenean,
ez itxaron dena bere kabuz suntsitu arte,
ez espero jardun berri zoragarririk.

Horren ordez,
sartu poltsa batean janzteko zerbait,
hortzetako eskuila, txano bat,
margo batzuk eta orri zuriak,
alde egin edonora, edonola,
autobus konpainia merke bateko txartela erosita
edo errepidean stop eginez,
alde egin, edozer da urruti
bizitzari benetako balioa ateratzeko orduan,
edozer da ona, egoki, eder,
hartu motxila eta mugitu,
hartu margoak, orria, eta bertan geratu…
Etengabeko ihesa,
mugarik ez duen irrika urduriari aurre hartuz,
ez baita ihes, koloreekin orriak margotzen badira,
ez baita amets, errotutako atsedena baizik.

Liebesträume


Kolore batek bestera narama,
orainaldi luze honetan
Rubiken kuboari azalerak biratzen,
esku arteko osagaiak lerrotu nahian.

Ur urdinetan nago, zeru garbiaren azpian,
edo garagar soro agortu baten erdian
unibertsoa okre hori bihurtzen denean,
bestela, udaberriko baso berdeek estalita.

Nota batek bestera narama,
eskalaren harmoniari akorde disonanteak lapurtuz,
doinuaren eta erritmoaren mugimendu konpasatuan,
tarteka oldartuta, tarteka haize leunak eramanda.

Zuri-beltzaren gainean kolore infinituak.
Hamabi noten artean musikaren osotasuna.
Maitasun ametsak, gauez,
koloreak laztantzen, doinuak gorpuzten,
kontsolamendu bila.

Nola


Argi handiegia munduaren gainean,
argi itsugarria.
Nola ikusten diren gauzak, nola,
hainbeste argiren azpian,
hain izpi indartsuen garretan.
Ura ozeanoan harri puska bat kolpatzen,
mendixka estaltzen duten sasietako loreak,
haizea, ikusezina izanik ere, bazterrak astintzen,
nola ikusten ditu gauzak
nire atzean eseri den horrek, nola,
inork ez badio azaldu koloreen esanahia,
inork ez badio erakutsi naturaren indarra.
Nola atzematen ditu hango beste gazte goibelak,
arroken gainean galduta, antza,
oinazpian zapaltzen dituen harrixkak
eta haien arteko zuloak.
Nola jasotzen ditugun guretzako
arnastutako bafada,
hausnartutako ideia zaparrada
eta honek utzi zuen gogoeta hezea,
nola zurrupatzen ditugun
liburuek zabaldutako bihozkada mingotsak
eta dardara ilunak.
Ez baitakigu nola,
–argi gehiegi ezer gutxirako–
adimenak ez digu erakutsiko
nola
hunkitzen gaituen printzaren koloreak, indarrak.

Olatuen aparra

Aterki beltzaren azpiko babesean
noa, ibili geldoan,
itsaso ondoko paseo luzean,
pentsakor,
olatuen etorri akonpasatuaren erritmoan:
pentsamenduak pixkana hazten direla,
aurrera egiten, bapatean lehertzen
eta azkenik indarra galduz,
hondarrean desegiten
beste pentsamendu berri bat gailendu
eta aurrekoaren azken dardara
ezabatu artean.
Burumakur noa itsas bazterreko bidetik,
olatuen aldizkako zarata neurtuaren hotsak
nire aterki beltzaren azpiko espazioan
gorpuzten diren arte, ni haien baitan hartzen.

Aterkiaren azpian babestua sentitzen naiz,
olatuen hotsa barneraino sartzen zaidan arren
zaratak ez nau kolpatzen, ez dit zirrararik sortzen,
ez du nigan ezer eragiten.

Pentsamenduak datoz, eta ondoren,
aparra bezala desegiten dira
indarrez zapaltzen dudan hondar aleen artean ihesi.
Olatuak datoz, eta hondartzan lehertzen dira,
nire urratsen arrastoak ezabatuz.

Helmugarik ez

Bai, bidegurutzetan seinaleak daude,
helmugara nondik joan behar den jakin dezagun,
ez gaitezen inon galdu.

Bidegurutzetako seinaleek, ordea,
ez digute esaten helmugak jada ez direla inon.

Mendi gailurretako amildegi eta basoen artean
harrapatuta doa bide estua:
zubiak ibaiaren ur korrontea gainditzeko,
marra zuria errepidea erdibitzen,
eta noizbehinka bidegurutzeak,
ezker eskuin seinaleak helmuga adierazi nahian,
baina seinaleek, ordea,
ez digute esaten helmugak ez direla inon,
ez gailurretan, ez ibaiaren azken iturrian,
ezta bailaran behera ere, zabaldi urrunean.

Helmuga egon zen, hementxe,
alde batera edo bestera joatea
aukeratu behar izan genuen
bidegurutze honetan, noizbait.

Baina jada ez da helmugarik.

Neguko argia Sarajevon

Argiak egiten du dena.

Ilunabarreko azken izpietan
Sarajevo masa gris bat besterik ez da,
mendi magaletako etxeen teilatuetan
elurrak iluntzera jotzen duen orduan.
Eraikin handi berrien silueta bakoitza
mamu bat da hodeien artetik jaitsita
eta autoetako foku ibiltariak,
kaleetako farolen argi hitsak,
dardaraz daude gau ilun gordinaren aurrean.

Baina ilunabarra baino lehenagoko
gainbehera doan eguzki pean,
zeru garbia zeharkatuz, printzek
hiria dirdirarazten dute osorik:
minarete zutak, jauregi dekadenteen kupulak,
marmolezko harlauzak eta errekaren ur azalera,
den denak egunaren azken indarraz beterik daude,
eta gauaren itxaropenaz.

Argiak egiten du dena,
argia ikusteko moduak,
eta kanpoko argia barruraino eramateko bideak.

Tranbiaren zain

Geltokian jende tristea
tranbia noiz etorriko zain.
Burdinbidea asfaltoan txertatuta dago
eta espaloiko zuloak urez beteta;
putzuetan islatzen dira autoak.
Tranbia hurbiltzean ere
putzuan ageri da bere irudia kale grisaren erdian.
Kolore galduak, hodei ilunak,
zuhaitzetako adarrak biluzik neguan,
zubietako petriletan txolarreak geldirik
ogi papur baten zain agian.
Bidaiarien aurpegi lausoek
ez dute ezer adierazten,
ilusiorik ez, tristurarik ere ez,
bizitzaren joana tranbiarena bezalakoa delako:
metro batzuk aurrera,
geltokian itxaron,
bidaidez aldatu,
aurrera berriro, tarteka azkarrago,
eta ibilbidearen amaieran buelta eman,
etengabe joan-etorri bera,
espaloi estu zulatuen ondoan,
burdinbidea putzuen artean galduta.

Elur azpiko bizitza

Elur azpiko bizitza

Ez dago bide bakar bat,
ezta negu bakarra ere.
Aldakorra eguratsa,
gauetik egunera,
unetik unera.
Gaur elurrez estalitako mundua
biharamunean egarriz.
Zuzen doan zumar arteko bidea
bat-batean bihurri.

Hemengo negu lausotik
hango negu gorrira, ordea,
bide zabal bat irekita dago
mendi malkarren gainetik,
hodei trinkoen azpitik.

Bide hori hartu nahiko nuke
bihar, ezinbestean,
noizbait krudelkeria gordinenak
kolpatu zuen duintasunaren indarra
dastatzeko,
bizitzak elurraren azpian
iraun ahal izan zuela
ospatzeko.

Azkenean!

Azkenean!

Azkenean hitzarekin hasteak esan nahi du
horren aurretik zerbait egon dela,
agian gogoeta huts bat besterik ez,
itsasoko olatuen eztanda (berriro ere),
edo kalean gazte ezezagun batek
luzatutako irri xalo eta lagunkoia.

Azkenean hitzarekin hasteak agian esan nahi du
liburu bat irakurri berri duzula,
barruraino sartu zaizun istorioren batek
negar egin arteraino ukitu zaituela.
Edozein modutan,
azkenean ezin duzu gehiago
eta orri zuriaren aurrean jartzen zara,
erdi negarrez edo negar oparo batean.

Zer da ba gertatu dena?
Nola iraun ahal izan duzu horrenbeste,
azkenean erabakia hartu duzun arte?
Orain beldur zara,
gazte ezezagunaren irriak,
liburuko istorioak
edo kostaldeko enbatak beldurtzen zaituztela
uste duzun honetan,
azkenean ulertu baituzu ikara
bularraldeko zulo argitsutik datorrela
barruan daramazun mamua
aurrez aurre begira jarri zaizunean.

Eta ispilua ez da hautsi.

Izarretako lerrokatzea

Duela mende bat gutxienez,
labore agortuen larre zabalen artean,
gertakari astronomiko baten antzera,
nire aurrean elkar gurutzatu ziren
izar urrunetatik iritsitako izpiak,
iraganeko eta etorkizuneko planoak,
egun hartan oraina zen une bakarrean.

Orainaldi hura duela mende bat
galdu zen egun hartako egutegiaren orrian,
eta hogeita hamasei mila orritxo, gutxienez,
egutegitik kendu ondoren,
izpi haien arteko talkaren eztandak
leku utzi dio hutsune beltz astunari,
bihotzeko taupada hilkorrari.

Ezkaiaren usai mingotsak eutsi dio soilik
astroen lerrokatze ez ohiko hark
utzitako aztarna samin eta tristeari,
lagun zaharrak elkartu zituen hitzorduak
ezin izan baitzuen zeru iluneko konstelazioetan,
izar usoek egindako bide iheskorretan,
eternitate osorako eguzki distiratsurik sortu.

Ondarragako zelaiak

Artagaineko kaiaren ondoan, bidean gora,
Ondarragako zelaietara doan amildegian,
kresalaren eta haizeteen indarrari eusten dioten
landare mamitsuak hazten dira, usaintsu eta itsusi.

Ondarragako zelaietan eserita, begirada itsasoan,
Erizek lagunaren eskuak hartzen ditu bereen artean,
eta, ahopeka ia, hitz samur batzuk esaten dizkio.

Haize fina dago, udaberrirako hotza, ekialdekoa:
kaioen garrasiak dakartza, eta Erizen hitzak eraman;

“Egun hartan bukatu izan bagenu hasitakoa…!”, zioten hitzak.