Garagardo bat hartzen ari nintzela
lagun arteko solasean
irudikatu nuen berriro
itsasontzi handi zuria,
eta bertan ni, popako barandari lotuta.
Oraingo amets lauso eta hutsala besterik ez zen,
aspaldian itsasoa ikuskizun hutsa baita niretzat,
ontzirik ez ekaitzak zeharkatzen,
ferryrik ez golko urdin epeletara iristeko,
uharte urrunetara bidaiatzeko.
Dena gezurra da orain,
agian ezagutu izan nahi ez nukeena,
hobea baita ezjakintasunaren inozentzia
eguzki joanen oroimen mingarria baino.
Eta hala ere,
lagunen solasalditik urrun,
nire kontzientziak traizio egiten dit eta
idazle zaharren hilobiak ekartzen dizkit gogora,
eta hilobietara iristeko igaro beharreko
bide aldapatsu pikondoz beteak,
muinoek ezkutatzen duten hondartza bakartiak
eta haietatik, ostertza apurtzen,
ikus daitezkeen ontzi erraldoi zuriak.