Hitzerainoko bidaia

Itsasoko hondo ilunetan
sortzen da, alga eta bakterien artean, nire bizitza
eta, isilean, igoera geldo batean
iristen da aldizkako izpietara,
esparru goreneko
bat-bateko argialdi distiratsuetara.
Harmonian limurtzen dut gorputza
ur gardenen artean,
kolore, inguru, epeltasun
zuri-urdinen nahasketan.
Horrela, arrain abisal baten antzera
hegalak hankekin ordeztuz, ibilera nagian
arroka eta hondarretara irteten naiz;
lurra, airea, eguzkia,
erronka diren oztopoak,
eta nire aurreko bizitzan ezezagunak ziren
gutizi berriak bilatzen ditut;
nire zorioneko ibilbide zalantzazkoan
unibertso berriek
–areriozko zein zoragarriek–
beren baitan hartzen naute.
Bildu, ni naizen izate izan gabeko honetatik aldendu, itzuli
eta eraldatzen naiz aldatu gabe itsaso-hondoa,
arrastaka igo ninduen korrontea,
gaineko aldaketa eta bilakaera aldakorra.
Gorputza eta bizitza berregin, orno eta hezurdura luzatu,
pentsatu eta sentitzen dut –ze plazera pentsatu eta sentitzea–,
eta zure mundua igartzen dut, bertatik so egiten diezula
bere hondoan sortu ninduen itsasoko olatuei, eta azkenik
zuregana heltzeko modua aurkitzen dut: hitza.
Orain zure erresumako biztanlea naiz.

Zilarrezko bola

GOMA - Glasgow Museum of Modern Art

Arratsalde gris honek
tarte bat ireki du
zuhaitzen eta etxeen bitarteko gunean,
atsedenaren eta jardunaren artean,
musikaren eta isiltasunaren erdian.
Arratsalde gris honek
irekitako tarte horretatik
zilarrezko bola erraldoi bat
sortzen hasi da,
guk eraikitzen amaitu duguna,
eta bertan hartu dugu babes
musika entzuteko,
atseden hartzeko,
zuhaitzen azpiko usain berdeetan
eta arratsaldearen argi ahuletan
gure gorputzak bereizten dituzten izpiak
desagerrarazteko.
Iritsiko dira jardunak,
etxea gordetzeko egin beharrak,
isiltasun trinko zeharkaezinak,
baina guk eraiki dugun
zilarrezko bola erraldoiak
maldarik gabeko bideari
jarraituko dio biraka,
arratsalde berri batek
ilusio gris hau
udako eguzkiaz
urtzen duen arte.

Arratsaldeko faroa

Farora iritsi gara berriz, gure farora.
Baina itxuraldatuta dago, bere bakardadean zahartuta.
Gogoratzen, garai zaharretan, bertara hurbildu
eta ontzien sirenak entzuten genituenean?
Gau osoa argiaren etengabeko joan-etorria zelatan,
zorabiatzen ginenean?
Gaurkoan, egun argiz itzuli gara bertara
eguzkia sartaldean amiltzen denean,
eta ez dugu zereginik,
ez dugu zer esanik,
iluntzen duenean ez dugulako
ontzien zaratarik entzungo,
gauaren isiltasunean ez garelako
gehiago zorabiatuko,
garai zaharren zirrara agortu delako.
Itsasoak ez du gure argi ibiltariaren beharrik
eta gu, ezinbestean, ontziak bezala,
laguntzarik gabe geratu gara
portu berrietara arriskurik gabe hurbiltzeko.

Aurrera eta atzera

Zuhaitz ilara luzea,
hamar pausotan behin
altxatzen diren pinu tenteak,
bata bestearen ondoan,
aurrerantz
urrunera doan bidearen ertzean.
Enborra, adarrak, hostoak,
hamar pauso,
enborra, adarrak, hostoak,
basa landareen usaina
harri txingorren artean,
enborra, belar berdez inguratuta,
adarrak, hodeietatik babesa,
hostoak, dardarka brisara leunaz,
hamar pauso goizeko lehen eguzkia aurrean
bidea eginez,
zuhaitzen ilara luzea jarraitzen
helmugarik gabe,
hamar pauso, txorien habia
buru gainean
udaberrian abesbatzan kantari,
aurrera arbolak zenbatuz
pausuen zenbakia hamarkoitz eginik,
inora ez.
Une batez enegarren arbolaren ondoan
atseden hartu
atzerako bideari ekiteko zuregana.

Begiak, ezpainak

Nondik iristen diren
maitatuak izango diren haiek,
zein bidetatik gerturatzen zaigun patua
–forma bitxietan edo molde harrigarrietan–
bizitzak eskaintzen digun misterioa da,
ustekabeak aurrean ipintzen dizkigun
existentziaren lurrin iheskorrak.

Haizeak itsas gaineko olatuak
urrunera eraman dituenean,
hondartzaren gainetik
bere begi ilunak datoz
eguzkia altxatu berri den aldetik.
Beste aldetik, berriz,
bestearen ezpainak,
gorriak eguzkitan,
hurbiltzen dira
eta hareatzaren erdian
elkartzen dira baten begi ilunak
eta bestearen ezpain gorriak.
Elkartzen dira
haien ustekaberako,
hareatza zabalean
bestelako erakarpen indarrik
ez dagoelako.
Baten begi ilunak,
bestearen ezpain gorriak,
haizeak itsas gaineko olatuak
urrunera eraman dituen egunean.

Hauskorrak

Nire laguntza nahikoa ez denean
ezin zaitut erortzen ikusi.
Zure gaztelua erortzen hasten denean
ezin naiz bertara sartu.
Bidelagunak topatzea zaila delako
ahaleginak egin behar ditugu
aurreiritziak bide bazterrean uzten.
Harri txingor batek ez dezala, arren,
airean arinki eskegita dagoen eta
balantzaka jarraitzen dugun
ibilbide hau oztopa.
Hauskorra baita dena inguruan,
hauskorrak loreak, hauskorrak harriak,
gu bezain ahulak zuhaitzak,
gu bezain arinak hodeiak.
Hartu harri txingorra eta gazteluko horma osatu,
hartu zuhaitzen enborrak eta geletako sabaiak indartu,
hartu loreak, maitea, eta etxe osoa apaindu
hodeien arintasunak zerua estaltzerik ez baitu.

Hitzen espiralak

Ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da, ezintasuna ez baita konpontzen lerro antzuekin. Baina askotan besterik ez da geratzen, ezintasunaren konponezina azalarazteko. Ba al dago beste egiterik?

Cognac on bat kristalezko kopa ederrean, garraztasun denak bere horretan jarraitzen duela usain gozoaz dastatzeko. Hozkirriaren aurka ibiltzea, artilezko txanoa jantzita, gorputzak sufritzen duen bitartean burua epel mantentzeko. Jendeari begiratu kalean, kontent egoteko aukera zein gaizki banatua dagoen ondo ikusteko.

Hitzak idatzi, haiek zer edo zer ebatziko dutelakoan, eragiketa matematikoek zenbakizko problemak ebazten dituzten bezala. Hitz multzo bat, orden egokian jarrita, soluzio bila. Hitz ederrak, edo itsusiak, osotasunean askatuko gaituzten esperoan. Esaldi borobilak, edo eliptikoak, edo laukizuzenak, amaigabeko espiralak biran ipintzea. Hori da idaztea.

Baina ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da. Zeroen aurretik zeroak idaztea bezain hutsa, zeroen ondoren zeroak idaztea bezain inozoa.

Zurrunbiloa

Irudiak datozkit burura,
itsasadar urdinaren gainean,
antxetak garrasika bezala.
Urduri, multzoka batzuetan,
besteetan banaka,
arroketatik zelaietara datozkit
ideiak garrasika.
Inguratzen dute nire burua,
gora eta behera dabiltza
oihu karrankariez lagunduta,
zurrunbiloan alde egiteko gero
itsas aldera, olatuen gainetik
antxetak, irudiak
nire ibaiaren bokalean
desagertuz garrasika.