On beharrez,
senak aginduta,
begiak itxirik,
erabakia hartu,
behin betikoa
–edo behin behinekoa soilik–
eta urdin ilun batez estali gorputza,
itsas urdin batez margotu paretak,
urdin indartsu batean murgildu
ezer pentsatu gabe.
Arima utzi zenuen nonbait,
bazterturik eta galduta,
bi olatu handien artean kulunka,
eta zu baino hobe egon da orain arte,
itsas handiarekin bat eginik.
Baina zure falta sumatu du
eta oihu sakon batez
dei egin dizu
haren bila irten zaitezen behingoz.
Eta hor zabiltza
profeta zaharrarena egin nahian,
itsasoko uretan gainean
pauso sendoak emateko asmoz,
hondora joateko gogorik gabe
baina gorputza patuari emana
nonahi buka dezan bidaia.