Loratu dira berriro ere sasiakaziak, maiatza guztietan bezala gure mendiak zuri leun batez estaliz. Inork landatu gabekoak, bere indarrez barreiatu diren landareak dira sasiakaziak, sasi landareak, sasitan hazten direnak naturaren zaintza hutsez, ustekabean harrapatzen gaituztenak apirilaren amaieran, maiatzaren hasieran.
Oteek negua horitu zuten bezala, sasiakaziek zuriz estaltzen dituzte gure bazterrak udaberriaren erdian, inork eskatu gabe, gure harridurarako, zuriz estaltzen autobidetik ikusten diren zuhaiztiak, horixka aldera jotzen duen zuri otzan batez.
Lur sakonean zain sendoak errotuz, nahigabean itsasoraino ere hedatzen da sasiakazia, mendi eta hegien artetik herrietaraino, arroketatik hondartza bazterreraino, gizakiaren eskutik ihesean, gizakiak sortutako sasi edertasunari benetako edertasuna eskaintzen.