Ortzadarra agertzen de noizbehinka
eta denbora gutxi iraun ondoren
poliki lausotzen da zeruan.
Baina guk haren koloreak xurgatzen ditugu
esponja batek maitaleen azaleko ura
xurgatzen duen moduan,
hondartzako hondar aleek
gorputz bero eta ernatuak
bustitzera hurbiltzen den
itsas olatu bakoitzaren
azken tantak atxikitzen duten bezala.
Eta hori eginik ortzadarra
hutsik lagatzen dugu, biluzik,
zuri-beltzez jantzita
galdutako gris hits batez estalia,
guregan bizitzaren –heriotzaren–
kromatismo osoak
distiratzen duen bitartean,
guk arimaren –gogoaren–
koloreak
lekualdatzen ditugun artean.