Ikusi badut noizbait sugegorria
pinudia eta galsoroaren arteko bidean,
eten dut nire ibilera une batez
edertasunaz gozatzeko:
garia horiztatzen hasia,
ezkaia indarrez loratua
eta kukuaren udaberriko kantua.
Ikusi badut sugegorria bidean,
makurtu naiz eta poliki eseri,
edozein pinuren sustrai erdi-lurperatuan
nire beldurrak uxatzeko,
eskuak lurraren gainean zabaldu ditut
lurrazpiko dardara txikienek
nire izatearekin bat egin dezaten,
eta sugegorriari, alfonbra gorria ezean,
nire behatzak eskaini dizkiot
haien gainean ernai
bere ibilbide tolestua jarrai dezan.