Isilpeko gogoeta batek
ekarri nau itsas labarrera
eta gogoeta hori gauzatu denean
iragana desagertu da
arroken aurka olatuak bezala.
Milaka tanta airean
kolpe gogorraren ostean,
horrela hainbeste urtetan
pilatutako milioika unek
eztanda egin dute
arrokaren gainean,
labarraren ondoan,
itsasoaren ertzean.
Bat-batean iraganik ez,
lehenaldia hutsik,
ezer eza oroimenean,
ezer eza agian,
ezer eza benetan?
Olatuaren tanta batek
bortizki jo dit aurpegian,
kresalaren gustu gazia:
ezin zaitut ahaztu.