Etxe hutsean gorpuzten diren
hildakoen substantziarik gabeko izateek
denboraren igarotze ezinbestekoa
hurbiltzen dute orainaldira
eta mahaiaren hautsa altxatzen dute
ikusezinezko hegaldi geldoetan.
Gortina zaharra mugitzen dela ematen du
bere ondoan mamu ukiezin bat
leihora gerturatu denean,
eta zoru gainera aspaldi erori zen hostoak
lekualdatze arin bat egin du
fantasmak aterantz biratu duenean.
Ez da ezer entzuten,
hildakoen izpirituen joan etorriak
arreta handiz soilik antzeman daitezke.
Dena geldirik dagoela dirudi
baina ingurumarian sumatzen dira nolabait
etxe honetako aspaldiko biztanleen
ezinegona eta artega,
ardurak eta kezkak,
betiko atsedena hartu ahal izateko
hemendik hara ibili beharra.
Gela begiratzen dut beste behin ere
altzarietan, airean eta alfonbretan
urduritasun printzak harrapatu nahirik,
haien esanahia ulertu gogoz.
Dena geldirik dagoela dirudi.