Hurrengo egunerako prestatu zuten txangoa,
hiritik irten eta mendialdera joateko.
Oinetako sendoak, euritarako zamarrak
utzi zituzten gelako aulkiaren ondoan.
Baina gau hartan, ezustean
elurtea etorri zen,
udaberriaren hastapenean oraindik ere
halakorik ez zen harritzekoa izango
igaro zuten negu epel eta lehorrarengatik
izan ez balitz.
Gaueko zeru beltzean hodei hotz astunak kulunkatu ziren,
berunezko pisua eramango balute bezala,
eta haietatik pixkanaka hasieran, gero borborka,
elur zuri handia jauzi zen,
teilatuetan eta autoetan zuritu zuen lehenbizi,
ondoren zuhaitzen adarretan, parkeko berdegunean
eta kaleko espaloi eta asfaltoan.
Goizeko lehen argitan ikusgarri zegoen hiria,
baina urrunean mendi tontorrik ez zen nabari
laino trinko grisak betetzen baitzuen zeru goia.
Ezinezkoa zen horrela
oinetakoak eta zamarrak jantzi
eta hirigunetik aldentzea,
ezinezkoa ia kalera irtetea,
ezinezkoa geruza zuria haustea
arrasto beltzak utzita elur garbiaren gainean.
Txoriek zuten bereganatuta horretarako eskubidea.
Txoriek besterik ez.
Gizakioi, hiritik alde egin nahi zuten guztiei, baita guri ere,
leihotik begiratzea besterik ez zitzaigun geratzen,
berogailuaren ondoan besaulkian eseri liburua bukatzeko,
edo partiturak tiraderatik atera eta arratsalde osoa
pianoa jotzen aritzea, tekla zuri-beltzetatik
poliki, eguraldi geldoari lagunduz,
doinu goibelak atereaz, astiro, leunki,
elurrak gauez harrapatzen gaituen moduan.