Aterki beltzaren azpiko babesean
noa, ibili geldoan,
itsaso ondoko paseo luzean,
pentsakor,
olatuen etorri akonpasatuaren erritmoan:
pentsamenduak pixkana hazten direla,
aurrera egiten, bapatean lehertzen
eta azkenik indarra galduz,
hondarrean desegiten
beste pentsamendu berri bat gailendu
eta aurrekoaren azken dardara
ezabatu artean.
Burumakur noa itsas bazterreko bidetik,
olatuen aldizkako zarata neurtuaren hotsak
nire aterki beltzaren azpiko espazioan
gorpuzten diren arte, ni haien baitan hartzen.
Aterkiaren azpian babestua sentitzen naiz,
olatuen hotsa barneraino sartzen zaidan arren
zaratak ez nau kolpatzen, ez dit zirrararik sortzen,
ez du nigan ezer eragiten.
Pentsamenduak datoz, eta ondoren,
aparra bezala desegiten dira
indarrez zapaltzen dudan hondar aleen artean ihesi.
Olatuak datoz, eta hondartzan lehertzen dira,
nire urratsen arrastoak ezabatuz.