Desegingo da, denborarekin, nire larruazala ez dakit zenbat aldiz igurtzi eta gero. Baina ez da dena desagertuko, gogoan izango dut beti Pargako hondartzetako baten ondoko almazen batean erosi nuela, oliba olioarekin egindako xaboi pusketak saltzen zituzten saltoki handi batean. Baziren kolore eta usain askotakoak, almazena alaitzen zutenak. Baina nik oliba olioa besterik ez zeukan puska bat nahi nuen, kolore neutrokoa, forma arrunteko paralelepipedo soil baina trinko bat, lorerik gabe, apaingarririk gabe. Memoria hutsa nire gogoaren zirrikituetan.
Erabiltzen dudan aldiro, nire azala igurtzen dudan bakoitzean, xaboiaren atomo batzuk joango dira dutxako isurbidetik behera, xaboi solidoaren azken kapa desegin eta iturriko ur likidoarekin desagertuko da, formak arinduko zaizkio, ertz eta erpin zorrotzak kamusten joango dira, eta aste batzuk barru ez da ezer geratuko. Ezer fisikoa. Oroimenean, ordea, joniar itsasoko herri zoragarri hartan udazkeneko lehen egunetako ilunabar epel batean erosi nuen xaboiaren arrasto ñimiñoa gordeko dut, soila eta trinkoa.