Hainbeste galdu genuen

Etorkizun urrunean,
are urrunagoan,
zientzialariek hiltzeko joera izango dute ere:
ohe bakartietan hiltzeko nahia,
infinitu guztiak biltzen dituen infinituan,
predikatzaileek planeta eta galaxietan
ustezko jainko lurtarren dotrina
azaltzen duten geroko denbora hotzetan.
Baina garai ezegonkor honetan bizi garenok
esku artean dugu oraindik
paperezko liburu horiztatuetan
orduko metropolira joandako poetaren agiria.

Lana dugu gero bakoitzaren hirian kokatzen
irakurri ditugun hitz hunkigarriak,
baina neuk esan nahi nuena galdu dut bidean.
Gogoratu ezazue fikziozko izen bat,
Robert Frobisher esaterako,
eta maitemintzen ez denak esan dezala ozen.

Hainbeste bizitza zuri beltzean,
horrenbeste gris koloreztatuak hirian,
hainbat galdu genuena.
Eraikin bat ikusten nuen
panoramika itsusten zidana,
ah, gero esan zidaten forma solido mugikorrak
ametsetan iltzatzen zizkigun artistak
egindakoa zela, garaiz kanpo –niretzat–.
Lekuz kanpo egon gara hainbestetan
gertatzen ari zenarekiko itsu.
Galdu dugu ikusmira, galdu perspektiba,
musikari zaharrei laguntzeko gaiztakeria.
Ah, baina haren adiskideak izan ginenok
amaiera tristeagoa izango dugu gero
mundu hobeak bilatzeko ahalegin galduan.

Angelu bat zeruaren kontra,
hori baino gauza ederragorik ez da.

Jainko hilezkorrak

Etxe gaineko terrazan izarrak gau beltza
doinu bat, bakarrik nago,
kaleko argiek zuri espektrala atari leihoetan

Bi lerro azpimarratuta orrialde bikoitietan
aldatu beharra, bakarrik gaude,
federik gabeko paranoia alkoholetan bustia

Sutondora itzuli nintzen azken neguan hotza
bizitza, lur azpitik irteten,
koloretako erregeak nire aurpegian zaplastekoa

Jainkoek ez ziguten maitatzeko eskubiderik
eman, ez baitzekiten sorreran
lapurtuko geniela ezjakintasunaren xalotasuna

Espektro hutsalak dira herioaren bila ezinezkoan
ordutik, bakarrik daude,
maitatzeko eta hiltzeko gure ahalmenaren xerkan

Gaueko zaldiak

Gaueko zaldiak poliki doaz
Ovidiok nahi zuen moduan,
gaueko minutuak astiro joateko.

Zoazte poliki ere, loa eta ernea,
emadazue denbora apur bat
asmo ezinezkoekin jolasteko.

Erlojuaren joana ordea
erlatiboa zela agindu ziguten
zoriaren menpe erortzeko.

Gaueko zaldiek lapurtu dute
minutuen orratz luzea
nahi nuen hura antzutzeko.

Arrapaladan doazkit berriro
jasotako opari emankorrak
inoiz gehiago ez itzultzeko.

Agur esateko pintura

Sugarra 2 (egilearen pintura)

Ezin ezer esan,
gaitasunik eza hitz hutsalak jariatzeko,
ahots antzuari doinua eskaintzeko.
Musu iheskor bat,
hurrena arte esaten denean bezala
–deituko dizut, jar iezadazu mezu bat–
egia biok ezagutzen genuela.

Baziren egunak zukurik gabeak,
baziren elipsi sofistikatuak
eta gaindosi okatuak,
itxaropena desegituratzen zuen errutina,
begirada maltzur antzean
luzatutako tximistak,
ekaitz elektrikoaren ondoko
trumoi burrunbatsuak.
Bazen, halere, itxura gorde beharreko
isileko akordio tazitu koldarra.

Autoa hartu duzu, eta ni etxera,
mihise zuri zabala jarri dut astoan,
pintzelak aukeratu,
koloreak tutu bakoitzetik isuri
–tontortxoz osatutako ortzadar etena paletan–
eta intuizioari bide eman:
suaren formako gar koloretsuak,
atzealde urdin ilun bat gibelean;
kerik gabeko sua,
berorik gabeko garrak.

Hitzez esan ezin nizuna
joan da koadrora berehala:
agurra benetakoa da oraingoan.
Beldurrik gabe piztu dut su berria
asto gaineko mihisean,
zuri lotsatiari gailendu zaio kromatismo aberatsa
gurea pobretu duen hotzaren gainean,
pozoizko grisa diluitu zaigu
brotxakada kementsutan.
Edonola, su berri honek kerik ez.
Kolorezko garrak txinparta izpirik gabe,
agurrezko margoak
–zuretzat azken opari–
berniza idorrarekin bat
betiko joan bitez!

Nafar Ateneoa saria poema bakarrari -II. edizioa-

 

Lotura zabarra

Malkarra, aldapa
beltza gauean.
Tarteka, marra
zuriak bidean.
Berrogeita hamar arau
zoriontasunera.
Ezer ezaren hutsuneak
beste alderako atea.
Arauetatik at
margoetako aztarna.
Orekarik gabe
orrietako zama.
Ba ote da baina
eusteko giderra.
Ala dena doakigu
zalantzan, dardaran.
Zerikusirik gabeko
lotura zabarra.
Ahanztura entzuten,
ahaztua erraza.
Kendu, kendu betiko
atzoko hitz zatarrak.
Ezin, ezin baztertu
zorion beteko hondarra.

Pargako xaboia

Desegingo da, denborarekin, nire larruazala ez dakit zenbat aldiz igurtzi eta gero. Baina ez da dena desagertuko, gogoan izango dut beti Pargako hondartzetako baten ondoko almazen batean erosi nuela, oliba olioarekin egindako xaboi pusketak saltzen zituzten saltoki handi batean. Baziren kolore eta usain askotakoak, almazena alaitzen zutenak. Baina nik oliba olioa besterik ez zeukan puska bat nahi nuen, kolore neutrokoa, forma arrunteko paralelepipedo soil baina trinko bat, lorerik gabe, apaingarririk gabe. Memoria hutsa nire gogoaren zirrikituetan.

Erabiltzen dudan aldiro, nire azala igurtzen dudan bakoitzean, xaboiaren atomo batzuk joango dira dutxako isurbidetik behera, xaboi solidoaren azken kapa desegin eta iturriko ur likidoarekin desagertuko da, formak arinduko zaizkio, ertz eta erpin zorrotzak kamusten joango dira, eta aste batzuk barru ez da ezer geratuko. Ezer fisikoa. Oroimenean, ordea, joniar itsasoko herri zoragarri hartan udazkeneko lehen egunetako ilunabar epel batean erosi nuen xaboiaren arrasto ñimiñoa gordeko dut, soila eta trinkoa.

Hari gardena

Noizbehinka hitz joko luze bat,
ondoren hura argitzen duen izpiaren
bilaketa berehalakoa menturaz,
hitzen atzeko ideiak zuzen narama
oroimeneko irudi erdi galdu hartara;
onenean, bazegoen gogoan iltzatuta.
Haatik bestetan
lerroen zurrunbiloak bazterrean uzten nau
errotarriaren ardatzari begira
biratzeak iraganeko une bakana markatu dezan.
Ai, badira, zoriz,
lan molde berrietan erortzeko zirikak
ikarak, milaka, bakarretan uzteko,
multzoa iragazi dena kimatzeko.
Nekeza, ardura,
bost izarretako konstelaziotik
distira ederrenekoa begitantzea,
eta zorionekoa konstelazioa edukita
astro urruneko haiek
ez badira dagoeneko izar hilak,
ilunak, itzaliak,
hizlauz ere ezin esanak.

Noizbehinka berriz,
argiak eta formak daramate lehenik
agertze leherkaria,
eztanda sortzailea.
Apika danbadak edertzen du paisaia,
hala ez bada ere erraza bilketa.
Zeren hizketari lotuta kolore egitura
–bana, bina gehiena–
atxikia doanez, bi begiko lentea:
hitza batean, argia bestean.
Izpietako helmugan arreta aisago
hausnarra lotzea,
hainbeste bira errotan orain konturatzeko
nahiago izan dudala
kandela piztuaren ziurtasuna
barne zorabio jostaria baino.
Bidelagun galduek ere
amarru erraza lehenik,
balizko zurrunbilo emankorra gero.
Malgu burmuinean zehar ideiak,
irmo haiek kateatzen dituen haria.
Orain, hari gardenaren biran.

Denboraren tunelean

Karezko harrien azalera gris pikorra
dira gaurko hodei neurrigabeak,
haien azpian argi erdi opakoa
erortzen da metalezko harien antzera.

Begiak zulatu ditu izpi solidoak
urruneko gailur ahaztuak ikusteko,
etorkizun epikora ginderamatzan
bide urratuaren tunelaren ildoa.

Gailurren bestaldean, itsas portuan
aparraren kresal gatzatuaren artean
aterpe hartu genuen iluntze aldera.

Elkarren ondoan etzanda ametsetan
geroa izango zenaren biltze lanean
astun iltzatu zitzaidan arima betea.

Leihoen formaren eragina

Gure lantokia zen hartan
badira leiho borobilak:
barkuan goazela dirudi
enbatak sortu olatuetan goitibehera.
Lantokia zen hartan
bada korridore luze ilun bat
barkuko bodega azpian bageunde bezala.
Baina ez dago, ez, sotoaren azpian
lantokia zeneko korridore luze ilun hori,
eraikinaren goiko solairuan baizik,
ontzia gobernatzeko aginte-zubi argitsuak
beharko lukeen lekuan.
Aginterik ez ekaitzari aurre egiteko,
arrakalaz betetako plataforma hartatik
marinelak jausten dira olatuen arteko apar zurira
eta inork ez die flotagailurik botatzen
bizitza salbatzeko,
gure lantokia zen hartan.

Baina orain lantokia aldatu dugu,
lankide bakoitza bere etxeko gelan dago:
leiho arrunt laukiak,
korridore argitsu laburra
eta kapitaina are urrunago, inoiz baino urrunago,
nonbaitetik mezu absurdoak bidaltzen.

Izua eta eztena

Amets distopiko batean
birus batek erasotzen gintuen,
denok, ni neu eta nireak,
eta erasoari aurre egiteko
itxialdi zorrotz bat
bete behar genuen,
denok, nik neuk eta nireek.

Amets distopiko horretatik esnatu
eta bizitza horixe zen, hain zuzen:
birusaren erasoaldia
eta itxialdi zorrotza.
Gauza arraro bat amestu dut
eta esnatzerakoan egiazkoa zen.

Orduan birusa nire gogoan sartua antzeman dut.
Pentsamendu oro kutsatzen duen birusa.
Orduan itxialdia nire gorputzean sartua antzeman dut.
Mugimendu oro eragozten didan itxialdia.

Eta halako batean pentsatu dut
poetak bizitzari beldur diola,
baina filosofoak eztena sartzen dio.
Eta halako batean konturatu naiz:
birusak izutzen nau
baina itxialdia atsegin dut.

Gaueko hiria zen

Poetak bizitzari beldurra,
filosofoak oldarra.
Aingeruek hegalak bai,
hegan egiterik ez.

Dena ikusi nahi nuen
eta oihal iluna jautsi zen.
Hiri handiaren gainean,
mundu osoa ere estaltzen.

Altxatzeko oihal astuna,
beso biekin jasotzen.
Bazirudien iheska negua,
aro beltzagoa zabaltzen.

Berdin dio, hara goaz,
grina ez da lasaia.
Atzera itzultzean
badugu bizigaia.

Lokamutsa

Amildegi ertzeko espetxean galeria
ezin hitzik egin ihesean ilehoriak
launaka iristen dira nota errepikatuak
pentagraman idatzitako puntu lodi ilunak.

Historiak utzi du musikaria bere herrian
duela bi mende eta erdiko Europa erdian
aberkideak doi irakasten basamortuan
nola lurperatu aurpegi desitxuratuak.

Sinfonia baten laugarren mugimenduak
desertuko hotsak altxarazten bortitz haizean
soka luzeak hildakoaren eskuak lotuz.

Diruzko irabaziz erosi antzezlekua
orkestra dodekafonia ozena burmuinean
gaitzaren ale mikatz hotzak ziegetan ehotuz.

Txaluparen bakardadea

Hau ere ez dugu gehiagotan ikusiko.

Ura zikinagoa izango da, oroimina garbiagoa, zantzu bat atzean utzitako bidean.

Etorkizun hurbilean milaka kamerek jaso nahi izango dute txalupa, uretako euskarrietatik erakarri lenteak zeharkatuz, baina ordurako Hermafrodita hau urpean etzanda egongo da, bere jabea izandakoaren gogo herdoildua bezala; eta guk, ziurtasun osoz, ez dugu gehiagotan ikusiko.

Agurearen bakardadea

Etxerako bueltan ikusi nuen agurea, bide ertzeko etxolako egongelan, bakarrik. Arratsaldeko azken argitan, barruko kandelak pizten ari zen. Paretetan zintzilik sepia koloreko argazki zaharrak, eta mahaiaren gainean, behialako mantel zuri brodatua.

Azken hatsa ematen ari zen leku hura, eta bere azken hatsarekin batera, mundu ikuskera eta biziera oso bat akazien hosto artean ihesean. Noizbait errepideko kurba hori berriz ematen badut, ikusiko dudana bestelakoa izango da, ez dut zalantzarik: agurea aspaldi hila eta etxolaren ordez txalet zatar garesti bat oroimenaren oihartzuna zulatzeko.

Fereka balitz

Fereka egin didazu gaur gaueko ametsean,
zure irudi lauso beroaren ondoan etzan naizenean.
Gero ohez, gelaz aldatu naiz
eta armiarma berde ilun erraldoi batek
hanka iletsu beltz nazkagarriak astindu ditu
nire gainean
leiho ondoko ohearen pareko sabaian.
Jakin ezazu ametsa egi bihurtuko balitz,
benetan ikusiko banizkizu arma jostariak,
ez nintzatekeela zure aldamenetik mugituko,
zure eskuak eta nire ahoa
oraindik ere jolasean arituko liratekeela.
Eta ez armiarmaren beldurragatik,
aitzitik, arrastaka daramadan damua behingoz
itotzeagatik.

Gainbehera

Dena gainbehera datorrenean
zeruan ez da izarrik geratzen.
Ahalegin hutsalak
errotik ateratzen du sustraia.
Amildegian soka bat jarrita ere
eustea ezinezkoa denean
eta oinen azpian ur beltza besterik
ikusterik ez dagoenean,
itsasoan ez da olaturik altxatzen.
Zulo beltza belusezkoa da
bere iluntasunean
harrapatzen zaituenean.

Gero iraileko egun bat iristen da
eta hondartzara zoaz,
ur gardena, olatu txikiak,
eguzkiak argitzen ditu arrainen ezkatak,
eta bizitzaren zentzua berreskuratzen duzu.

Baina zuloak hor dirau, mehatxu,
eta itxaropen urdinezko egun berrietan
sakonera beltz hartatik atera daitekeena
izu eternala da honez gero, madarikazio,
lotsazko begirada lurrean iltzatua.

Eskerrak eta ametsak

Irratiko esataria negarrez entzuterakoan
arratsa etzan denean ortzi-muga gertuenean
galdera datorkit doinu ilunez mahai gainera
eguzki-loreak argiari begiratzen dion moduan.

Lotzen ditut ideiak hiriko etorbideak
biribilgunean elkartzen diren eran,
azkar datoz autoak asfaltoaren azaleran,
marra zuri etenen artean, artega,
hala elkartzen zaizkit ongiaren
eta gaizkiaren ibilgailuak buruan,
azkarregi, etengabe bueltak ematen
eta aldi berean bueltak emateari itzuri egiten,
eta arinegi doaz berriz errepide beltzean
bihotz bat harrapatzeko nonbait,
hegoaldean, handik sekula itzuliko ez dena.

Baina galdera geratu zait mahai ertzean,
erortzeko zorian, erantzunak aldez aurretik
ihes egin didala zoruko zurezko oholetan,
ametsak ere, atsekabeak bezala, badoazela
dantzan, norbaitekin erantzunaren bila,
suaren gaineko keak sortutako olatuetan
edota itsasoko uhinek haize zakarrari
eskainitako ametsezko pasabide bustietan.