Etxeko ataritik ateratzen zara egunero,
lanera joateko bide bera,
errepide ondoko bazterra, parke txikia,
porlanezko zubia, lehen semaforoa.
Hiriko sartaldera hurbiltzen zaituen kalea,
zaborra biltzen duen kamioia,
umeak eskolara laguntzen dituzten gurasoak,
janari denda irekiak, besteak irekitzen,
euria egiten duenean balkoien azpitik
baina besteetan espaloi arrakalatua jarraituz,
egunero, asteko bost lanegunetan,
hilabeteko aste guztietan berritzen duzun bidea.
Handik urtebetera hiria utzi behar duzu,
bizimodua aldatu, beste etxe bat,
beste kale bat egunero lanera joateko,
beste denda, zebrabide, zuhaitzen txorkoak.
Berriro ohitu, berehala, arruntasun berrira.
Halako batean lehen hiri hartara zoaz,
ustekabeko zerbait agian, edo lagunak bisitan,
aspaldiko lankideen jai zaratatsua apika.
Zurea izan zen etxebizitza topatu duzu,
lanera joateko egiten zenuen bidea,
errepide ondoko bazterra, parke txikia,
zubia, semaforoa, kalea, kamioia,
eta ez dago ezer, hutsune kosmiko bat,
oroimenak galdutako bizitza.
Umeak, gurasoak, dendariak,
espaloian gurutzatzen diren oinezkoak
ikusten dituzu, eta ez dira inor, jende hutsa,
bizitzak galdutako oroimena.
Errutinak desagertzen dira autoen kearekin batera,
iltzatuta uste izandako dena
euriak darama kalean behera, azkar,
eta betiko izan zitekeen mundua
iragan galdu xukatu bihurtua,
hunkitzen zintuzten txikikeriak galdu egin dira,
denborak utzitako hautsa kentzeko
zapiak eramanda bezala.