Oraingoan bai, zirimolaren erdian,
milaka hondakin inguruan
korronte birakariak eramanak.
Bide guztiak oztopoz josiak
urakanaren begiko isiltasun beltzak
erraiak usteltzen dizkidala.
Noraezean, norabiderik gabeko korrontean.
Burugabe, helbururik gabeko estratan.
Dena lehertu da,
eta eztandaren uhin atomikoak
zorion izpi denak izoztu ditu ziztuan,
helduleku ahulak erre,
begirada kiskali.
Milaka hondakin inguruan
korronte birakariak eramanak
eta ni zirimolaren erdian galduta.
Oraingoan bai, amaiera da.