Labarrean behera itsas loreen usainak
dakar berarekin ere malkoaren garratza.
Begira urrunera, azken olatuaren atzean
marrazten den lerro ilunera,
erraz ikusten da izar nagusiaren distira;
besterik ez, hustasunaren hotz absolutua.
Begira beste behin, geratzen garenon ontziak
hurreratzen ari dira lotsati,
bidaiari berriei kandelak eskaintzen
har dezagun atseden argi dardartian.
Lurmuturraren malkarraz harantz
ozeano ezezagunak aurkitzerakoan
itsas lore exotikoen lurrin gozoak
adituko ditugu eternitatean,
bazkalondo amaigabeetan,
olatu harroen gainean isuritako
errauts ñimiñoen txikitasunean.
Geratzen garenon ontziak
hurreratzen ari dira lotsati
Tximistarriko haitzetatik hona,
eta guk, kaian zokoratuta,
adorez itxaroten ditugu
itzali gabeko kandelen argi dardartian.