Amesten gaituen izaki bikoitza
dugu pareta gardenaren bestaldean,
sosegu ezak loratzen digun dardara
harriduraz edo mespretxuz begira.
Inor gabeko uharte honetan
─ni ezik, inor gabeko bakarlekua─
noizbehinka begirada galdu bat
itsasten da arroka gorrian.
Horma gardenaren bestaldeko begia,
arroka gorriko ikusle itsatsi isila,
bakarrik dago, alde honetako
izaki benetakoak onestearen zain.
Bitartean, gelako pareten iluntasunean
lur abandonatuko lizarrak begira,
giro hezearen barrutik sortzen dakusat
aurpegi lehorreko txantxazale asmatua.
Arrats geldo honetan onartu bakoitzak
bestearen egona langaren atzean,
oihu lazgarriak, bere isilean
urratzen duela grinaren sorrera.