
Desertu guztietako ostertzak
lausotzen dira
sartaldeko mendikate soilaren gainean
hodeiak jausterakoan,
haitzen arteko adaska bakanen hostoek
dar-dar isil bat bidaltzen digutenean.
Une horretan, elizetako debotoek
errukitzeko galdetzen diote
zeruetan gordetzen zaien jaunari,
eta guk, sinesgaitz,
zeru gardena besterik ez dugu ikusten,
ezkutalekurik gabea,
helezina eta ezagunegia aldi berean,
planeta guztietako desertu guztiak
zulo ñimiño batean barnebiltzen dituena.
Elizetako dorreak eroriko dira
sartaldeko mendikate soilaren gainetik
hodeiak desagertzerakoan,
eta ortzi mugagabeak jarraituko du
–helezina eta ezagunegia–
infiniturainoko gardentasun garbia
gure begi aurrean erakusten.