Hamabost egun pasatxo dira
lanera azkenekoz joan nintzenetik.
Airean gelditutako galdera galduei
erantzun egokia ematen saiatu,
hogeita hamabost urtez
bulego izan dudan gelatxoa hustu
eta dozenaka gauza etxera eraman,
lagunekin bizpahiru ardo kopa hartu
eta lanera gehiago itzultzeko beharrik ez.
Hamabost egun pasa dira konturatzerako
paper zuria aurrean dudala,
neuk idazten joateko neronek hautatu irudiak.
Zirriborrorik gabeko orri hutsak,
bete beharreko taula zentzugabekorik ez,
aginduz betetako lerro astunik gabe,
marra gorri arrotz gehiagorik ez,
programatutako bizitza ahaztuta
eta iratzargailua arrunki itzalita.
Erretiroa du izena,
eta niretzat berriz estekatzea da,
bizimodu lasai bati lotzea,
atsegin dudanarekin elkartzea.
Piano soinuek osatutako harmonien garaia,
kolorez betetako koadroena,
esaldi miresgarrietako liburuena.
Denbora –ai, denbora– egin zait opari,
izan bedi ere bikain, nare eta oparo.

Disfrutau!
Hala espero dut! Eskerrik asko 🤗