Esan ezinezko mina

Ur berriak iragazi ditu hitzak
gure baitan, gure ahoan,
eztarriak isilarazi dizkigu
bokalak eta kontsonanteak,
belarrira iritsitako ahotsak
soinua galduz doaz
tinpanoetan barrena.
Ideiak soilik geratu zaizkigu
burmuinaren bide bihurrietan,
hizkuntzarik gabe,
inongo hitz eta esaldiri
atxiki ezinik, ezinik…

Pentsamenduak isolatuta
itsas zakarreko irla batean,
adierazpiderik ez,
ulermen mugatua,
marmar ito bat besterik ez buruan,
isiltasun lodi bat,
logikaren katebegi herdoilak
munduari lotzeko ezgauza ustelak,
eta nahigabe mugagabea
ezer idazteko unean,
Kafireako itsasarterako
hizki egokirik ezean.

Haien lekua hutsik utzi dute
ur hauetan ito diren beste
hirurogei afganiarrek,
haien alfabetoak ez die
bizitzeko balio izan,
ezta gureak ere.

Utzi iruzkina