Aurkezpena

Zer topatu dezake orrialde honetara iristen denak?

Matematikako irakasle batek sorkuntza arloan egindako hainbat gauza: idatzitako poesia, argazki ugari, unibertsitate-lanari buruzko aipamenak, ibilbide baten laburpena…

Orriak berak ibilbide nahiko luzea du. 2005ean ireki nuen lehen aldiz blog bat sarean, zerbitzaria aldatu behar izan nuen aurrekoa desagertu zelako eta oraingo honi, itxura berdinarekin hamarkada bat egin ondoren, aldatzeko unea iritsi zitzaion 2020a bukatzear zegoela. Urte horretako abendutik orrialdea puntu.eus domeinuan dabil. Bertan jarraituko dut olerki eta argazki berriak argitaratzen, eta blog zaharreko edukia hona ekartzen saiatuko naiz ere, baina ez da inoiz gauza bera izango…

Beraz, Erdi Aroko jauntxo baten antzera, domeinu oso bat erosi dut (alokatu, zehazkiago); ez da garestia izan. Egoera horrela, gauzak berrordentau ditut pixka bat, eta nire domeinuko lurraldeetako ateak eta langak ireki ditut ere, idatzitako zenbait gauzez gain, egin izan ditugun irakurraldietako irudi batzuk eta ikerketa-lanarekin lotutako beste zenbait artikulu erakutsiz, kuriositatea duenarentzat.

Lana hartu dut hau dena prestatzen, gustatuko litzaidake bisitarientzat leku atsegina izatea. Jende aurrean zabaldutako tokia izanik, bisitak ongi etorriak dira uharte txiki honetan, baita ere bisitarien mezuak eta erantzunak.

Amuitz Kantauriko uharte txiki bat da, orri hau bezala. Altxor ezkutuak badaude, norberak aurki ditzala!


Hemen duzue Amuitz

Zeure itsasoan islatutako uhartea,
zeruetako eguzkiari
eta ozeano sakonari begira.

Babesik gabeko irla, moilarik gabea,
ezin nire txalupa bertan lotu
zeuregan atseden hartzeko.

Berde eta urdinen uharte bitxia,
gorri, horixka eta anbarrezkoa,
kresalak higatutakoa.

Ene irla, artxipelago osoa,
itsas korronteen artean
igeri arazten nauzuna.

Harkaitz malkarretako uhartetxoa
haizetearen aurka borrokan.

%d bloggers like this: