Bart, Manderleyra itzuli nintzen ametsetan

Gaua, esango nuke gaua dela. Ez nago ziur. Kolorerik ez, ilun dago ingurua. Landareak belztu egin dira. Belardia, zuhaitzak, airea bera ere itzalita daude. Etxea isilik dago lorategiaren erdian. Mugimendurik ez hesiaren alde bietan. Burdinazko atea itxita dago, baina sarrailarik gabe. Esango nuke gaua dela eta inor ez dabilela inguruan, baina ezin dut ziurtatu. Inor ez ikustea ez baita nahikoa esan ahal izateko inor ez dagoenik.
Nonbait gramofonoa martxan jarri dute. Tronpeta eta biolin soinuak isiltasuna zulatzen du indusmakinak lurra zulatzen duen moduan, astiro baina indarrez, poliki bueltak eta bueltak emanez, etenik gabe, isiltasun apur bakanak bazterrean botaz. Tronpetak barrura jotzen du, biolinek zeharka eragiten dute. Musika hedatuz doa lorategiko bidexkan zehar hesiraino iritsi arte, hesia igaro eta landa zabaleko iluntasun gordina blaitu arte, pagoen adar eta hostoak dantzan jarri arte.
Gramofonoa etxe barruan egongo da ziurrenera, baina ezin baieztatu. Ikusi barik ere, esan nezake norbaitek paratuko zuela binilozko disko zaharra jiraka gramofonoaren gainean. Ez ote da dena nire irudimena izango? Ez: Alan Rawsthornek konposatu zuen lehen melodiak airea zeharkatzen du indarrez. Soinua ozenagoa egin da bat-batean, jauretxeko lehen solairuan leiho bat zabaldu denean. Itzalen artean itzal ilunago bat ikustea iruditu zait, gela barnean ezkutatu aurretik. Argitasun ezak ezin du gorde garai batean eraikinak izan zuen dotorezia, atarien handitasuna, mailadien neurri itzelak.
—————————-

Sukaldean zegoen eserita, katu beltza laztanduz. Altxa egin zen, kristalezko botilatik esnea isuri zuen platerean, eta kontu handiz leiho azpian utzi zuen animaliak edan zezan. Argi gutxi zegoen, korridoreko atetik sartzen ziren izpi apurrak besterik ez. Katuaren mugimenduak, ordea, aise ikusten ziren baldosa zuriaren kontra, buztana tente aurrera zetorrenean. Ordurako etxe zaharrean dantzan zebiltzan saguen bila joateko grinak jota, esne-plateraren ondotik igaro zen mantxa beltza, sukaldeko aterantz abiatuz.
Botila arraska ondoan utzita, berriro ere mahai ondoko aulkian eseri zen Danvers andrea. Zaharkitua egonik ere, zimur gutxi zituen aurpegian. Ilea urdintzen hasita ere, sendo zeukan bildua buruaren bueltan, ile-korda luze batez. Noizbaiteko edertasun misteriotsua aldatua bai, baina ez zegoen desagertua.
Katuak ere bere beharrik ez zuela ikusita, beste zereginetara zuzendu zuen asmoa. Ez zuen gogoratzen noiz entzun zuen zaratarik etxe hartan azkeneko aldiz. Noiztik ez ziren entzuten doinu alaiak Manderleyn? Ez zekien non egongo ziren gordeta etxeko nagusia zenak Londresetik itzultzen zenean ekartzen zituen diskoak.
Etxeko kontuen ardura beti egon zen bere bizkarrean, baina lorategi eta soro guztien erantzukizuna ere bere gain geratu zenetik bizi zen bakarrik egoitza hartan. Baziren urteak beste inork aterbe hartzen ez zuenik garai batean horren bizia izan zen jauregian. Urte gehiegi gramofonoa egongelako armairuan geldirik zegoela. Katua eta bera, zenbait sagutxo, eta noizbehinka, balkoietako ateak zabaltzen zituenean, galdurik sartzen zen txolarre galduren bat -hauek ziren etxeko bizilagunak. Postariak eta dendako morroiek ez zuten hesia zeharkatzen, nahiz eta sarrailaz itxita egon ez. Guztientzat zegoen itxita irudimenezko kate astun bat burdinazko atean.
—————————-

Ai, ene eguzkia! Non ote dagoen udazkeneko hego haizearen gardentasuna! Orain, ustezko gau honetan, gogoan ditut Verdiren amodiozko duetoak zuhaitzen artean maitaleei dei eginez, itsas labarretik gora zetorren olatuen burrunba gainditzen. Orain, isiltasun trinkoari ebakitako zatiek ez dute non erori, ez dute nora ihesi.
Arroketara jaisten den bidea hesia amaitzen den lekutik abiatzen da. Han zumar heze batzuek adierazten dute amildegian behera egiteko bidezidorraren hasiera. Zumarron artetik, zelaiak atzean utzita, itsaso zabala ikusi ohi da bere handitasunean, giro argitsu eta lehorra dagoenean. Orain ezer gutxi antzeman daiteke harantz so eginda. Labarraren azpialdean, gotorleku moduan erabilitako lurmutur baten babesean, moila txiki bat dago txabola baten ondoan, iluntze honetan lainoak estalia. Badian barna txalupa txiki bat hurbiltzen ari da farorik gabeko kostalde honetan.
Norbaitek jarri du martxan gramofonoa, eta honek hedatzen duen doinuak karrankaz baina indartsu mozten du lainope geruza. Txalupatik -honakoa bai, ziurtasunez esan ahal dudala- beste norbaitek entzun ditzake konpas gehienak, olatuen marmara artean. Etxetzarretik datorkion musikaren esanahia uler dezake ere, badakielako nork jarri duen diskoa biraka, zergatik aukeratu duen musika hori eta norentzat ipini duen. Badakielako berari egindako gonbidapena dela, txalupa kai txikian lotu eta akazia eta magnoliaz betetako lorategian sartzeko. Lehen egiten zuen bezala, gau umeletako itsas bidaiak Manderley etxaldean amaitzen zituenean.
Nagoen lekutik ondo ikusi ahal izango dut harlauzetan gora igotzen denean, zumarretara iritsi arte. Lorategian ez dago inor, gaua dela esango nuke, eta Rebeca honantz dator, bere pausu azkarrak entzuten ditut.
—————————-

Danvers andreari gramofonoa martxan jartzea bururatu zitzaion. Dagoeneko museo pieza bihurtua zegoen traste hura, baina bazebilen. Bitrinatik disko bat atera zuen, eskura zuen lehena eta aparailuan ibili izan zen azkena, Alan Rawsthornena, noski. Tronpeta eta korda orkestra txikirako kontzertua, hain zuzen.
Musika ederra, benetan -pentsatu zuen. Eta bere gorputzari buelta pare bat eman arazi ondoren, diskoaren ibilera imitatuz, balkoira hurbildu eta atea zabaldu zuen. Bazekien txalupa hurbiltzen ari zela, apar arinaren gainean ontzia lirain zetorrela. Ez zen balkoira atera, ez zuelako jakin nahi gau iluna ote zen, ez zuelako jakin nahi amildegiko bidezidorra hezetasun tantek bustitzen ote zuten. Ez zuen gortina zabaldu ere egin, ez zuelako ikusi nahi itsaskirriak ontziari mehatxu egiten.
Baina ederki zekien aspaldiko gau umeletan bezala, burdinazko atea irekiko zela, eta hura igarota Rebeca agertuko zela akazia eta magnolien artean. Hainbeste urte sarraila ur sakonetara elkarrekin bota zutela!
—————————-

Isiltasun zatiek itsas aldera jo dute, azkenean, eta haizeak eraman ditu. Musika entzuten dut nonahi, eta zineman ikusi ez nuena orain ikusiko dut, arrosa usainaren lurrina tronpeta doinuekin nahasi egiten den ilbetearen argitan: Danvers andrea zain, Manderleyra itzuli da Rebeca.

 


 

Iruzkinik baduzu, hemen:

%d bloggers like this: