Ezusteko argonautak

Κωνσταντίνος Βολανάκης (Konstantinos Volanakis) – Αργώ (Argo)

Maiatz aldizkariaren 71. alean argitaratutako lana

Booktegi-n ere plazaratua

Ezusteko argonautak

Aurre-atarikoa

Atzetik aurrera, bidea desegiten,
edo aurretik atzera, bizitza berregiten:
hori zen hautua, hori helburua,
ordenaren zentzua antzemateko gustua.
Atzerako ibilera abiadura motelean,
etenik gabeko jarduna inoiz gelditu gabe,
eguneroko bizimodu eroaren
urrats bakoitzaren esanahia nabariz.
Keinuen ikertzaile gisa,
jarreren aztertzaile porrokatu honek
badu zer azaldu:
oihu ozenaren arrazoia,
oihua bera baino geroago lehertzen baita
poliki, biluzik, ageriko.
Eta oihuaren ondoko oihartzun luzeak
ereindako basoan, zoriona,
bihotza behingoz irekiz azaldu beharrekoa.
Zein da zergatia? Zein erantzuna?

Lehen atala: bidea

Noiz ekin genion? Hastapenean,
metropolia utzitakoan,
urtaro beltz ilunean,
zerbaiten bila, agian,
zerbait ahazteko zorian.

Orduan ere, ibaietako urak jelatu ziren bat-batean
eta gure bideko ihintza, hormatu.
Kris-kras errepikakorrak lirateke gure urratsak,
eman ahal izango bagenitu,
baina zeru argitsuan desagertutako hegazkin batek
utzitako lurrinezko arrastoaren antzera,
gure oinetakoen aztarnek
jarraikortasuna galdua zuten.
Etena zen segida, modu saihetsezinean.

Zeren, etxea urrun zegoen oraino:
egongelako epeltasuna,
apalategiko liburuen ilara isila esku dardartien zain,
sutondoko besaulkian esertzeko asmoa,
irakurgaia eskutan leihotik sartzen den argipe lausoan.
Zeren etxea, urrunean,
utopia erakargarria besterik ez zen artean,
oinak lurrean iltzatuta,
eguzki errukigabearen erradiazioak
azala erretzen zigun unean.

Eta hotza, eguzkipean ere, hotz ankerra.
Mina zerion hotza, guri itsatsia,
hotza larru ahulean, hotza barnean.
Haran zurituaren gailurretatik erauntsian,
urtegia lehertu eta handik eskapoan
irtendako ur menderaezina balitz bezala,
haizeak kolpatzen zituen
zuhaitzetako adaxkak, sasietako hosto lehorrak,
elur artean herabe
tarteka ilki ziren belar aleak.
Landare atalek ezin eutsirik ia
bafada izoztuaren indarra,
hala gu, zutunik egoteko ezgauza,
oinaze bortitzari amore emanez
eskuak lurrera boteaz.

Irudi bat, gogoan;
helburu baino, oroimen,
metropolitik zelaira ekarritako larrimin ohikoa.
Oztopo, aurre egin beharreko hesia,
burmuinean eskegitako hilotza.
Bakardade partekatuan
helduleku bakarra,
epeltasun ametsezkoa,
lasaitasunerako grina,
esperantza apur bat,
desio bete ezina.

Bost minutuko tartean, urduri,
erabakitzeko beharra egokitu zitzaigun, nahitaez.
Osotasun zurian osagai,
betiko erori zerraldo,
ala nagia uxatu, hozmina,
nekea eta utzikeria,
tentetu, luzatu eta esan
bakoitzari besteak: aurrera.
Atzera hasi baikinen,
oihuaren arrazoia baino lehen,
alda dezagun bidea, aldatu jomuga,
goazen bada etxera, goazen gelara,
ez diezaiogun ezkuta bakardade gorria
haize hotz, temati, nekaezinari.

Baina geldirik jarraitu genuen, badaezpada,
pixka bat, beldurrez agian.
Itxaroten zerbait,
itxaropen izpi batek asmoak argitzea,
erabaki irmoak hartzeko indarra.
Ez da erraza zenbait leku abandonatzea
eta horregatik sortu zitzaigun aurrean
ur bero sulfurozko putzua,
bertan gera gintezen,
azken gau bat igaro genezan
uretan kiskaltzen izarren azpian.

Gero ohartu ginen ordura arte
atzekoz aurrera egindakoa
ez zela zuzena:
lehenik kausa, ondoren oihua behar duela.
Eta ordurako oihu eginda ginen
elurretan, haizetean, ur putzuan.
Kausarik ez genuen bilatu behar,
noizbait sortuko zen, iraganean,
eta oihurik egiteko arrazoirik ezean,
azkenik, beldur guztiak uxatuta,
esperantza hari mehe batek bultzatuta,
zelai erdiko etxera abiatu ginen,
baso zuriak, brisara fina,
gorroto izoztua,
bakardade partekatua.

Bigarren atala: etxea

Gortinak, noski.
Egurrezko markoak, leiho pintura-harrotuak,
atean gontz herdoilak.
Baina gortinak, zahartxo, abegikor.
Malenkonia usaina egurrezko tabureteetan,
ohol urratuzko mahai azalean,
bazterretan ahots isilduen oihartzun ebokatua.
Hori zen etxeko sukaldea sua piztu aurretik,
hezetasun lodian atseden hartzen
norbaitek berriro lapikoen zarata
txaparen gainera ekarri arte.

Paper batzuk armairuko tiraderan,
egun ezezaguneko mandatuen agiri difuminatuak,
boligrafo bat aspaldian erabili gabea,
kaiera erdi hutsa, zehaztasun urriko ohar zaharkituak.
Etxeko memoria lausotua zen s
oinu indargeekin nahasia,
leihoaren bestaldetik zetozen
hots larriekin zorabiatuta.

Beraz, bideko oihuen zioa hirigune deuseztatuan,
uneko bakardadearen jarraitkorasuna gure artean pitzatuz,
etxeko urrin mikatz bereziak
leku egin zion baretasun bilatuari.
Atzekoz aurrera egindako bide okerrak
erakutsi zigun egoteko
–egon besterik ez, egonean egon–,
kemena, nahitaezkoa.

Teilaturik gabeko etxerik ez.
Hala, gurearen teilak babes,
atxikitzen gintuen espazio kubikoaren seigarren azala:
lau horma, zorua, eta han nonbait, iritsiezin,
zutabe eta habe gurutzatuen gainean
gailurra, teilak eta euri uretarako hodi lodiak.
Gure babes, mehatxu ere,
bere altueran gorderik duen indar potentziala,
ezustean, istripuz, utzikeriaz
seko lurpera gaitzakeena.
Gure babes, behin-behineko, edozelan ere.

Eguzkiaren izpiek gortina urratzeko borrokan
argiune ikaratia barreiatu zuten edonon,
sukaldean, korridoreko alfonbran,
eskailerako baranda lanjerosean.
Ez genuen oroitu nahi kaierean idatzi berri genuen hura:
nondik gentozen, zergatik oihuak,
zer topatu nahi genuen aurrean.
Eskailera arriskutsuak moztu zigun
oroitzeko gogoa, jakiteko grina,
gora igotzeko bultzada.

Baikenekien, ederki jakin ere,
idatzitakoari hasera ematen ziona kasualitate hutsa zela,
bide bati ekin beharra,
ekaitzaren erdian etxe eroso samarra topatzeko premia,
hainbat lerro gordin aurpegiratzeko erraztasuna,
etorkizunetik orainera, eta orainetik iraganera
abiadura handiko garraiobide mentalean
txango haluzinagarria burutzeko xarma.

Horregatik korridoreko alfonbra osoa
hanka-hutsik igaro genuen,
oinazpiarekin artile gogortua zapalduz.
Argiune ikaratiak jarraitu gintuen
egongelaraino.

Hirugarren atala: egongela

Liburutegia han zegoen, egongelako pareten artean,
oker, heze, ilun,
bai: zoragarri.
Antzinako koadernatzea,
larruz eta pergaminozko azal behialakoak,
kartoi marroi higatua eta soka fin josia,
eta ale bakoitzaren barruan paper hondatua,
inprenta zaharretan letrez hornituak, ez betiko.
Berriagoak ere, mende haserako nobelatzarrak,
inoiz bizitako bizitza-sorten katea.

O, zenbat gauza irakurtzeko,
noiz eta koadernoan gure ziztadak
apuntatzen hasi berriak ginela.
Gure arteko solasetik sekula ateratzeko ez ziren geziak
ondo ordenatuta paperean,
tinta beltzez jarriak.
Han zeuden, baldintza bakarra ezarrita baikenion elkarri:
hau ez da hemendik sekula aterako.
Betebehar bakarra,
konpartitzen genuena inori ez erakustea.

Baina bidea aldatuta genuen atzetik aurrera,
oihuaren zergatia gerorako utzia,
etxean ostatu hartu genuen
eskailerak ezin igota ere,
eta orduan, baldintza bakarra herrenka hasi zen
barandari lotua.
Ixo, zenion, zenidan, ixo!

Eskerrak asmatu zidatela bolizko dorrea,
bertan sartu eta hitzekin jolastu ahal izateko:
koldarra, esan zioten
behiala bere dorretik irten nahi ez zuen jokalariari,
eta hark –nik–, irribarre isil batez
erantzun zien guztiei –zuri–,
arrazoia zeinek ote zuen axola ez ziolarik.

Sotorako bidean, ihes,
partekatu genuen hutsune trinkoa
antzemanezina bihurtu zitzaidan;
behingoz, ez zintudan sentitzen,
ez eta bakardade anpulu hartan ere.
Behingoz, ez ginen.
Liburuak ziren, istorioak,
gezurrezko ibai, bide, etxeak,
alegiazko bizitza tristeak,
gorrotoak, amodio asmatuak,
ekaitzek piztutako pasio sugarrak.
Gu, ez ginen.

Hitzak baitziren amarru,
gezurra, egia huts,
eta egia, gezur.
Aitzin garaietako liburutegi erraldoi ureztatuetan
geratu ziren guretzako izkribu
zatar, alu, hasieratik faltsu, amaieran antzu.
Jarri geniolako ikur lorgarri
nahi genuena ilun;
besteen hitzek,
patxadaz landutako esaldi ederrek,
infernua garatzeko aukera zekarten,
eta nik –jada ez guk–
etzan, abandonatu, lo hartu nahi nuen.

Laugarren atala: loa

Ala ez nuen lorik hartu nahi?
Etzan, zure loa antzeman, xurgatu.
Ilgora zen, argi gutxi.
Milaka izar zeru beltzean, milioika,
eta gu, planeta ziztrin batean:
baina zer nahi dugu, zer?
Zer da nahi izatea?
Zergatik nahi? Iraun, egon,
egokitu ur-haize-denbora korronteei,
beharrik ez, izarrik ez helburu,
ilgorak argitutako xendra jarraitu,
hori gure bidea, gure loa.

Gure lorratza utzi, zure loa,
eta nire gaubeilari eutsi nahi nion.
Gero etorriko zen, ziur nintzen,
begiak ixtea, burua bere ibai bidean uztea
eta, apurka, lo goxoa hartzea, gero.
Esna nengoen, borrokan,
zure loa ez baitzen nirea.

Eutsi, eutsi beharra amore eman gabe,
eskuak tinko, indarrez.
Ez zedila izan fantasiazko ametsa,
errealitate ilun honen gezurrezko faroa
amildegi ezezagunetan galaraziko ninduena.
Ilargiak hartu dio lekua eguzkiari
errezel granateen atzean,
argi hilak aurpegi zurbila eraikitzen dizu
begirada irauli galduaren gainetik.
Orbita gertuagoetan ikusi genuen argia
sufre putzuetan bainu hartzean.

Ametsik gabeko lorik ote?
Gau osoa niretzako
eta nik nahikorik ez joandako egunarekin,
ibai menderaezin moduko egun ahituarekin,
zurrunbilo eroak arrapaladan eramandako
zantzu mugatuekin.
Nola ordeztu –hura zen galdera–, nola eraldatu
eguneko bizipen zorrotz iltzatuak
gaueko irudikapen bareetan,
nola harrapatu sukaldeko hezetasuna
gaueko amets bustiak lortzeko.

Bide erdira heldu gabea nintzen,
metropolian amestutako lurralde berdera ezin iritsia,
eta soilik neukan helmuga urrun bat,
nekeak eragindako logalea
eta zu, ondoan, zurrunka.
Bakardade partekatua lagata,
ohe bakartia aterpe.

Une hartan, loa, arnas sakonarekin bat,
lo gordina, mardula,
gorputza pisua, gogoa arina
eta sentimenduak utzita.
Beharrezkoa, zauriak sendatuko badira,
onbera jasoa, atseden hartzeko nekea.
Eta loarekin batera ametsa,
hitzik gabeko jarduna,
gaitasunik gabeko indarra,
irudi zoroen katea:
ametsak bildu ninduen
kanpo aldetik barrura.

Hemen beste mundu bat destolesten da,
miraria,
handik eta hemendik jasotako perpausak,
maitasun ustelak, desira umelak.
Maite izandako gorputz atalak,
amodiozko azal beltzaran leunak,
aspaldi desagertuak ahotik,
noizbait zurrupatuak baldarki,
“gogoratzen?” galderaz beterik.
Hona heldu nahi nuen, ziur naiz,
bide erdian zu lotan utzita,
nire mamuekin amesten.
Hor agertu baitzen berriro
salbaziorako aingeru guardako
abandonatu gabeko mintzoa
bere ezpain meharren artean.

Nire loa, nire ametsa,
ahaztu ezinezko arrosa.
Atzerriko hizkuntza kilikarian jasotako hitzen errepikapena:
zure begietako irria, zahartzen ez den amodioa.
Liburuetako hitzek sortutako ezereza,
bidaiatutako bide guztietan igotako aldapak.
Egunero lerro bat eransten dut kaierean
eta gauero ezabatzen diot azken hitza,
loa baita atzerako bidea,
eta ametsa, arbasoenganako estrata.

Baina aukera bakarra ametsaren ostean,
lo sakonaren ondoko txangoan,
leihoa erdi zabalik goizeko hozkirritan,
iratzarri eta esker oneko otoitza eskaintzea
zintzo, bakarka, baina bion izenean,
eta gure aberri txiki kutunera datorren hiribidean
hurbiltzen den erauntsiari “egun on” esatea.

Bosgarren atala: lurra

Etorbidearen alde banatan zumarrak,
hartxintxarren artean malkoak,
gure begien arteko distantzia galdua,
eta nik ez dakit zugana hurbiltzerik dudan.
Inguruko belardietan elur urtuak
errekatxo estuetan behera egiten du
gugandik ihes.

Esnatu gara biluzik zozoak bezala,
hemen nago bazterrean eta zu,
belauniko, jainko ederren peskizan,
kanpora penitentzian harlauza hezeetan.

Lurraren gainean arrastaka daramatzagu oinak,
oinetakoen arrastoa buztinaren gurian;
hori gara gu, egindako bidea,
lokatzaren erdian utzitako zantzuak.
Etorkizuneko arkeologoek
harramazkaz lortutako aztarnek
azalduko dute nor ginen,
zein musika obra sortu genituen,
nola maitatzen genuen natura
eta zelan elkar maitatzen genuen:
aztarnak lokatzetan,
oinek lagatako forma eternoak,
horiek izango dira utzi genuen oinordekotza.

Baina lokatza inguratzen duten harriek,
paisaia karstikoak berde ilunez
inguratutako harkaitz forma zailek
zehaztasunez, zorrotz,
adieraziko dute nolakoa izan zen
gure ezintasun kronikoa.
Ez ginen deus,
lurra markatu ondoren
desagertutako izpiritu hutsalak, soilik,
ezer eza lurraren gainean,
fantasma galduak betirako arrastoaz
eternitatea irabazi nahian.
Ahalegin ezdeusa,
bai bagenekien ahantziak izateko sortuak ginela.

Haitz multzo luzea mendilerroan,
harkaitz latzak bide alboan,
errekarriak sakabanatuta galsoroan
eta koloretako harrixkak lorategian,
mundu solidoaren gainean
eraikitako unibertso likidoa,
mineralen gogorra apurtzen duen haize mugikorra.

Horrela eraiki baikenuen ere bizitza aldakorra,
sustrai finkoak zituelakoan lur gozoan sortuak;
baina ez zen hala,
behetik gorako ziztuan bizi ginen gustura,
zimentarriak babesleku hartuta,
geruza gogorrenak euskarri behinena.
Den dena erortzeko arriskua
baztertu genuen, nahieran,
eta lurrak hartu gintuenean
arnasa galduta genuen, baboak.

Galduta ere abesti zaharren ahotsa,
ene lur neurea,
zuhaitzak eusteko oinarri,
geuk zapaltzeko lastaira,
helduleku sendo,
larrialdien lasaigarri.
Beti itzuliko gara lur ilunera,
desegiten utziko ez gaituen lurrera.

Harri, lokatz,
urratsez urrats moldatutako lur nirea,
ez nazazu ahantz
zuregana etorriko naizen gauean.

Seigarren atala: doinua

Ezin baitzen azaldu barnean nuena.
Doinu errepikatu batek eragiten zuen promesa,
bozkario baten ametsa, lortu ezinezko lorea.

Honaino iritsita konturatzen naiz, ordea,
esan gabekoen indarrak eraisten duela hitza,
isilarazten musika.
Asmo bakarreko jarioa da nirea,
anizkoiztasunik gabea,
soila, bakana, xumea.
Pianoan jotako akordeak,
behin eta berriz,
erotzeko moduan garatuak,
behin eta berriro,
antzekoak, igualak ia,
joandako urteen antzera,
bizitza soila, sinplea,
ekintza bakanak hari luzean,
pasadizoen arrosarioa, aspergarria,
letrarik gabeko doinua.

Eta zer abestu gabeko abestia
ibiliko bagenu buru barruan,
entzumena lehertuta,
eta harmoniarako sena ozen
ideien arteko hutsune apatzean?
Dantzatuko al genuke orduan
gure bigarren baltsa, biolinak entzuten
eta ahoa mutu erabat?

A!, baina hor dugu dantzarako pista,
eta bere inguruan mahaitxoak
txanpan kopez beteak,
eta hor tarteka berriro ere kaierak,
koloretako lapitzak eta nire eskua, motel,
bitartean pausu konpasatuak oinean,
hatzek arkatza erabilarazi ezinean.
Zeren doinuak mugitzen dizkigu belaunak,
orkatilak, izterrak, gerri gaineko atalak,
baina hitzik esateko gaitasun ezak
berbarik idazteko paralisiak
letrarik gabeko doinuarekin
bakarka utzi gaitu,
beste behin, goibel, lantu.

Hitz joko, buruhauste,
erratza pasatutakoan utzitako pindarrak,
garunetik ahorako bidean
hitz zatar kiribilduetan
eraldatutako asmoak.
Esan nahi izan nizun, laztanki,
baina aho mutu geratu nintzen, harritu.
Doinuari jarraitu genion, isilik,
letrarik gabeko bertsoak zapalduz.
Euliek kristalaren aurka nola
oinazpi biluziak leunki igurzten
murmurio deserosoan.

Azkenean gogoetarako esaldi hitsak,
poeta galdu bati lapurtuak, agian,
oinazea edonork du inguruan:
eutsi, gauak alde egingo du ihesi,
negarra zotin bihurtuko egun argiz,
zotin ahul, etsia, bisaia gotor, gorri begiak.

Zazpigarren atala: labarra

Ai, metropolia utzita eta bere etxe orratzak,
izenik gabeko haran elurtuetan galdu ginen,
aterpe bila, putzu berotan
eta negutegi hezeetan loreak lapurtuz.
Baina atzerako bideak itsasora jo behar zuen,
derrigor, iragana han ito baikenuen.
Epela, ozeanoko korronte zabalek ekarria,
epela neguan ere,
elur malutarik ez hondartza infinituetan
eta kala estuetan.
Nekea bai, antzinako akidura,
hondarrezko zoru bigunak moteldutako ibilera,
ez aurrera ez atzera,
mareagorak estalitako arroka lirdingak
eta itsas belarren arteko xendrak.

Hala abiatu ginen haitz zurietako labarrera,
Urrun hirigunea, soilik ikusgai iluntzean
milioika farolen distiraz.
Bestela, belardi zabal iparrerantz isuriak
amildegi haizetsuetan amaituak,
eta gure bertigoa, ezerezera makurtzeko joera berezkoa,
inkontzientea, zoroa.
Zuhurtzia hanka-puntetan eta arrisku gozoa bularrean,
haize boladek eutsitako oreka ezegonkorra,
airean hegan egiteko gaitasuna amets,
besoak zabalduz salto egiteko grina mugagabea.
Mugarik ez aurrean,
eroritako harriek kolpatutako arroka puskak besterik ez,
zergatik ez?
Errazagoa baita edozer atzean uztea
edozerk gu uztea baino. Zergatik ez?
Etxezain ilun batek belarrira xuxurlatuta…
Olatuen artean beldurra,
arroka jipoituen artean, txalupa.

Antipodara joateko ontzia
buruz behera zutik egoteko lekura,
sumendietako kraterrek beste aldera begiratzeko,
filosofoen etengabeko itzulerak handik hona bueltatzeko.
Olatuak gaindituta, beldurrik ez.
Itsaso zabalean,
bakardade partekatuak egiten gaitu multzo;
hemen, une batez.
Azkenean, lerro fin eta mugikor batek bereizten gaitu bestaldetik,
marra lodi eta jarrai batek garamatza beste aldera.
Hegazti urdurien txioak aditzen dira
noizbehinka belardi ahaztuan,
isiluneak etorkizuna jotzen du
arpegio luzeetako segidan.
Zurrunbiloak eramango ditu
gertatu zirenak eta gertatzekoak.

O, ozeanoetako ametsa itzalita
haizetearekin batera,
eta bortxazko eguzki izpiek Ikaroren hegalak deseginda
hondartzara hurbildu beharra dugu,
astiro, kontuz, labarraren kapritxoetara lotuta,
landare mamitsuen laztanaz eta antxeta gorotzen irristez
plaia zabalaren urmael gazietara.
Itsasbehera da orain,
bakea berreskuratuta, eskuak lotu ditugu.

Zortzigarren atala: sua

Esnatuta iraun dugun bitartean sua piztu dugu.
Hatzez marraztu ditugu
zentzu gabeko ikurrak hareatzan,
lore ebaki berriak zimurtu direnean.
Dena kontrolpean genuelarik
burua galdu dugu, gogoak ihes egin digu.
Erokeria, gure antzera, aurrera ala atzera egin
jakin ezinik, noraezean.
Gero, lo hartu dugu, guk, ez suak.
Sua baita bizitza, eta bizitza-suntsitzaile.
Uretako zurrunbiloen antzeko suzko zirimolak
gauza guztien sorleku leherkari.
Baina hondarretan marraztu ditugun zantzu ulertezinak
erregaitzak dira,
hor diraute urratsez urrats inork desegiten ez dituen arte.

Eguzkiak landareak erretzen
erabateko isiltasunez,
zomorroek geldirik eusten bero sapari,
isilean haiek ere,
denborak etena hartu du
suaren zirimola baretu ahala,
erlojuen orratzak zalantzati
atzera egiteko asmoz,
eta musikaren konpasa zero neurritan,
notarik beroenak doinua txingartzen
basamortuko dunetan bezain gogor.

Hori da sua,
su izoztua, su geldoa, su iraunkorra.
Atsedenik gabeko beroaldia,
urtegi sikua, lur agorra,
berunezko isiltasun gordina.
Pasio berrituaren erasoa,
ase ezinezko harreman errea.
Eduki nahi zaitut ondoan,
suzko haize eroa,
besarkada itogarria,
larruazal beltzaran estua,
arnasestuka jausten zaidana zeru zuri urrunekotik.
Leherketa supitua,
onddo atomikoa,
su gardena,
istant bat eta eternitatea.

Uharte urruneko sumendi mitikoan
bere buruaz beste egin zuen jakintsuak
berarekin zeraman osotasuna,
gauza guztien arrazoia eta ondorena,
bilaketaren zergatia
eta aurkikuntzaren erantzuna,
eta den dena erre zen, dena erre zuen maisuak sutan
jainko batek unibertsoa erre lezakeen eran,
osotasunaren errautsak
kraterraren gainetik mundura zabalduz.
Hamabi urrats egin zituen sumendiko zulora,
eta ekarri zigun horrela salbaziozko kantua,
pasio lizunaren txingarrak
ibaietako jarioa lurruntzen zuela.
Eta pausuak zenbatuz zihoala
zenbakiak ere erre zituen,
bederatzigarrenetik aurrera
ez zegoen beste aldeko ustezko bizitza baizik,
eternitatetik etorriko zitzaigun arima
edo zalantzazko ahots lodia,
partituraren suzko doinu beroa.
Gezurrezko udara, egurats kirastua.

Baina denborari denbora emanda,
arrazoi entropikoaren erruz
hotza nagusituko den moduan,
su eternalari betikotasunak alde egiten dio
eta maisuaren uste sutsuak
ezertan geratzen dira,
osotasunaren osagarri, hutsa,
desioen apalgarri, lasaitasuna,
pasioaren suhiltzaile, barealdi otzana.

Bederatzigarren atala: beldurra

Beraz, hotzak alde batetik, suak bestetik,
eragindako beldurra zen guztiaren arrazoi,
hainbestetan bilatutako funtsa,
atzera joan beharraren kausa.
Orekarik gabeko bizitzaren zergatia,
zioaren eta ondorioaren arteko talka.

Izu itsua, gehiegizkoa,
atsekabe larrienak jasan behar izanari beldurra,
bizimodu torturatzaile ankerrarekiko ikara.
Ihesaren motiboa,
egindako guztiari aurre egiteko beharra,
elurteetako hotza, sargoriaren sua,
irrika multzo trinkoen higuina,
ezagututako munduaren porlanezko estalkia.
Eta helmuga bat iritsi beharra,
aspaldian lagatako amodioari eusteko obligazioa,
nahitaez elkarri lotu eta hala irautea.
Bestela: beldur jasanezina,
puntu infinitesimalak izatearen kontzientzia,
gurpilaren ardatzak utzitako hutsunea.

Noizbait gurpilaren itzulera errepikatuari
espiral forma emateko agindu gorena,
noizbait hasitako bidaiak amaiera izateko
edo, noizbait amaitutako bidaiak hasera aurkitzeko.
Metropolian utzitako hoberena
berriz aurkitzeko ala betiko galtzeko
–samin eszeptikoa estoldek eramana–
hiri handitik haran elurturako errepidean,
bihurgunetik bidegurutzera goazela,
marra zuriek zeozer erakusteko:
alaitasun izpi bat, irribarre xumea,
eskuak oratzearen ondoko epel gozoa.
Bestela: beldur jasanezin beltza,
marra zurien arteko asfalto zulatua.
Oroitzen du nire memoria zahartuak
gutxiago geratzen dela
belardi lasaietan berriz etzateko,
haran izoztuen putzu beroetan bustitzeko,
hondartza tropikalen ilunabarrak irensteko.
Baina ez dakit paradisua nire zain ote dagoen,
hala ni paradisuaren zain.

Ez dakit, basoko itzal luze ilunetara begira,
paradisuko legeak bota ninduen bere erresumatik
eta berriro ongietorria egin nahi didan,
hala infernuko botere indartsuak
bere su goritan erretzeko agindua zabaldu duen
lurrean, airean, uretan.
Beldurrak ez baitu begirik egia objektiboak epaitzeko,
beldur irrazionalak jaten nau
pipiak ebano zura zulatzen duen moduan.

Izuturik belaunikatzen naiz aldartea zeru beltzera zuzenduz,
zer botako dute gaur hodeiek besoak altxatzerakoan?
Infernuko errautsa, elur beltza,
labezomorro hegalarien plaga nazkagarriak…
hainbeste oinaze!
Lur bustiaren gainean etzanda,
arnasa sakon sudurretik behera,
lasaitu, gorputzaren barea,
ikara dardartiaren sosegatzea,
laborria usatzeko eskuragarri den antzinako moldea.
Gogoaren erdian beldurraren aurkako hesia,
gotor, geldo, itxaropen hazia.

Hamargarren atala: grabitatea

Gure gorputzak jauzi librean,
ez lurraren kontrako abiadan, ez:
bata bestearekiko bidean.
Hori ote zen beldurraren zioa,
elkarren aurkako talka saihetsezina
zein glaziaziotan gertatzekoa denaren aiotsa?
Baina dena erortzen da lurraren gainera,
zeruetako eta espazio urruneko eterra,
jainkoen desira aginduak,
eguraldiaren elurte eta sargori narrak,
natura oro har.
Hegazti zerutarrari alde egindako luma ere
jausten da lur azalera,
espiraletako bidaia luzatuan,
aireak mantsotuta eta haizeak bultzatuta.

Gure begiek ikusten dute gorputzen amiltzea
eta harekin batera kolpatzen gaituzten miseria guztiak.
Lurrun jainkotiarrek ere pisua baitute
eta hobe sekula lanpara magikotik irten izan ez balira.
Sumenditik laba erortzen zaigu gainera
filosofoaren ideia miresgarriekin batera.

Bitartean, erori egiten naiz ni ere abiadura bizian,
lurraren kontra, lurrean irekitako zulora.
Hari ikusezin batek heltzen nau, ordea,
zeru zabaleko hodei iheskorrei,
eta hodeien lurrunkortasun biguna
nire gorputzera hedatzen da.
Horrela, grabitatea arinduz, ez da kolperik,
nire zelulak sakabanatzen dira,
atomo nanoak barreiatzen lur azpiko isuri isiletan.
Atzera bidaia, arrazoien bila,
osotasuna desegiten, osagarrien xerka.
Zozoaren kantua aurkitu dut
zulo bustiaren kaiola apurtuan.
Kantua ere zerutik eroria.

Jakin nahi dut
bere indarrez erortzen ote den meteoritoa ziztu bizian
desertuetako hondarrezko muino mugikorretan,
ala lurrak erakartzen duen halabeharrez,
zure argiak nirea bezala.
Borondatearen atzamarrek egiten dute zauria.

Hamaikagarren atala: zurrunbiloa

Horrela, grabitateak eragiten du
planetak bere inguruko guztia maitatu eta erakartzea,
hala, jauzi librea maitasunezko ekintza
indarrezko bihurtzea.
Baina atomoen sakabanatzea
gorroto krudelaren ondorioa zen,
ezin ikusia, harmoniaren aurkakoa.
Gorputza berregin behar nuen,
hodeiekiko haria sendotu,
lertxunaren adarretan txolarreen txintak
entzumenaren ederrerako berreskuratu.
Dena segida azkar batean
–ordura arte bezala–
ihes, bide, elur, liburu, belartza.

Zurrunbiloan, batera doaz
maitasuna eta gorrotoa, arin.
Etengabeko espiralak daramatza
negar malkotan isuria
lore zimelak eta hezur kraskatuak,
ile kiribila eta aspaldiko argazki higatuak.
Itzal bat, lausoa, paretaren gainean,
argi artifizialak eraginda
gure buru artean igarotzen denean.
Gure profil beltza harraskako ur zirimolak
arrastaka darama denboraren estoldetan.
Jauzi egin genuen atzeraka
laztan galduak agertuko zirelakoan
berriro, beste behin ez bada ere, berriro…

Eta erorikoaren kausa asmatu ezinean genbiltzan,
gure borondateak kontrako norabidea
hartu nahi baitzuen, kolpe bakarrean.
Eskuetako hatzek eusten zioten zulo ertz latz solidoari,
lur azpiko errekak oinak lapurtzen zizkigula.
O, zeru urdineko argitasun bedeinkatua,
ilunabarra atzeratu dadila,
emaguzu denbora apur bat gerra honetatik irteteko,
eguzki guztiz ahaldun horrek!
Bestela, arrats-behera sekulako tristeena izango baita,
ihesa ezina, egonaldia ustela, joandakoa ahaztua.
Gure itzal lausoaren arima
ez dadila txotxongilo desitxuratu soil bat izan.

Ibai zabalaren bokalean elkartzen diren lez
olatu handietako aparra
eta euri-uraren korronte uherra,
erasoan, nahasezin, bereizi.
Soilik indarrez berdintzen diren aurkari bihotz gabeak.
Nola lortu genuen ganora
elkartu eta batera joateko,
nola ito gintuen bata besteari lotuta
hondorantz zihoan arranpak!
Itsasoko jainkoak esan ahal baleza…

Hamabigarren atala: zoriona

Beraz, han ginen, apurtu hondarrak leheneratzen.
Buztin, beira, portzelana, zura,
milaka puskatan, izandako eite galdua airean.
Nola jaso, bildu, lotu, ilargiak zurbildutako mundu zatikatua?
Zenbat ilargi ikusi genituen, bete,
han eta hemen, metropoli ahaztuetan
eta pagadietako hosto-adar artean?
Eta orain gezurrezko argiak
bakardade hitsa jopuntu bakartzat zuen.
Eta ilargiaren izpi ahuletan,
milaka puska haiek dir-dir egiten,
keinu bat bizirik geundenoi,
poz izpi bat islatuta panpinaren begietan.

Itsasoan, olatuen gainean ere,
lerro beltz zurien atzean,
ilargi urrunaren distira ontzi baten ubera bezala,
eta urrunagoko eguzki promesaren lehen zantzua
ortzi-mugatik gora.
Beldurra bakarrik eroria labarretik behera
arroken aurka desagertua,
eta belardietako hirusten azpiko itzala
lore berrietarako aterpe bihurtua,
hori zen naturaren bilakaera,
eta gure barne-indarraren aldaera.

Zenbat lerro alperrik galduak
egongelako lanpara hautseztatuaren ondoan,
leihoetako errezeletik behera isurtzen ziren printzetan.
Kaiera erdi betea zegoen,
baina ebanozko apaletan libururik ez zen geratzen,
den dena kopiatuta genuen gure orri behin zuri orain horiztan.
Asmatu nahi izan genuen ere hiri handietako mekanismoa,
jaso genituen eztanda bolkanikoen laba eta landaredi osoa,
disekatu genuen ukuiluko teilatura zetorren hontza grisa.
Bilatu genituen arrazoiak,
zurrunbiloetako mugimenduen ondoko bareak,
geruzen arteko hondakinak.

Musika geratzen zitzaigun, maitea,
doinu zahar baten oihartzuna,
mendi elurtuek itzultzen zigutena.
Hitz batzuk oraindik esan barik
orekarik gabeko bizitza honi eusteko.
Txantxangorriaren hegaldi azkarraz gozatzeko plazera,
hamahirugarren atal bat
astiro datorrela aurreikustea,
ilunaurre berri baten kolore sorta ederra.

Etxea bera ere, epeltasun eroso,
baztergarria genuen, utopia zelako,
nahikoa zitzaigun hitz bakarra, irribarre isila.

Guztiaren kausa topatu nuenean
oihu denak isildu ziren bat-batean.

Zuhaitzen adarrek itzala iruten zutela,
zerbait esateko nahia piztu zitzaidan,
ai, ez nuen uneko magia usteldu nahi izan;
haizearen xuxurla leunari arreta jarrita,
hor geneukan zoriona,
besterik gabe, inguruan,
hau zen dena, zure eskua nirean.

Atze-atarikoa

Zein handiak garen guztiaren aurrean
gure gogoak den dena harrapatzen duenean.
Zein ederrak kaierean idatzitako hitzak
larritasun okagarria irensten dutenean.
Zein maitagarria zure esku latza
nirea oratzerakoan.
Amestu al genuen zoriona
eta atzerako bidaia ezinezkoa,
ala eskainiak izan zitzaizkigun
garrasi esplikaezin batean?
Zerbait eternoa bada,
gure pertzepzioaren laburra.
Argi ikaratia, itsasoko gandua,
gure lur iluna, zozoen kantua:
atzetik aurrera, begiak zeruan,
aurretik atzera goaz isilean.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: