Neguko bizitza

Jurramendi ikusten da leihoaz bestaldera, urtarrileko ilunabarrean. Oskarbi dago, giro hotza. Tximinietatik kea ateratzen da, ipar haize ahulak teilatuen gainetik barreiatzen duen kea. Egur erre usaia dago. Duela aste bete elurra bota zuen, gogoz, eta jelatu ondoren, kale-aldapak labaindu eta ibiltzea ia ezinezkoa bihurtu zen. Gaur ordea, bestelako eguna egin du: zerua garbi-garbia egon da, eguzki argitsuak bazterrak epeldu ditu eguerdi aldera, eta orain, hoztu badu ere, kalean hotz sanoa egiten du.
Irratia jarrita dago, ozen. Urte berri on esaka ari dira egun osoz. Denborarik gabeko herrian bizitzea gustatuko litzaidake, batez ere honelako egun txoroetan. Etxe inguruko landareentzat bezala, horrelakoa da niretzako ere gaurko eguna: atzokoaren biharamuna, biharkoaren bezpera, besterik gabe. Herriko kaleetatik gora eta behera dabiltzanentzat, berriz, irratiko esatarientzat bezala, oso egun berezia da hau. Edonori, urtean zehar gorrotatu egiten direnei ere, urte berria opatu behar zaio, ozen.
Jurramendi eta Kodes mendilerroen artean muino ugari daude, hazten ari den gari berdeska baino haratago. Neguko ilunabar honetan, zeharka erortzen den argi garden batek laztantzen ditu muino haietako sastrakak. Gauez brisa hotz batek astinduko ditu sorginen orrazi idorrak eta gainerako landare zakarrak. Artaldea hortik ibiliko da, artzainaren esanetara hemendik hara, belar kondarren bila. Artzaina ere muinoen artean ibiliko da, artaldea zaintzen, urte hasi berriari zantzu berezirik hartu gabe, erabat iluntzen duenerako borda baten bila, hotzak akabatzea ez duelako nahi.
Herritik urrun ikusten dira Jurramendi, Kodes eta haien arteko tontorrak. Herriko biztanleek nekez senti dezakete artzainaren bakardadea, artzainaren hotza ilunabarreko haize finak bere irudia ebakitzen duenean. Irratietako esatariek ezin ulertu urte berririk antzematen ez duen jendea. Eta hor, bai, mendian, sastraka artean, denborarik ez dela existitzen badaki artzainak. Soilik daki neguko gau luze askoren buruan beroa eta sargoria iritsiko direla, eta egun luzeetako aroaren ostean, negua berriz izango dela bere bidaia-lagun. Hori da naturaren denbora, hori herrian ahaztu dugun denboraren igarotze lasaia. Arratsaldeko sei eta erdiak dira, hilbeltzaren lehen egunean, mendebaldeko bi mila eta bosgarren urtean. Urte berri on.
—————————–
Gaur goizean artzainaren bila atera naiz, pinudi aldera, baina ez dut ikusi. Pinuen artean, berriz, ardien arrasto ugari zegoen: haien kaka-bola txikiak nonahi, eta eroritako adarretan, artilea kiribilduta. Behe lainoa zegoen, ez zen mila metrotik harantz ezer ikusten. Agian artzaina inguruan zegoen, baina ezin ikusi. Egurra eta pinaburuak biltzen egon naiz, sukaldea pizteko. Hotza ari du, gauez hormatu du. Barazkiak egurrezko sutan prestatu ditut, eta ardo beltzaz busti eztarria.
Bazkalondoan laino behera desegin da eta eguzkiaren izpiek bazterrak epeldu dituzte pixka bat, horregatik berriz mendira irteteko gogoa ernaldu zait. Arratsaldean ez naiz artzainaren bila atera, haize freskoa dastatu nahi nuen soilik. Halere, pinudia eta galsoroen artean ikusi dut artaldea, geldirik ia. Ur putzutik gertu zeuden ardiak. Artzaina ez dut ikusi, ordea. Gaur gauean ere hotz honek zailduko du bere larrua. Ardo saltzaileak esan dit artzainak daukala ur putzura sartzeko giltza, eta eskatu ezkero putzura sartzen utziko didala. Bihar joango naiz artzainaren bila, urte berri ona opatzera.
Orain ilundu du berriro ere. Sukaldeko epelean ardo botila ireki dut eta tragoxka bat egin dut, irratiak albisteak behin eta berriz errepikatzen dituelarik. Gaur ez da urte berria, denborak aurrera jo du eta dagoeneko ez da zoriona, bakea eta maitasuna lau haizeetara aldarrikatu behar. Gaurko afaria arrunta da, egunerokoa, errutinarioa. Eskarola eta solomoa piperrekin. Patxaran bat edateko ordua da, ea horrela buruko mina pasatzen zaidan. Plazako tabernara irtenda, bihar arte.
—————————–
Arroza prestatu dut sukaldeko txapan. Lapikoan geratu dena biharko utzi dut.
—————————–
Lanbroa jaitsi egin da tximinietatik behera, eta sukaldetaraino sartu egin da. Leihotik ez dira aurreko etxeak ikusten, ezta eliz dorrea ere. Soroak desagertu egin dira, mundurik ez dago bakoitzaren sudurretik haratago, mundu ikusgarririk. Pinudira joan naiz, hiruzpalau zuhaitz daude bidearen albo bakoitzean, besterik ez. Huts zuria da gainerako guztia.
Elizatik kanpai hotsak datoz, hil-kanpaiak. Behe lainoa baino barrurago sartzen da hil-kanpaien tan-talan ozena, geldoa. Behe lainoa baino trinkoagoa da hiletara deitzen duen soinu astuna, tristea. Pinudian misterio giroa hedatzen dute elizako dorretik iristen diren kanpai deiek. Urte berria azken urtea izan da norbaitentzat, denboraren joan etorria betirako aldatu da arima batentzat. Artzainaren zantzurik ez dago, baina ardien kaka arrastoak geroz eta ugariagoak dira lur gainean. Erromero eta ezkai heze usaina dut hatzetan, pinu gazteen artetik datorren usaina ukitzen ari naizelako. Bakardadearen usaina aditzen da inguruotan. Jende ugari bildu da hiletara.
Pinuditik bueltan zarata handia iritsi zait laino gordinaren artean. Ikusi ez, baina gaztetxoak futbol saioan ari zirela entzun dut. Baloia ondo ikusteko arazoak ei zituzten, baina bota, beti aurrera botatzen omen zuten, entrenatzailearen ustez. Badaezpada egingo zuten, aurrealdea non zegoan asmatzerik baldin bazuten, behintzat. Altzifre baten adar ilun batzuk lotzen armiarma-sarea ikusi dut, ur tanta txikiz bustia. Hurbildu, eta armiarmarik ez.
Denbora joan ahala, argiak alde egiten digu. Laino grisaren argia, egunaren argia, bizitzaren argia eramaten digu kanpaiak, ordubetero adierazten digunean dirdirak ordu bat gutxiago iraungo duela. Ezkila madarikatua, erlojuaren esklabu esanekoa. Artzainak ere kanpaia entzungo du, Ega ibarretik urruntzen diren bide bakartiak jarraitzen dituenean, Arga aldera, betiko joan etorrian soro goibelak zeharkatzen, Lerin eta Berbintzana arteko eremu zabal geldoan mugimendu izpi bat sortzen.
Neguko malenkonia, neguko hotza. Bakardadea.
—————————–
Lanean egon naiz, datorren asterako prestatu behar dudan txosten batean, baina honi buruz ez dut hitz egin nahi. Irakurtzen ari naizen liburua berriz ireki dut, baina enegarren aldiz ezin izan dut orrialdea pasa. Honi buruz ere ez dut hitz egin nahi. Nahiago dut behin eta berriz tristurari buruz aritzea, denboraren hatzaparretatik ihes egitearen ezintasunaz, malenkoniaz, artzainaren bakardadeaz, neguko gandu lodi hotzaz. Nahiago dut ez oroitzea mundua hor dela, Larragatik harantz, astelehenetik harantz, lainope trinko honetatik beste alderantz.
Leihotik begira, orain erabat ilundu duela, aurreko etxea ikusten ez bada ere, balkoian ipini dituzten Gabonetako argiak sumatzen dira. Piztu-itzali ari dira. Behin eta berriz. Gainerako guztia beltza da, beltz ilun sakona, benetakoa. Zoriona badago, iluntasun horretan bilatu beharko da, balkoietako argi faltsuek zoritxarra besterik ezin dute erakutsi eta.
—————————–
Jarraituko nuke Lerinen beste aste bete. Artzaina topatzeagatik, agian, edo laino grisaren barruan galtzeko, ez dakit. Kanpai dorrea gaur isilik dago. Tabernak, berriz, algara bizian. Tabako-dendako emakumea hor dabil, erakusleihoa apaintzen. Bart gauean bere lagunarekin zebilen partxisean, gauero bezala, taberna zokoan beste egun bat ahitzen, biharamuneko lana nolakoa izango zen aurreikusiz. Kiosko-kafetegiko mutil herrenak niretzako dauka gordeta egunkariaren gaurko alea, azken bi egunetan beranduegi iritsi eta izparringirik gabe geratu naizela ikusita. Harakina loterian jarritakoa bueltatzen ari da boletoa erosi zuten bezeroei, eta bide batez, saltxitxak eta urdaiazpikoa saltzen. Udaletxe azpian larunbateroko merkatuan etorkinak ari dira barazkiak eta arropa erosten.
Gure bizilaguna gaixorik dago, kalenturarekin. Antonia da bizilaguna, eta bere alabak harekin eraman du etxera, hobe zaintzearren. Hezetasun solido honek birikak jipoitu dizkio, jakina. Pinudiaren inguruan erdi ezkutaturik, artzainak gogoeta egingo du, landare hazien lehen ernamuinak loraldi oparoa prestatzen ari diren bitartean. Ez dut artzaina topatu, baina eremu zabal hauetan bere presentzia edonon nabaritzen da. Artzaina ere eztulka arituko da, ziurrenik. Eta negarrez, bere malkoak zirimiri etengabe honekin nahasiz.
Berak bezala, nik ere negar egin nahiko nuke, baina ez dakit zergatik, ez dut arrazoirik topatzen malkoak isurtzen hasteko: txerrikia dut afaltzeko, ardo beltz ona, sukaldeko epela eta maitearen fereka. Neguko giroak hala izan behar baitu, umela, grisa. Etorriko dira garai epelak, hilabete bero eta argiz beteak. Orain bakoitzak bere buruari begiratu behar dio, isilean ere bizitzak bere bideari jarraitzen diolako, berokiek ondo estalita ere gutako bakoitzak gorputzaren zikloari segida ematen diogulako, zerua berunezko hodeiez gainezka egonda ere, naturari atseden hartzeko beta ematen diolako.
Inoiz ez dut aurkitu horren egoera goibelik, horrenbesteko pozez betea, hainbesteko alaitasunez bildua. Denda eta taberna bakoitzean bizia dago, etxe bakoitzean sukalde beroa, kale kantoi bakoitzean ume bat jolasean edo amona bat mezetarako bidean, landareek bizirik diraute behe lainoaren laztana gozatzen. Udaberrirako bidea zabalik dago gaurgero.

Lerinen, 2005eko urtarrilaren 8an

%d bloggers like this: