Ongi esana

Ongi esana

Badaude munduan eremu zabal izugarriak. Itsasoa, basamortua, galsoro amaigabezko lurralde emankorrak eta zelai berdeetako hegi irekiak. Guztiak ere planeta eder honetako aberastasunaren eredu. Badaude ere gizakiak sortutako eremu zabal ikusgarriak, sormenaz lortutako kreazio ederrak, gizartearen kontradikzioak agerian uzten dizkigutenak. Egiptoko piramideen arteko hutsune geometrikoa, Pekingo Tian an Men plaza kilometrikoa, Parisko Champes Elysées–Concorde–Tulleries hirigune ederra,… Nork eraiki zituen guztiak?

Mundu osoko txiroak txaboletan bizi dira, ahal badute, haien herrian zubirik ez badago eta zabortegian lo egitea ez badiete uzten. Gure hirietako txiroak txaboletan bizi dira, uralitazko sabaien azpian, estolda artean. Gu ez, gu etxe txukunetan bizi gara, gu ez gara txiroak, gure etxeetako teilatuek euriaz babesten gaituzte, gure etxeetako hormek hotzaz eta beroaz babesten gaituzte.

Baina gu ez gara munduko etxe hoberenetan bizi, alajaina. Nola bizi da lanik egin behar ez duena? Nolako etxea da -“etxe” izena ematerik balego horrelakoari- bere ondasunak ezin zenbatu dituenarena?

Ah! eta jauregiak, eta katedralak, eta Banco Santander Central Hispano Americanoak duen egoitza! Eraikin dotoreak, eraikin politak, eraikin aberatsak, haien eraikinak, haien etxeak, haien katedralak, haien bankuak. Gure etxeak, eskerrak, euriaz, hotzaz, beroaz babesten gaituzte. Txiroek ez dute zer egosi txabolako sukaldean.

Jende ugari bildu da plazan, gaur arratsaldean. Euri arriskua, giro epela. Ibai aldetik jende gehiago dator, zubiak zeharkatuz, presaka, korrika. Artalde urduria hiribidean gora. Jende asko dago, milaka arima iragana oroitzen, telebista aurrean jarri dioten etorkizunaren protagonista izan nahian. Algaraka, barrez, haien ustezko inozentzia erruduntasun zapi beltz batez estalia, haien gaiztakeria erruki malkoz itotzeko asmoz.

Berdeak dira zapiak, berde eta gorriak, gorriak eta horiak, zuri-gorriak, urdin-zuriak. Airean zabalik, airean dardarka, banderetako izarrak, zuhaitzak, arranoak airean astinduz haien esanahia, haien jatorria. Badago bereziki itsusia den bandera, hori eta zuria, ikurrin guztien artean itsusiena.

Gizon horrek ekarri du bere herriko bandera, neska honek bere aberrikoa. Yankee horrek bere izar eta barrak gehiago altxatzen ditu beste guztien gainetik dagoela adierazteko. Nire ikurrina ez dut ikusten, Jainkoari eskerrak, agian.

Banderak ikusita, gogoan dut izan zirela gerrak munduan, eta badirela. Izan ziren mundu-gerrak, eta badira. Izan zen Europa suntsitu zuen gerra, herri oso bat desagerrarazteko bidean utzi zuen gerra. Izan zen gudaroste nazia, Hitler bizi izan zen, eta Hitlerrek agindu egin zuen, eta jendea markatu beltzez, horiz, arrosaz, gorriz. Bere gudarosteak egindako sarraskiak egon ziren aurretik, eta ondoren, baina haiek, bereziki haiek guztion memoria kolektiboan geratu ziren. Gudaroste nazian gudariak egon ziren, soldaduak, eta soldaduen artean bat, bedeinkatua.

Ekaitzak dakartza hodei beltzak ipar-mendebaldetik. Hodei beltzak, etorkizun beltzaren adierazle, geroaldi trumoitsuen igarle. Gaur arratsaldean hodei beltz ugari daude zeruan, gure gainean eta Erroma gainean ere, Europa osoan eta beste kontinenteetan. Euri arriskua. Haize boladek gogor astintzen dituzte banderak, gorputzak, pentsamenduak. Hezetasunak guritzen ditu adimen eta ezagutzak.

Gure herri ondoko basoak su hartu zuen aurrekoan, eta kaletik ikus zitekeen kea, ke zutabe trinkoa mendietan gora. Eguna ilundu zuen keak, zerua gorritu. Arteak erre ziren, eta haritzak, eta gure bihotza ere pixka bat erre egin zen basoko su harekin. Gaur berriz ez da garrantzizko ezer erre, paper batzuk agian, hitz beltzez betetako orriak. Edozein modutan, erre denak ke zuria sortu du, tximinian gora igo dena agudo, agudo baina denbora luzean, denok ikus genezan eta batzuen bihotzak alai zitzan. Bihozgabeak berdin geratu dira ke zuria ikusita, nik berriz, arte eta haritzen haziak landatu ditut baso errean.

Psikologo bati aditu nion arropa gorria daramanak sexu grina adierazi nahi diola ondoan jartzen zaionari, badaezpada jakin dezan. Erromako kardinalek orgia ederra egun hauetan; zahartzaroko porno-star zerri zikinak, fedearen babesleentzat, beraz. Soineko zuria txorkatilatik gora, eta goialdean, bizkarraren gainean, estalki gorria, kapelu gorria buruan, eta umiltasunik ez, bat ere ez. Harrokeria alde guztietatik.

Balkoiaren atea handia da, zabala eta altua, oso altua. Vatikanoko San Petri plazako basilika erraldoiaren erdiko balkoiak gortinak ditu, handiak, zabalak eta altuak, oso altuak. Goitik behera zintzilik. Gortina zuri finak, ate osoa betetzen. Gortina gorri lodiak handitasuna erakusten. Antzoki ikaragarrian antzerki lan beldurgarria antzezteko orduan irekiko dira gortina gorri lodiak. Ikuslegoak bazter guztiak betetzen ditu, milaka ikusle doaneko ikuskizunaz txundituta geratzeko gogoz. Ehunka zutabe zirkularrek osatzen duten galerietatik jendetza dator korrika, espektakulua hasia baitago.

Kanpai hotsa arratsaldean. Kanpai handia eta kanpai txikiagoak ere, dilin dalan, bueltaka ari dira, ezkilak kantari, alai. Haizeak darama kanpai hotsa hara eta hona, zarataren esanahia mundu osora zabaldu asmoz. Gure herriko kanpaiak arratsaldeko seiak jo ditu, eta geroago kanpai unibertsalak arratsaldeko hamaseiak jo. Oraindik ez dakigu, baina, hamaseiak jotzen ari direnik, inork ez digulako esaten zenbatgarren aldiz ari garen historia errepikatzen.

Hil kanpaia entzun genuen duela gutxi, basoan geundela egurra biltzen. Ezkilak joko du berriro ere zerbait kontatzeko, agian aita santu nazia hil dela kontatzeko.

Harria, zer harri? Harginek harrobian lortu zuten harria, artistek leundu zutena ala printzeak erosi zuena guztiz ahaltsuari basilika eraikitzeko? Zer harri eroriko zaigu gainera, azkenik, gure miseriak apurtzeko? Harriaren gainean dago dena eraikita, petrus.

Harri landuan hizki landuak, adieraziz harriaren gainean gaudela, harriak eusten gaituela faltsukeria honetan. Elkartasunaren apostoluak harriaren azpian lurperatuta daudela irakur dezakegu urrezko hizki landuetan, handikeriaren apostoluak afaria eskatzen duen bitartean. Eskainiko die gero errege eta artxidukeei jaki eta edari gozoa, haien erresuma eta artxidukerrietan arimak eta uztak eta iturriak erosteko. Ebanjelioetako letraz erosiko ditu lurrak eta gazteluak, eta gurutzeaz eskuratuko txanponak.

Plazaren erdian obelisko luzea, harrizkoa, nonbait lapurtua. Haren gainean gurutzea, metalezkoa, norbaitek izerdiz landua.

Ongi esana, bene dictus, bedeinkatua, benedictus. Hamaseigarrenean, aidanez. Papanazia. Azkena agian.

Ez nioke kasurik egingo munduan hainbeste eraginik izango ez balu.

Zorte txarra.

 

2005ko apirilaren 19an

%d bloggers like this: