Itsas ertz guztietako faroetan lanean aritu izan direnen omenez
Badago leku bat munduan, puntutxo bat atlasean: Europa bere hegoaldetik amaitzen denean… eta Afrika bere iparretik bukatzen denean, azken urteetan zoritxarrez hain famatua egin den itsasartea. Leku horretan ere badirudi Ozeano Atlantikoak bere ekialdetik lurra jan nahi duela… eta Mediterraneoak bere mendebaldetik ateak zabaldu nahi dituela: El Estrecho. Euskal Herritik abiatuz, Iberiako penintsula zeharkatuz uztaila erdiko eguzki errukigabearen azpian, penintsulako mapetako hego puntara iritsita herri harrigarri batera heldu gara: Tarifara.
Herriko kaskotik hegora badago malekoi batez lurrarekin lotutako irlatxo bat, La Isla de las Palomas (La-íhla, tarifarren hitzetan), eta irla honen hego muturrean faroa. Hemen bukatzen omen dira Europa eta europarron zibilizazioa, eta faroaren argiak bidea erakusten die zibilizazio honetara etorri nahi duten koitaduei. Faroaren erakargarritasun magikoari, kokapenaren lilura erantsi behar zaio:
bi itsaso, bi kontinente, ura-haizea-lurra hirukotea, eguraldi atsegina. Badu irla honek, ordea, eragozpen handi bat: armadaren kanpamendu bat da (hemendik gutxira ejertzitoak utziko duena) eta bertara sartzeko farozaina ezagutu behar da. Horra gure zorte handia!
Gu iritsi baino zertxobait lehenago, levantea altxa omen da, ekialdetik datorren haize gogor, epel, umel bezain zaratatsua. Haize honek jotzen duenean Punta Marroquí ondoko kala txikia da irlako lekurik babestuena, Atlantiko zabalari begira. Charik, farozainaren emazte eta hemengo nagusi faktikoak, inguru honetan hartzen ditu lanpernak, eta Kantauri aldekoak bezain onak izanik, guk gustura jan ere.
Faroko etxean bizi den kanarioak Juanito izena du, eta lehen gauetan egongelan egin dut lo berarekin. Berak esnatzen nau, abestea izugarri atsegin duelako. Egunez irlako parajeaz aspertzen garenean, Tarifa inguruko beste hondartzetara jotzen dugu: Valdevaqueros, Bolonia,… oso leku ederrak, bidai-agentzietako argazkietan erakusten dituzten leku exotiko-paradisiakoak bezain ederrak, gutxienez, eta freskagarri saltzailea asto baten laguntzaz baliatzen da gainera.
Gauez, berriz, afaldu ondoren egin daitekeen gauzarik atseginenetakoa (gintonikak-eta gerorako utzita) faro azpira ateratzea da: handik Marokoko herrixketako argiak ikustera, faroaren argi izpi mugikorren mugetan pasatzen diren itsasontzien sirenak entzutera,… Itsas korronte estu eta indartsuek banatzen dituzte bi kontinenteak, ibai zabal batean ibai estuak bailiran. Ala jainkoaren mundua hortxe bertan dago, horren gertu ez dela harrigarria afrikarrek estrecho madarikatua zeharkatzen saiatzea, baina itsasartea fidagaitza da.
Faro honek, gainerakoek bezala, nolabaiteko giro liluragarria badu ere, gaur egun ez da gauza bera gertatzen farozaintza lanarekin. Beste hainbat lanbide tradizionalen antzera, hau ere automatizatu egin da, eta garai batean egun eta gauez, laino eta ekaitzen artean, bakardadean adi-adi egon behar zuten farozainak desagertu dira, haien ordez noizbehinka aparatu guztiak ondo dabiltzala ziurtatu behar duten langileek ordezkatuta. Bizimodu erosoagoa gaurko ingeniarientzat, erromantizismoz jantzitako aspaldiko farozain ausart eta bakartientzat baino.
Jatekoak erostera eta garagardoak (tuboak) edatera Tarifara joaten gara. Hasieran herriak “zerbait” gehiago edukiko zuela espero banuen ere, egunak pasa ahala xarma handiko lekua delako inpresioa areagotu zait. Merkatura joatea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Gainera, asko eskertzen dugu kanpotar asko bertan ez egotea; turistarik gabeko inora joatea saihestezina den garai honetan, Tarifa inbaditu gabeko herria da, oraingoz behintzat.
Hirugarren egunetik aurrera levanteak ponienteari utzi dio lekua. Haize hau lehorragoa, finagoa eta freskoagoa da, eta jotzen duenean ez du bero askorik egiten: zeinek esango leku hau Andaluzian dagoenik, Magreben ondoan, eguzkia sartu aurretik elastikoa jantzi beharra dagoenean uztailaren erdi-erdian. Ponienteak jotzen duenean, Laíhla-ko ekialdea da babestuena, eta hara joan beharra dago itsasoaren arriskuak beste aldean utzita. Gaur eguerdian eguzkiak gogotik jotzen zuen, baina ura nahiko hotza dago –Kantauri itsasokoa baino hotzagoa dirudi, behintzat– eta bi aldiz pentsatu beharra dago urpeko betaurrekoak eta aletak jantzi eta arroka arteko arrainekin bat egitearena.
Charik, ordea, anfibioa dirudi eta egun osoa uretan pasatzen du. Halako batean, egunean zehar hiruzpalau aldiz Tarifatik Tangererako joan-etorria egiten duen Tangerjet katamaran berriari begira geundela, Chariren atzealdean, hamar bat metrora edo, itsas pizti baten hegal puntaduna ikusi dugu. Hau bakarrik beldurrezko filmetan gertatzen zela uste nuen! Uretatik ateratzeko oihukatu diogu, eta prismatikoen laguntzaz orka txuribeltz bat omen dela antzeman dugu, estrechoan bizi direnetakoa, ziurrenera ontzi batek jota, oso motel urrundu baita.
Karmengo amaren egunean, arrantzaleek itsas prozesioa egiten dute ¡que viva la virgen der carmen! oihuen artean. Jaietarako barrakak jartzen dituztenez, hor egon dira umeak egun osoan hara noiz joango zain. Zaldiko-maldikoen artean badaude batzuk bitxiak, esaterako benetako zalditxoak dauzkana, edota Espainiako eta Andaluziako banderen azpian bakea aldarrikatzen duen tren txikia. Izozki batzuk hartuta –Donostian baino zabalduagoa dago hemen izozkien ohitura–, gure irlara abiatu gara, gure farora.
Egun batzuetan, bazkal ondoko umeen zaratatik ihesi, sartaldeko hondartzara noa irakurtzera. Eguzkiaren argiak eskaintzen duen kolore ikuskizuna txundigarria da. Irlako harriek hartzen dituzten argi-ilun aldakorrak, Afrikako iparrean dauden etxeen zuritasun-itzalak… Irakurri baino gehiago, inguratzen nauten lurmutur eta ur mugikorrak patxadaz zelatatzen pasatzen dut denbora.
Prismatikoz begiratuta, Marokoko zenbait meskiten minareteak antzeman daitezke. Horren gaizki biziko al dira horko biztanleak, gaueko iluntasunean itsas zatarrean beren bizitza jokoan jartzera iristeko? Seigarren egunaren goizaldean Tarifako ekialdera zein mendebaldera afrikar batzuen gorpu hilak aurkitu dituzte. Hemendik, berriz, paisai eder honi so, Marokok ez du infernu itxurarik. Prismatikoen laguntzaz, Ceuta eta Tangereko etxe batzuk ikusten dira. Nola bizi dira hiri horietan?
Galdetu daiteke ere: …eta nola bizi dira alde honetako herrietan, Cádizeko kostalde honetan? Ba denetarik dago, leku guztietan bezala, baina pertsonen eta hatxisaren merkataritza ilegalak ezaugarri bereziak ezartzen dio hemengo gizarteari: arrantza sektorearen beherakadak mafia txiki eta handiei egin die leku, eta aberats berrien ondoan, ezer gabe geratu direnak bizi dira ere. Eta azken hauen artean, miserableenak: pateratan hurbildutako etorkinen zain egoten direnak, hauek Europarako bidean dakartena –edukiko duten guztia, ziurrenik– kentzeko asmoz. Edozein modutan, honelako jendilajea salbuespena dela ziurtatu digute.
Gauez aterata, Tarifako giroak Mendebaldeko edozein hiritakoa dirudi. Taberna batzuetan dekorazio andaluziarra ondo zainduta dagoen arren, Donostiako erdialdean egon gintezke jendetzari eta musikari erreparatzen badiogu. Soilik El Cepillito izeneko tabernatxo batean ipintzen dituzte buleríak eta antzekoak, beti ere Manu Chao edo Marokoko musikarekin tartekatuta.
Beste gauza bat da egunez: gauez bizi diren gazteak geroz eta globalizatuago badaude ere, eguzkipean erosketak egitera edo hondartzara doan jende helduak ezin du bere jatorria ezkutatu, batez ere Cádiz kostako ahoskeraz hitz egiten hasten direnean. Gaztelera nahikoa ez dakigu hauei dena ulertzeko.
Edozein modutan, ez dira oso txirrindularitza zale, eta ez dakite gaur Tourmalet jaitsi eta gero zer egingo duen Laisekak. Guk telebistaz zuzenean ikusi dugu bazkalondoko kafea hartu bitartean, eta bihotzekoak ia jo ondoren, hor egon gara harro-harro ikurrinen espektakulua ezin sinetsi. Hamargarren egunez gaude faroan bazkaltzen eta bost besterik ez zaizkigu falta.
Asteburua Tarifatik berrogeita bost kilometrora igaroko dugu, Alcalá de los Gazules herrian, hain zuzen. Bertakoak dira Chari eta bere ama Juana, egun hauetan alabarekin faroan dagoena belaunean ebakuntza egin berri diotelako. Juana aspaldian ez da bere etxean egon, ospitalera eraman zutenetik, eta badu gogoa bere herria guri erakusteko. Tarifa eta Algeciras atzean utzi, eta kortxoa ematen duten milaka artelatzez (quercus suber) eta hainbat urtegiz jositako mendikate bakartia igarota, etxe zuriz bete-bete egindako tontor bat ikusten da: hori da Alcalá. Orain arte bezala inguru honetan gabiltzanetik, jende guztiak irekitzen digu bere etxeko atea. Eta ardoa eskaini, eta urdaiazpikoa, eta…
…eta farora itzuli gara berriz, gure Tarifako farora. Bertako patioa gure egongela da, baina itxuraldatu digute. Algecirasko portuko agintariei bururatu zaie Tarifako faroko patioa erabiltzea haien bilerak egiteko. Umeen plastikozko ibilgailuak kendu ondoren, eskoletako pupitreak ipini dituzte, mahai borobila osatzeko, eta orain mahai horiek erabili behar ditugu geure bileretarako: irlako lanpernak jateko eta norbaitek Chiletik ekarritako ardoa edateko, hain zuzen. Gero gazpachoa, txerrikia piper beltzaz, kafea eta gintonika.
Eta ondoren, gaueko haize bolada epelen artean, El Estrecho itsasarteko untzi-trafikoa ikusten, Afrika iparreko herrixken argitasunak lagunduta, izar zenbatezinen azpian, biharamunean leku magiko hau agurtu beharko dugula gogora etortzen zaigu. Paradisuaren delegazio bat Tarifako faroko irlan ipini dute, baina guretzat oporretako ametsa besterik ez da izan. Hurrena arte, aukerarik badago…