Garai hartarako Zaragoza hiri handia bihurtua zen, frankismoaren urte gordinenetan asfaltozko alfonbrak balira bezala zabaldutako hiribideen erdian. Aurrerapen ekonomiko eta sozialaren ikur ziren kale zabal haiek auskalo zenbat miseria gordeko zituzten. Agerikoa, dena den, itxura ona emateko ikuskizuna zen: espaloi txukunen erdian, orduko harrotasun espainola eta gaurko nostalgia unibertsala gordetzen zuten seiszientos eta milkinientos eta haien tarteko tamainako autoak gora eta behera zebiltzan.
Bazebiltzan ere, kotxe kopuruak artean hala uzten baitzuen, koloretako tranbiak, lurzoruan sartutako burdinbide mehar paraleloen gainean. Gehienek bi bagoi zituzten, lehenbizikoak motorea zeraman, itxura hauskorreko pantografoa, gidariaren tokia eta bidaiarientzako eserlekuak, bigarrena soilik bidaiarientzako zen. Hiriaren erdigunean, asfaltoaren ordez oraindik galtzada-harria mantentzen zuten kaleetan, periferiatik zetozen tranbia-linea desberdinak elkartzen zihoazen, eta tranbien kopurua kaleetan handitzen. Geltokietan bi edo hiru tranbia egon zitezkeen aldi berean; handik ateratzean lehenak eskuinetara joko zuen, bigarrenak ezkerretara, eta ordurako egongo zen besteren bat haien lekua hartu nahian.
Han zihoan tranbia horia, triki-traka, Pilaricatik Deliciasera joan etorrian, eta bere barruan, sudurra kristalari itsatsita, jakin minez betetako umea denari begira. Deliciaseko linea 1971n desagertu zen, eta Zaragozako beste tren txikiek ez zuten asko gehiago iraun, kotxe eta autobusek burdinbideak oztopatu zituzten-eta. Baina ume hura oraindik tranbia horian doa, denari begira, atzetik datozen tranbietan jendea sartu-irten azkarrean dabilen bitartean, trena betirako galtzeko beldurrez.
(Sarean hartutako irudiak, José Mª Valero Suárez)
Zaragozako tranbia zahar baten argazki hau nik egina, Azpeitiko Trenaren Museoan, Axenek eraman gintuen egunean: