Haizeak basoan sortzen duen firfira
besterik entzuten ez dugunean,
sartaldeko bide bakartiaren gainean
eguzkiaren arrastiko izpi zeiharrek
zuri eta beltz uzten dutenean hodeitza,
orduan aztiak ateratzen du hiztegia
bere zakuto zahar itxuraz hutsetik
eta, untxiarekin bezala, hitz jokoak
egiten dizkigu esandako kontuekin.
Pim: basoa eguzki bihurtzen du, eta pam:
haizea izpi, eta pum: arrastia hodei.
Ulertzen ez diogulakoan isilik gaude,
baina badakigu bere mina ezin duela
zorion bihurtu, ezta amodio isila, ipuin.

Colm Tóibín-ek Aztia eleberrian (The Magician), Thomas Mann idazlearen biografia nobelatua egiten du. Poemaren ideia liburu horretako pasarte batetik dator.