Lower Manhattan, Hudson ibaitik
Berrogeialdia, bidaiaren aurretik
2020ko martxoaren 1ean, igandearekin, gure asmoak kolokan jartzen hasiak dira. Datorren astean, martxoaren 10ean, New Yorkera joatekoak gara. Aspaldian hartu genituen bidaia-agentzian hegazkin txartelak eta hoteleko gela, bi astetarako: Bilbotik Lisboara, han eskala eta New Yorkera, Manhattanen aurkitu diguten hotel batean. Orain, azken asteetan, koronabirusa hedatzen ari da Europan –Italian eta Espainiako estatuan bereziki, Euskal Herrian bortizki zabaltzen hasia da Gasteiz aldean–, eta azken egunetan New York bertan lehen kasuak agertzen hasi dira ere. Dena hankaz gora gelditzen ari da: herri eta eskualdeetako itxialdiak, ospitaleak gainezka, gaixo eta hildako ugari, garraio eta bidaiatzeko murrizketak… eta bitartean, gure bidaia prestatzen ari garela, ondoren azalduko dudan bizipen gehigarria egokitu zait. Eguneroko batean idatzitako oharretatik hartutako apunteak dira ondokoak.
Martxoaren 2a. Goizeko 8:00etan zenbaki ezezagun batetik dei bat sartu zait, berehala jaso dut eta egun osorako sustoa eman didate: Jaurlaritzako Osasun arlotik ari ziren, eta galdetu didate ea aurreko astean ospitalean egon nintzen mediku kontsultan, eta baietz nik erantzun, eta orduan iritsi da bonba, kontsulta horretan koronabirus kasu bat egon dela, eta deskartatzen ari direla bertan egon ginenak gaixorik egotea. Ez didate esan ezer berezirik egin behar dudanik (sintomak agertuz gero anbulatoriora joan ordez telefonoz deitzeko), baina zalantza sartu zait oso zuhurra ote den hortik egotea tabernetan, lagunekin, lantokian, auzoko bileretan… Ez hori bakarrik, berehala burura etorri zait aurreko asteburuan aspalditik ikusi gabeko jende askorekin egon nintzela –hileta batean eta antzerki saio batean–, eta haietako gehienei musu eman niela. Ez ote nituen neuk kutsatuko ezer jakin gabe.
Martxoaren 3a. Atzo oheratu nintzenean irakurri nahi izan nuen, baina lo seko geratu nintzen, ez dakit zein ordu zen, berandu, hori ziur. Gauza da gaueko 4:00etan esnatu naizela, batere logalerik gabe, eta orduan irakurri dut nobela amaitzeko geratzen zitzaidan zatia. Gero altxatu naiz eta interneten egon naiz gaurkoak izango ziren lehen berriak irakurtzen. Koronabirusaren istorio horrekin gauza asko aldatu zaizkit, lasaitasuna galdu dut eta urduri nago. Baina goizeko 7:00ak aldera-edo berriz lo hartu dut, eta orduan ezin izan naiz goiz esnatu, langileak entzuten nituen fatxada konpontzen logelako leiho ondoan, urruti bezala, beste mundu batean, eta ez nintzen gai esnatu eta altxatzeko. Azkenean, goizeko 11:00ak aldera esnatu naiz, lo gaizki egindakoan altxatzen zaren moduan, gorputza trapu zahar bat egina.
Bibliotekan lanean nengoela, berriro ere Osasun zerbitzutik deitu didate, ondo ote nagoen galdetzeko. Koronabirusarekin positibo emandako batekin kontaktuan egon nintzenez duela astebete, beste zazpi egunetan deituko didatela ohartarazi didate, kontrola egiteko. Inolako sintomarik ez badut, bizitza normala egiten jarraitzeko esan didate, bestela atzo eman zidaten telefono zenbakira deitzeko aldatu beharreko ohiturak zehazteko. Beraz, bihar eta hurrengoetan ere deituko didatela esan dit. Gaurkoak informazio gehiago eman dit, eta gauza gehiago galdetu ere. Horrekin urduri antzean jarri naiz berriz, etxera etorri, bazkaldu, eta siesta egitera jarri naizela, kalenturarekin nengoela iruditu zait, nahiz eta termometroa jarri eta kontrakoa eman. Paranoia. Entzun dut antzeko kasuan dauden guztiei gertatzen zaiela.
Egian berrogeialdia egiten, bidaiaren aurretik
Martxoaren 4a. Beste gau bat lo gutxi eginda. Mamuak. Tira, unetxo bat zerbait idazteko. New Yorkekoa oso aztoragarri jarri da, eta beldurgarri, boladaka doa. Arratsaldean saiatu naiz aseguruak begiratzen, konturatu naizenean kontratatu dugunak ez duela estaltzen epidemia bat edo azkar hedatutako gaixotasun kutsakor bat dagoenean. Bidaia-agentziara jaitsi naiz eta bai, atetik sartu orduko hori esan didate nik ezer galdetu aurretik: zure aseguruak ez du koronabirusa estaltzen bidaia ezeztatu nahi baduzue. Baina letra txikia begiratuta, are okerragoa da, aseguruak ez du estaltzen ere han gaixotasuna hartu eta horrek sortutako gastuak. Konturatu naiz interneten saltzen dituzten aseguruetan gauza bera gertatzen dela. Beraz, bidaia ezin dugu bertan behera utzi gastuak guk asumitu gabe, eta hara joanda gaixotzeko beldurraz gain, gastuak gure kontu izango liratekeela jakiteak are gehiago izutzen du. Hori dena gutxi balitz, gaur gauean New Yorken kasu berri asko agertu dira, eta aipatzen dutenez, lehen gaixoak metroa asko erabiltzen omen zuen eta han kutsatu zela uste dute.
Martxoaren 5a. Beste gau bat lo egin gabe. Goizeko 5:00etan esnatu naiz. Gero, berriro sartu naiz ohean gauza hauekin guztiekin buruan, ezin lo egin, baina azkenean seko geratu naiz. Bazkalondoan hau idazten jarri naiz. Orain baikor nago, gauak beldur ematen dit, egunez lasai nago. Beste gauza bat da ez dakidala kalera irten edo ez. Jaurlaritzako Epidemiologia zerbitzutik deitzen dutenek bizitza normala egiteko esaten didate, baina gizarte-bizitza murrizteko eskatzen duen dokumentu bat ere bidali didate. Ez dut taberna-zulo batean sartuta egon nahi. Bihar galdetuko dut ea tabernetara joan naitekeen zerbait hartzera, eta baiezkoan, ondo baldin banago, gauez jaitsiko naiz kalera pixka bat.
Martxoaren 6a. Badirudi orain ezjakintasun hau normaltasuna bilakatu dela, ez jakitea gaixotuko ote naizen asteartea baino lehen, bidaiatzerik izango dugun ala ez, iritsi eta New Yorken sartzerik izango ote dugun, eta hala izatekotan zer nolako plana egongo den, kontuan hartuz Chinatownen dugula hotela, eta Empire State dorrean, metroan eta museotan jende asko elkartzen dela espazio gutxian. Kuriosoa da, batzuetan oso lasai nago, New Yorken paseatzeko irrikaz, eta beste batzuetan izututa, pentsatuz astakeri bat egin behar dugula hara joaten. Arriskutsuegia dela, han gaixotu eta zer gertatuko. Iluntzean lasaiago nago, sukarrik ez, osasunez ondo sentitzen naiz, badirudi ez dudala arazorik izango birus honekin.
(Martxoaren 7an ez nuen ezer idatzi, baina argazki-kamera hartu eta Egian eraistekoak diren Iztuetako zubi inguruan argazkiak egitera joan nintzen, testu honekin dagoena, haien artean)
Martxoaren 8a. Bueno, pasa dugu asteburu hau, azkenekoa bidaiatu aurretik. Gaur goizean esnatu naizenean, aje handiarekin esnatu ere, ordenagailua piztu eta izutzeko moduko bi berri ikusi ditut, Italiako iparraldeko eskualde oso bat itxi dutela bertara ezin sartu eta bertatik ezin irten, eta New Yorkeko estatuak osasun emergentzia deklaratu duela. Orain lotara noa, bihar nire azken aurreko eguna izango da sukarra kontrolatzeko berrogeialdi bitxi honetan. Gaur bi aldiz pentsatu dut igotzen ari zela kalentura, baina larunbat gaueko bestondoa izango zen: 36,5ºtik gora ez da inoiz joan. Gustatuko litzaidake norbaitek bidaiak debekatzea, eta pentsatu behar ez izatea ba goazen ala ez, kezka larri bat gainetik kenduko lidakete horrela.
Martxoaren 10a. Iritsi da eguna. Gauean ez dut lorik egin, eta gaur kalentura normalean baino pixka bat altuagoa nuen, sukarra izatera iritsi gabe ere, 36,7º inguru. Loiuko aireportuan hamar aldiz jarri dut termometroa ea 37ºra iristen nintzen bidaia bertan behera uzteko, baina ez, sekulako tentsioan egonda ere Lisboaraino joatea hoberena zela pentsatu dugu, eta hango aireportuan ginela Portugalen geratzekotan izan gara, zergatik ez auto bat alokatu eta Algarvera joan –dena merke egongo da egoera honetan–, New Yorkeko abentura utzita. Bitartean, gaur azkeneko aldiz deitu didate Epidemiologiatik, eta ondo pasatzeko esan didate, gaur arte sintomarik garatu ez badut, hemendik aurrera zailagoa izango dela, eta hala izatekotan, medikura lasai joateko AEBtan. Erraz esaten dira gauzak. Edozein modutan, zer egin, ba ausartu eta hegazkinean sartu, zortzi orduz hor barruan egon sardinak latan bezala, eta New Yorkera iritsi gara azkenean. Aireportuko atzerritarren kontrola pasatzea oso erraza izan da, Zapata izeneko polizia emakume batek espainolez ongi etorria eman digu.
Midtown Manhattan
Lehen egunak New Yorken, dena okerrera doa
2020-03-10, gauez
Azkenean etorri gara. Egun hauetan pentsatzen nuen ez ginela etorriko, egia esateko, ez nuen etorri nahi, espero nuen abioia galdu egingo genuela, edo ez zigutela sartzen utziko, edo azken unean iritziz aldatu eta Algarven bukatuko genuela. Gaur, Lisboako aireportuan, Algarveri buruzko informazioa begiratzen egon gara ere, non jan mariskoa, hotelen prezioak… eta txiripa batez erabaki dugu New Yorkerako hegazkinean sartzea.
Beraz, hegazkinean sartu, ordu mordoa hor barruan egon estu-estu eginda, eta hemen gaude, Chinatownen. Metroz etorri gara aireportutik –gogoratzeko gauza bitxi bat: metro geltokian erosi dugun txartela erabiltzen asmatu ez, eta gizon beltz batek, Jamaica Stationen billete bat ordaindu digu, sarrera abegikorra eman digute–, gauzak utzi hotelean, eta zerbait jatera irten gara. Espero nuenerako, nahiko tristea ingurua, gaueko 10etarako dena itxita. Azkenean, gaueko supermerkatu batean hotdog bana erosi, pepino saltsarekin, eta hori jan dugu, espaloi ilun batean eserita.
Nekatuta gaude, hau apuntatu eta ohera noa. Bihar gehiago. Nekatuta baino gehiago, zama bat gainetik kenduta. Esango nuke aurrekoa izan dela aspaldian pasatu dudan asterik txarrena, a zer nolako tentsioa. Deskantsatu behar dut.
2020-03-11
Hotelean naiz, “bazkaltzen”, supermerkatu batean erosi berri dudan entsalada mexikar bat, oso mina, letxuga, oilasko, arto eta babatxikiekin. Badago hoteleko solairu bakoitzean gela handi bat, futbolin, airhockey jokorako mahaia, eta 10 bat lagunentzako beste mahai handiarekin, eta beste mahaitxo batzuk butaka launa dutela. Horietako butaka batean nago, entsaladarekin eta ordenagailu eramangarriarekin, dena oso modernoa, Ugutzek erosi dituen Oreo gaileta batzuk jaten postrerako.
Lortu dut azkenean New Yorketik paseatzea. Altxatu naizenean beheko taberna batera jaitsi naiz kafe bat hartzera bagel batekin, erroskilla moduko ogia, nik gaztarekin aukeratu dut, bazeuden gozoak ere. Gero hemen inguruan bueltatxo bat eman dut, auzo txinatarrean, polita zegoen, etxe zaharrak beste orratz horien silueta garaiak atzean ikusten direla. Lehen argazkiak egiten hasi naiz, modu konpultsiboan, argazkiak egiteagatik inor harritzen ez den hiria da hau, hori gustatzen zait.
Gero hotelera etorri eta Ugutzekin atera gara, Downtown aldera. Epaitegiak, Udaletxea pasa ditugu, Broadwayren hego aldera iritsi, eta Wall Streeteraino iritsi gara. Inperioaren zero gunea, nolabait toki hau ikusteko gogoa nuen, ez dakit ongi zergatik, ikonoa, sinboloa, aginte kapitalistaren lekurik trinkoena. Zenbat milioi dolar, zenbat lagunen aurrezkia eta zenbat langileren etorkizuna egongo zen gu egon garen tarte labur horretan jokoan jartzen. Gero jakin dut gaur burtsak sekulako beherakada historikoa izan duela.
Jarraitu dugu Battery Parkeraino, eguraldi goxoa egiten zuen eta banku batean eserita egon gara askatasunaren estatua famatua urrunean ikusten, gero itsas aldetik jarraitu dugu eta azkenean Downtownera sartu gara berriz metroa hartzeko. Metrocard delakoa erosteko eta gero hura erabilarazteko arazotxo batzuk izan ditugu, ondoren erdi-zuzena den tren bat hartu dugu konturatu gabe, geltoki guztietan geratzen ez dena, eta gure geltokia saltatu, atzera berriz asmatu arte eta hotelera, Ugutzek lehen siesta egiten duen bitartean nik bazkaldu, hau idatzi eta argazkiak pasatu ditut hodeira. Albuma prestatzen hasiko naiz oraintxe. Eta albumarena eginda, uste dut beste buelta bat ematera noala, gogo biziz nago.
Eta egin dut. Ugutzek ez zuen etorri nahi eta bakarrik joan naiz. Ze ederra, Manhattan zubia zeharkatu dut Brooklyn alderaino. Eguzkia zegoen, baina hodei altu batzuen artean ezkutatzen joan da, oso argi polita. Argazkiak egiten egon naiz, berriro ere modu konpultsibo batean, hain polita ikusten zen dena. Manhattango alde finantzarioa osorik ikusita ederra da, ez dakit zergatik handitasuna –edo handikeria– beharrean, txiki ikusten da. Agian eraikinen altuerak egiten du eremu txikiagoa ematea distantzia batetik begiratuta, altueran duena zabaleran galduko balu bezala. Baina polita da, badu zerbait erakartzen duena New Yorkeko skyline sonatuak. Eta gaur egin duen arratsaldearekin, hodei altuek beheraka zihoan eguzkiaren argia tarteka ilunduz, oso fotogenikoa geratu da paisaia urbanoa.
East River
(…y el sol canta por los ombligos
de los muchachos que juegan bajo los puentes.
Federico García Lorca. Poeta en Nueva York)
2020-03-12
Atzo gauean, Allen Streetetik gora ibili ginen zerbait afaltzeko, pizza zati batzuk jan arte zerbitzari hispano baten txiringito eskas eta txikian.
Atzo gauen ere itsas aldera jaitsi ginen, Manhattan eta Brooklyn zubien ingurura, gauez ere polita da argi guzti horiekin, trenak zubitik igarotzen diren bitartean haien zarata inguruan barreiatzen denean. Gero fruta pixka bat eta jogurtak erosi eta etxera itzuli ginen.
Gaur goizean berriro gosaldu dugu etxe azpiko kafetegian, eta gero Uptownera joan gara metroz, West 86 Street geltokira arte, handik Central Park zeharkatu, eta Guggenheim museoan sartu gara. Aldez aurretik genuen sarrera erosita, CityPass abonu-txartelarekin. Erakusketa iraunkorra nahiko pobrea iruditu zait, bestea, interesgarria zen baina ez nuen espero museo horretan horrelakorik ikustea: landa-eremuari buruzkoa, nekazaritzak kulturan izan duen garrantzia eta batez ere azken mendeetan mundu guztiko lurraldeetako agintariek ezarri dituzten nekazaritza-politikei buruzkoa, hauek duten zentzugabekeria eta megalomania salatu asmoz. Ez nau gehiegi konbentzitu, ikuspegi sozioekonomikotik interesgarria izanik ere arte garaikide aldetik ez diot ezer berezirik antzeman, baina tira, museoak badu zerbait arkitektura aldetik, eta ikusi beharra zegoen.
Jaitsi gara pixka bat 5. Abenidatik, eta gero berriz Central Park zeharkatu dugu Columbus Circleraino. Parketik ere ikusgarria da etxe orratzen silueta multzoa, skyline delakoa, parkearen inguruan, zuhaitzen adarren arteko dorre luze estuak. Eraikitzen ari diren orratz berriek gero eta luzeago eta gero eta estuago dirudite. Oilasko souvlaki bat jan dut Columbus ondoan, Ugutzek hotdoga, eta Broadway behera hasi gara, nahiko flipantea da, estua, iluna eta aldi berean koloretsua, jendearekin, antzerkien kartelekin eta batez ere, Times Square aldean, argi-iragarki erraldoi guzti horiekin. Han bigarren platera jan dugu, sushi-ak, eta M&Mak, a zer plana bazkaltzeko. Han inguruan metroa hartu, eta linea horretako trenak Manhattan zubia pasatzen duenez, Brooklyn alderaino joan gara, hango lehen geltokian bueltakoa hartzeko. Nire maniak trenekin…
Grand Streeten metrotik aterata, kafetegi txino herrikoi batean kafea eta kruasana hartu dugu, eta hotelera: argazkiak albumera igo, hau idatzi, lankideei mezu bat bidali… eta orain atseden pixka bat hartzera. Arratsaldeko 7ak dira, pentsatzen dut gero aterako garela bueltaxka bat ematera, agian zerbait hartzera…
Manhattan, geometria
2020-03-13
Atzo gauean nonbait ikusi nuen Trumpek agindu duena ez dela soilik europarrak ezingo direla gaurtik aurrera AEBetan sartu, baizik eta Europatik datozen hegaldiak debekatuko dituela, eta horrek esan nahi du, nire ustez, hemendik hara joateko hegazkinik ez dugula izango. Kezka horrekin egin dut lo, eta esnatu naizenean Eroski Bidaiakera deitu dut, ea gure hegaldia aurreratu daitekeen. Berehala erantzun dute beste telefono-zenbaki batetik, eta saiatuko zirela aire konpainiarekin aukerak aztertzen, eta berriz deitzen ez zutenez nik deitu egin dut beste behin Eroskira: esan didate 4 eta 6 ordu artean behar izaten dutela horrelakoetan, baina oraingoan hainbeste eskari dituztenez, agian zerbait luzatuko dela, eta edozein modutan gaur edo bihar goizean erantzungo dutela. Oraingoz, berri gehiagorik ez.
Gauza da, behin horietako lehen deia eginda, lasaiago geratu naizela, eta gosaltzera joan gara atzo aurkitu genuen txinatar gozotegira. Indarrak hartuta, metroa hartu dugu Metropolitan ikustera joateko, eta hara eguneko sorpresa, museoak itxi dituztela, agian soilik aste bururako, han atean emakume batek esandakoaren arabera. Birusaren kontu hau hartzen ari den itxurarekin ez dut uste hala izango denik. Beraz, aldez aurretik abonuarekin ordaindutako beste gauzekin zer gertatuko den ez dakigu, agian dena galduko dugu, hurrengo egunetan ez badira museoak irekitzen. Bestelako sarrerak (Empire State, ferrya…) ez dugu begiratu nola dauden, oraindik erabiltzerik ote daitezkeen.
Ugutz nahiko zapuztuta geratu da, Egiptoko gauzak ikusteko gogoa baitzuen. Han ginela izan da berriro saiatu garela hegaldia aldatzen, baina esan digutenagatik itxoiten jarraitu beharko dugu. Beraz, Upper East Siden pixka bat ibili gara, txakurrak multzoka paseatzera ateratzen dituzten etxeko-langile ugari ikusi dugularik, gauza kuriosoa txakurrak kalera ateratzeko langileena. Metroa berriro hartu, eta Midtownera jaitsi gara: Waldorf-Astoria obretan, katedral katolikoa, Rockefeller ingurua, eta oinez Liburutegi Publikora iritsi gara. Oso ederra da, sala ugari, dena oso txukun, sala batean han bertan geratzeko gogoa sartu zait, liburuak hartu eta beste mundu batean itxi.
Paseo luzea egin dugu gaur. Bibliotekatik Chrysler eraikina ikusi dugu, eta Bibliotekaren atzeko Bryant parketik, Empire State. Beste ehunaka eraikin bitxi ikusi ditugu ere, altuagoak edo ez, klasikoagoak edo modernoagoak, kargatuagoak edo ez… The Navarre dorrera joan gara, 7. Abenidako 512 zenbakian (milakoa falta zaio atariko zenbakiari nafar kopla famatuekin kointziditzeko). Madison Square Garden estadioraino gerturatu gara, Posta bulegoetara, eta berriro 7.era. Italiano batean jan ditugu makarroi bolognesa batzuk (oso onak), nik bi Heineken botilekin, ze ondo, banuen gogoa lasai eserita garagardoa edateko. Garestia da gero eseri eta eskatzea, dena 25 $ izan da, eta gero beste 6 $ bigarren Heinekena.
Jaitsi gara Brodwaytik, 26. karrikaren kantoiraino, argazki batzuk egiteko. Lekuak horrela, lehen kolpean, ez du ezer esaten, baina bere historia guztiarekin, Bertolt Brecht eta Mikel Laboa, eta duela gutxi Marisolen liburuan ikusitako argazkia gogoan, ba euskaldunok hunkitzen gaitu, nola ez… Horrela Madison Squarera iritsi gara. Goizean euritsu eta triste bazegoen ere, eguerditik aurrera eguzkia atera, eta plaza honetan banku batean egon gara eguzkitan, argazkiak egiten: familiak umeekin jolasean (erlaxatu nau hori ikusteak koronabirusaren histeriaren erdian), eta txaperoak ziruditen gazte batzuk, haien artean erdi biluzik zebilen gorputz eskultorikoa zuen morroi bat.
Neska kataluniar batekin egon naiz hizketan, aste buru amaieran dute atzerako hegaldia eta lasai zeuden. Ni ere nahiko lasai nago, denbora gehiago hemen egin behar badugu, tira, ez da hori okerrena, beldurtzen nauena da hemen gaixotzea, eta mediku bat topatzeko zailtasunak izatea, gaixotasunaren ondorio txar guztiez gain, noski. Baina bestela, bueltatuko gara etxera ahal dugunean, okerrena da ez jakitea noiz, agian bihar deitzen digute bihar bertan alde egiteko gomendatzen, edo agian beste hilabete osoa egin behar dugu hemen, auskalo zer egoeratan.
Madison Square Park
Madison Squaretik Union Squarera joan gara ibilian Broadwaytik, eta azken plaza honetan metroa hartu dugu hotelera etortzeko. Paseo luzea izan da eta nekatuta ginen. Eta ni pixalarriarekin, hori ere arazo bat da hiri honetan, komunak topatzea ez baita erraza.
Deskantsatuta, eta argazkiak albumera igota, berriz irten gara kalera. Lispenard Streeteraino joan gara, kalea ikusi nahi nuen (ze utzita dagoen!) eta argazki batzuk egin. Badut nik nirea, azkenean. A little life.
Deli batean garagardo bat eta patatak erosi, eta Canal Streeteko denda bateko erakusleihoaren koxkan egon gara eserita, beste gazte batzuen ondoan. Droga eskaini dit beltz batek (adin batekin, horrek ere ilusioa egiten du, horixe baietz) eta ibilian hurbildu gara Allen Streeteraino, pizza zati bat jateko –¿cuántos slices? galdetu digu zerbitzari hispanoak–, kaleko aulki batzuetan. Garagardo pare bat erosi mexikar groocery batean, eta etxera, hau idazteko.
Ea zer gertatzen den datozen egunetan. Berehala itzultzeko deia jaso dezakegu, edo hemen aspertzen gelditu, batez ere kontuan hartuta dena ixten ari direla. Biharko, Anthology Films Archives zinema-ikerketa zentrorako erosita genuen sarrera ere balio gabe geratu zaigu, ohar bat bidali digute mailez. Garrantzitsuena, osasun arazorik ez izatea. Donostian larrituta egongo dira gurekin, pentsatzen dut, baina gu lasai gaude, uste dut hemen histeria askoz ere txikiagoa dela, oraingoz behintzat.
Ez dakit zer gertatu den atzo edo gaur nire Nafar Ateneoan irabazi berri sariarekin, baina mezuak heltzen eta heltzen aritu zaizkit egun osoan, lekurik harrigarrienetatik. Irutxulon ere aipamen bat egin dute horren inguruan, Ateneoaren oharra errepikatuz, eta auskalo nondik atera duten argazki batekin. Pandemiako mezu guztiei hauek batu zaizkie, telefonoa sutan.
Txio bat igo dut oraintxe twitterera, The Navarre eraikinera iritsi garela azalduz, baina mundu guztiak igotako azkenekoak ikusi ondoren nirea ezabatu dut, birusaren ondoko itxialdia gai bakarra izanik nirea lekuz kanpo geratzen zen, eta ni neu fribolitatean zaurgarri, agian.
Eta hau guzti hau idatzi ondoren kolpe bakar batean, nire nobelarekin jarraitu behar dut, ez nau harrapatzen, egia esan, baina egia da ere egun hauetan ez dudala burua ezertan kontzentratzeko, badago giroan zerbait arraroa eta zaila da nobela bati atxikitzea. Saiatuko naiz.
Chrysler eraikina
Beste bi egun, kutsatzeko eta isolatuta geratzeko beldurrez
2020-03-14
Goizean berriz gosaldu ditugu arrautza frijituak etxe aurreko kafetegian, eta gero metroa hartzera joan gara. Geltokira sartu aurretik, eta Ugutzek txinoen opil bat jaten zuen bitartean, Eroskikoarekin hitz egin dut, ea zer aukera dauden hegaldia aldatzeko. Deituko dutela ahal dutenean, baina egun osoan erantzunik ez.
Beraz, topoa hartu dugu eta Bryant Parken jaitsi gara, autobusa hartzeko asmoarekin pier (ibaiko moila) bateraino joateko, itsas txango bat egitera. Han ginela, Libraryra sartzen saiatu gara, komunera joateko, baina hara non hori gaurtik aurrera itxita dutela, irekitzeko datarik gabe. Eskerrak atzo ikusi genuela, Guggenheim ere txiripaz ikusi genuen, azken egunean.
5. Abenida zeharkatu eta Grand Central Station tren geltokian sartu gara, ikusgarria da, baina hotza iruditu zait, duela gutxi zaharberritua dirudi eta oso garbia, aseptikoa… militarrez eta poliziaz beteta egoteaz gain, turista batzuk, eta bertako jende askorik ez espazio zabalegi hartan. Bai lehenago metroan eta gero tren geltoki handi honetan jende gutxi dabilela iruditu zait, baina ez dut daturik alderatzeko, ez dakit nolakoa izango den jendetza beste larunbatetan. Edozein modutan, jende gutxi dabilenaren inpresioa gelditu zait. Hemen zerbait gertatzen da (eta badakigu zer den). Kalean hispano batzuk maskarak saltzen ari ziren, espainolez galdetu diet ea haiek zergatik ez zeramaten jantzita eta barre egin dute.
Downtown, Hudson ibaia
Hantxe bus bat hartu dugu 42. kalean zehar ekiteko mendebalde aldera, kairaino hurbiltzeko, eta busean ere jende gutxi, ia inor ez. Kaira iritsi garenean Circle Line ontzietako leihatilara, laster ateratzekoa zen barkurako txartela eskuratu dugu CityPassarekin, eskerrak hau behintzat erabili ahal izan dugula. Gustatu zait egin dugun buelta, Manhattan hegoraino eta handik Askatasunaren Estatuaren irlaraino. Egun polita zegoen, zerua urdina, argazki politak egiteko aukera izan dut. Gero ontzia Brooklyn, Manhattan eta Williamsburg zubien azpitik igaro da, Nazio Batuen eraikinera hurbildu arte. Han buelta eman eta hasierako kairaino itzuli gara. Hotza zegoen kubiertan batzuetan, nahiz eta eguzkiarekin beste batzuetan oso epel egon, disfrutatu dut ontziaren kanpoaldean, eta azkeneko zatia beheko kubierta estalian egin dugu, leiho handi batetik begira.
Oinez jaitsi gara 34. kaleraino, beste bus bat hartzeko, Empire Staten sarreraraino hurbildu gaituena. Bueltaka ibili gara kale artean, 6. Abenida eta 33. kalearen izkinan dagoen parke txiki bateraino, Broadway gurutzatzen den lekuan. Supermerkatu batean erosi dugun ogi bigun eta txorizo susmagarriarekin egindako bokatak jan ditugu, eta metroa hartu dugu Stonewall pub historikoa ikusteko. Gustatu zait han ondoan altxa duten oroigarria, bi gizonezko bikotea eta bi emakumezkoena, parkean, estatua zuriak hiriaren erdian. Polita da parketxoa eta han ere egon gara tarte luzez eserita banku batean, jendea ikusten, argazkiak egiten, eta homosexualen eskubideak aldarrikatuz jende askok egin izan duena gogoan beti ere.
Stonewall, oroigarria
Eta handik etxera etorri gara oinez, 7. Abenidan behera, kalea bihurtzen den arte, hau da, Canal Street topatu arte. Chinatowneko denda batean fruta pixka bat erosi, eta etxe ondoko plazan eseri gara lurrean, Manhattan zubia hasten den lekuan dauden eskaileretan. Etxeratu garenean hasi naiz idazten gaurkoari dagokion hau, baina berriro atera gara zerbait jatera, Popeye delakora joan gara gaur, oilasko bokata triste bat hartu dugu. Garagardo lata batzuk erosi atzoko mexikanarenean, eta hemen gaude hotelean.
Gaur ere nekatuta hainbeste ibilita. Ezinegonarekin, Espainiako estatuan jende guztiarentzako itxialdia ezarri da, Gobernu Zentralak eskumen guztiak hartuz, kanpotik ikusita beldurgarria dirudi, urruna, baina gerta daiteke egoera hori hona iristea hemendik gutxira, eta bitartean gu hemendik ezin atera geratzea. Egia esan, gaixotzen ez garen bitartean, tira…
Arratsaldean, 7. Abenida eta 34. kaleko metro geltokian ikusi dugu gauzarik graziosoena orain arte: tipo beltz luze handi bat, koneju zuri-arrosaz mozorrotuta, saltoka bera bakarrik geltokian, erretzen, eta hatzetan txistua botatzen gero mozorroaren oinak garbitzeko.
Pixka bat irakurri nahi dut oheratu aurretik. Duela aste batzuk bezala, beste zerbait idatzi behar dudala sumatzen dut, baina honetan geratzen naiz. Denbora gehiago hartu beharko nuke? Hoteleko gela nagusi honetako mahai txiki hau eta butakatxo hauek oso deserosoak dira idazteko, agian horrek eragina du.
Bihar berriz deituko dut Eroskira, duela minutu gutxi ordenagailuan ikusi dut TAP konpainiatik atzo bidali ziguten mezu bat hegaldia aldatzeko aukera aipatzen duena, baina haien web orrian saiatu naiz aipatzen zituzten urratsak egiten, eta ez dut lortu. Gero irakurri dut txartela bidaia-agentzia batekin erosi izanez gero, agentziarekin hitz egin behar dela aldaketak kudeatzeko. Beraz, bihar deituko diet, zerbitzua 24 ordutakoa da, baina orain hemen gaueko 11:30ak dira eta ez dut gogorik. REMen This place is the beat of my heart entzuten ari naizela…
2020-03-15
Goizean deitu digu bidaia agentziako mutilak, badagoela aukera asteartean Euskal Herrira itzultzeko, bi eskala eginda eta gu bion artean beste 770 € ordainduta. Pentsatuko genuela esan diogu, bihar arte erantzun dezakegu, baina prezioa ikusita erabaki dugu hemen geratzea. Gero, iluntzean, azken berriak ikusita, New Yorkeko eskolak bihartik itxita daudela eta mezetako azken eguna –apirilaren 20a arte gutxienez– gaur izan dela, badirudi egun gutxi barru hemen indarrean jarriko direla atzo Espainiako estatuan ezarri ziren neurriak. Goizean gure zalantza zen museoak berriro irekiko ote dituzten, gauean zalantza aldatu da eta orain zera da, ea hoteletik ateratzen utziko ote diguten hemen geratuz gero. Horregatik bihar (hau da, ordu batzuk barru, hemengo gaueko 4:00etan, goizeko 9:00ak Euskal Herrian) deituko dugu hegaldi aldaketa eskatzeko, etzi hemendik alde egiteko, eskatzen digutena ordainduta ere.
Gauza da gaur goizean poliki altxatu garela. Atzo gaueko agentziako telefono deiekin eta Ugutzen haginetako minarekin lo gutxi egin ondoren, kostatu zaigu esnatzea, amak esnatu gaitu zer moduz gauden galdetzeko eta hango berri emateko. Azkenean atera garenean, txinatarren okindegira joan gara kafe bat eta hiru opil jatera, horretan asmatu dugu lekua, oso gozoak egiten dituzte. Grand Streeten buelta txiki bat eman ondoren Ugutzek bere zigarroa erretzen zuen bitartean, metroa hartu dugu Coney Islanderaino.
Coney Island, metro geltokia
Metroan oso jende gutxi zihoala iruditu zait gaur ere, ez dakit igande arrunt batean nola joango den linea hori, baina kontuan hartuta eguraldi ederra egiten zuela eta Coney Island igande goiz pasarako leku aproposa dela, nik esango nuke gaur oso jende gutxi zihoala metroan, gu eta beste gutxi batzuk, eta ibilbidearen azken tartean, gu eta beste mutiko bat besterik ez.
Ondo dago Luna Park (pena apirila arte ez dela irekitzen, edozein modutan, birusa dela eta agian gaur itxita egongo zen bestela ere), eta hango hondartza. Eguzkiak jotzen zuen, eta haize pixka bat bazebilen ere, ondo egoten zen, tarteka zenbait bankutan eserita egon gara Brighton Beacheraino iritsi arte. Ugutzi aurpegia gorritu zaio, erreta du. Nork esango, martxoan New Yorkera etorri eta beltzaran itzultzea etxera, aldaketa klimatikoa dudarik gabe.
Leku lasaia eta txukuna, hondartzak itxura ona du udarako. Hasieratik gehien harritu nauena, ordea, zenbat jende errusieraz hitz egiten ari zen. Gero ikusi dugu Brighton auzoa lurralde errusiarra dela, denda gehienetan errusieraz soilik zegoen idatzita errotulazioa. Paseatzen zeudenak, gainera, errusiar helduak ziren, aiton-amonak, haietako asko zaintzaileek eramanda.
Brighton auzoan buelta bat egin dugu, gustatu zait metro trenbidearen azpiko kalea, New Yorkeko irudi betikoa, autoak trenaren metalezko azpiegituraren azpian, eta komertzio asko, oso koloretsua, kale giroa. Kebab batean bazkaldu dugu, ongi, platerean, plater misto horien modukoa: entsalada, arroza eta arkume haragia nik, Ugutzek oilaskoa.
Brighton, Coney Island
Han metroa berriro hartu eta Brooklyn zentroraino joan gara, museoaren ondoan atera gara kalera, eta Washington etorbidetik jaitsi gara oinez. Amorrua eman dit Ugutzek ez duela tabernetara sartu nahi, zeren bizpahiru ikusi ditugu itxura onarekin garagardo bat hartzeko. Baina tira, ez haserretzeagatik aurrera jo dugu plazatxo batean eseri garen arte, berriz eguzkia hartzera.
Bus bat hartu eta Atlantic Avenueko metro geltokiraino joan gara, han lur azpian sartu eta trena hartzeko. Eskerrak presarik gabe gabiltzala, ez baikara ohartu asteburuetan B linea ez dabilela, eta itxaroten denbora asko pasa ondoren, konturatu gara D linea hartu behar genuela beste nasa batean. Azkenean Grand Streeteko geltokian jaitsi gara (beste behin trenez Manhattan zubia igaro ondoren) eta berriro ere txinatarren kafetegira joan gara, nik te bat hartu dut kruasan batekin, Ugutzek opila bakarrik.
Eta etxera etorrita, ni berriz atera naiz, arratsaldeko azken argia ikusi nahi nuen Manhattango zubitik, eta ikuskizun ederra izan da. Oso leku polita da, New Yorkeko politena ikusi ditudanen artean, eta trenaren zarata zubia zeharkatzerakoan (trenen zarata ozena, aldi berean bi edo hiru egon daitezke zubia pasatzen) hiri honetan barruraino gehien sartu zaidan gauzetako bat da. Ezingo nuke zubiaren aldamenean bizi, zalaparta etengabe horrekin, baina hiri honetara etorri, zubiaren pasabidera sartu, eta trenaren burrunba eta mugimendua gorputzaren barruraino barneratzen dela nabaritzea izan da eduki dudan esperientziarik zoragarriena egun hauetan. Etzi baldin bagoaz, bihar ere zalantzarik gabe joango naiz zubira ilunabarrean.
Skyline iluntzean
Gero hotelera etorri naiz, eguneko argazki hautatuak albumera igotzeko, eta afaltzera joan gara. Hotelaren ondoko jatetxe batera hurbildu, aurreko egunen kanpotik ikusi duguna, baina iritsi garenerako ixten ari ziren. Hoteletik gertu dagoen pizzeria ere itxita zegoen, beraz, lehen eguneko supermerkatura joan gara hotdog bat jatera pepino saltsa gozoarekin. Gustura jan dut, horrek harritzen banau ere, lehen egunean jan nuen bezala, nahiz eta kale bazterreko koxka batean eseri behar izan afaltzeko. Hemengo plana.
Oso lasai egon gara gaur ere, koronabirus horren berriak izutzeko modukoak badira ere, bai Euskal Herritik datozenak, bai hemen bertan jasotzen ditugunak. Badago giroan azaltzeko zaila den zerbait, katastrofe baten aurreko egunetan egongo bagina bezala-edo, baina bizitzak jarraitzen duen bitartean aurrera egin behar da, eta uneaz gozatu, eta horrela bizitzen ari gara, egonezin isil batekin, hor barruan dagoen zerbait latentea, erabakiak aldatzera behartzen gaituena hizketan hasten garenean, baina gehiegi ere larritzen ez gaituena. Nire kezka da lortu behar dugula hemen ez gaixotzea eta itxialdi gogor bat hasi aurretik hemendik alde egin ahal izatea.
Hotel honen inguruan badaude hiru edo lau bus geltoki, bereziki jende beltzak erabiltzen dituenak Georgia, Carolina edo Ohiora doazen busak hartzeko. Gaur, busa itxoiten jendetza ikusi dudanean, iruditu zait hauetako asko ere hiritik ihesean doazela, badaezpada. Eta giro hori nabari da, metroan jende gutxi, txinatar asko maskarekin, beltzak hiritik ihesean, eta turista gutxi, New York osoa ia guretzako bakarrik da orain. Baina guk ere, ahal badugu, gaur esan diguten aukera edo antzeko besteren bat erabiltzerik baldin badugu, hanka egingo dugu.
Gustatu zait New York, zenbait gauza ez ordea: pixa egiteko zailtasuna, gure gustuko tabernarik eta jatetxerik ez egotea (edo behintzat guk topatu ez izana); baina beste detaile askotan hiri atsegina da, jendea oso arrunta, espezimen guztien presentziagatik ere, jende arrunta, oinez doanean zebrabidea gorriz pasatzen duen jendea, esaterako. Ederra bere arkitektura eta urbanismoa, eta samurra bere utzikerian. Ez zikinegia, baina ez txukuna, inondik ere. Argi asko leihoetan eta gutxi kalean. Putzuak eta zuloak nonahi, baina ez Glasgowek zeukan utzikeria, adibidez. Upper East aldean aberaskumeen pitokeria ikusten da, noski, baina ez da Mirakontxa ere (hemengoen kalterako, donostiar batek esana). Agian, burua galdutako jende gehiegi kalean, gehienak beltzak, pena ematen dute. Osasun mentaleko atalekoek lana dute hemen, horrelako zerbitzurik existitzen bada hirian. Edozein modutan, ardura handia osasun publikoko arduradunentzat.
The Bronx, Edgar Allan Poe-ren etxea
Azken turistak New Yorken, New Yorketik ihesean
2020-03-16
Bidaiaren antolaketarekin buruan genuena egiteko, 4:00retan beharrean 3:30etarako banengoen esna, 4:00ak jo dutenean hasi naiz agentziako telefonora deitzen, eta langile denak okupatuta zeudelako, hamar minutuko bi dei itxaroten egon behar izan naiz, komun-zuloko tapan eserita konketa ondoko marmola idazmahai moduan hartuta, azkenean hartu didatenerako. Hegaldia aldatzea eskatu dugu, eta ordurako garestiagoa zen, 900 €. Agentziakoak iradoki digu kopuru hori gutxitzeko negoziatzen hasteko, baina pentsatuz hori zaila dela eta denbora tarte horretan oraindik ere garestiago atera ahal zaigula, edo are okerrago, agian plazarik ez direla geratuko, onartu egin dugu. Beraz, biharko eguerdiko 13:00erako eman digute lehen hegazkina, Bostoneraino, han bost ordu itxoiten egon ondoren, hurrengoa arratsaldeko 19:30etan Lisboara aterako da, eta hara bertako goizeko 6:00retan iritsiko da, beste bi ordu itxaron eta Bilbora, eguerdiko 12:00etarako Euskal Herrian dena ondo badoa. Hori zen goizeko ordu txikietan adostu dugun plana, gero gauean erabat trakestu egin dena.
Edozein modutan, hegaldiarena ustez konponduta, gosaltzera atera gara gero Empire State eta Bronxera joateko asmoarekin. Baina, hara non, gosaltzen ari ginela, interneten begiratu eta Empire Staten orrian bazetorren atzo jartzen ez zuena, gaurtik aurrera itxita egongo dela. Ez nau harritu, egia esateko espero nuen, baina gogoratu naiz herenegun dorrearen azpitik pasatu ginenean aukera eduki genuela bertara igotzeko, eta hurrengo baterako utzi genuela axolagabe.
Fordham Heights, The Bronx
Beraz, zuzenean Bronxera joan gara. Metroan jende gutxi dabil, agian zerbait bete da trena Harlemen, Bronxera zihoan jendearekin, gehienak beltzak. Atzo bat-batean izua sartu zitzaidan, ez ote zen arriskutsua izango Bronxera igotzea, edo behintzat, norbaitek ez ote zigun zerbait aurpegiratuko hara joateagatik turista intrusibo moduan. Baina inondik inora, gaur behintzat, eguraldi onarekin eta agian koronabirusa dela eta jende gutxiago irteten delako kalera, oso inguru lasaia iruditu zait. Edgar Allan Poe bizi izan zen etxetxoa ikusi dugu, eta gero Fordham aldean ibili gara. Eliza baptista batean janaria eskatzera joandako jende asko ikusi dugu ilaran, agian hori izan da gehien harritu nauena, bestela oso leku kosmopolita da. Atzo Brighton inguruan jende gehiena errusieraz ari bazen, eta dendak ere errusiarrenak eta errusiarrentzat baziren, Bronxen egon garen inguruan antzekoa da hispanoekin, jende gehienak espainolez hitz egiten du, eta dendak ere hispanoenak dira gehienbat.
Kale gaineko metro geltokira igo gara Harlemera joateko. Bidean Yankee Stadium ikusi dugu estadioko metro geltokitik, eta gero 116. kaleraino joan gara. Han beste aldaketa bat, auzo honetan gehienak afroamerikarrak dira, eta Afrikako hizkuntzak entzuteaz gain, arropa afrikar tradizionalarekin jantzita zeuden batzuk.
Harlem, eliza baptista
Morningside aldetik Columbia Universityra igo gara, orain ikaslerik gabe dagoena. Eta campusa zeharkatuta, Broadwayn berriro metroa hartu eta Tribecaraino jaitsi gara, New Yorkeko kale zaharrenak ikustera, besteak beste bi etxe artean zubi-pasaleku bat duen Staple kale famatua, gaur aldamio batek inguratuta. Irailak 11ko zero guneraino joan gara oinez, eta dorre bikiak zeuden tokiaren ondoan pizzeria batera sartu gara, hemen ere hispanoak zerbitzariak, hamburgar bana jatera.
Staple Street, Tribeca
Bukatu dugunean beste metro bat hartu dugu Boweryraino, eta Ugutz etxera etorri bada ere, ni 8. kaleraino –St. Marks Place izena ere dueneraino– joan naiz. Auden bizi izan zen etxeraino iritsi naiz, bazegoen plaka bat (Google mapsen behin eta berriro begiratuta ere aurkitzen ez nuena), ilusio handia egin dit topatzea bertsoa: “Pareko maitasuna ezinezkoa bada, orduan utz nazazu ni izaten gehien maitatu zuena”; Columbia Unibertsitatetik hona Tom Spanbauer-en I loved you more nobelako bi mutilak izan ditut alboan. Ze polita ingurua, eta ze pena aurreko egunetan hortik ez garela ibili, auzoak itxura ona zuen, gustatu zait West Village. 2. Abenidatik igo naiz horraino, eta 1.tik jaitsi, aldatzeagatik.
Bigarren abenida, East Village
Hotelera iritsita, argazkiak albumera igo ondoren, berriro ere joan naiz Manhattan zubira, hiriaz despeditzeko. Gero pizzeriara joan gara buelta batzuk eman ondoren, noodle batzuk afaldu genitzakeela bururatu zaigu, baina ez dugu aurkitu gustatu zaigun lekurik. Beraz, betiko lekura, pizza slice pare bat.
Eta hotelean ginela, ordenagailua piztu eta biharko hegaldien plana begiratzera sartu naizenean TAPen orrian, horra hor sorpresa txarra, hegaldia bertan behera utzi dutela jartzen baitzuen argi eta garbi. Kontakturako telefono batera deitzen saiatu naiz, baina ezinezkoa inork erantzutea, eta desesperatzen hasia nengoela, Ugutzi bururatu zaio begiratzea ea konpainiak hegaldi horretako plazak saltzen ote dituen, eta erantzuna baiezkoa izan da, alegia, badirudiela hegaldia egongo dela oraintxe bertan hegazkin horretarako txartelak erosi daitezkeenean. Baina ez daukat oso argi, beste orrian ere oso argi zetorren biharko gure hegaldia kantzelatu dutela, Bihar ikusiko, orain nekatua nago eta maleta egin behar dut, dutxa bat hartu nahi nuen, eta bizarra egin… oraingoz hau itzaliko dut eta gelara noa.
Odisea bat bihurtu da gure bidaia hau. Abenturara etorri ginen, eta horrela gaude, alaiki esaten genuen dirua arazo handiena baldin bada arazorik ez dagoela, zeren badaramatzagu euro eta dolar asko gastatuta, eta horietako asko alperrik ere. Katastrofea gertuago dagoela giroan sumatzen da, baina jendeak bere bizitza egiten du, zer egingo du ba? Badirudi eutsi ezinezko olatu erraldoi bat hiriaren gainera erortzekoa dela…
Ea hurrengoa noiz idazten dudan, kronikatxo honi amaiera emateko, oraingoz hemen utziko dut, sekulako logalea dut.
Manhattan zubia
2020-03-17
Eta azkenean, amesgaizto batean bezala, goizeko 4.30etan Eroskira deitu dut eta hartu nauen neskari entzun diot esaten harritu ahotsarekin: ba bai, efectivamente, Boston-Lisboa hegaldia kantzelatu egin dute. Berak ere ez zekien zer egin beharko genuen, TAPekin saiatuko zela harremanetan jartzen zer aukera ematen zizkiguten ikusteko, eta itxoiteko. Hortik aurrera ezin izan dut lo gehiago egin. 7:00ak aldera berriz deitu dut, beste langile batek hartu du, eta berriro azalpen bera eta ondorio berdina, gure hegaldia desagertuta zegoela eta saiatuko zirela aukeraren bat bilatzen. Eta azkenean, horietako batek esan dit hoberena zela aireportura joatea eta gure aldetik kudeatzen saiatzea, haiei ez zietelako erantzuten ez telefonoez ezta posta elektronikoz ere.
Hartu ditugu gauzak aireportura joateko, hoteleko harrerako langileari agian gure gelara berriro itzuli beharko genuela jakinarazi diogu, hegaldirik izango ote genuen argi ez zegoelako, eta hotela beste astebeterako ordainduta dugu. Metroan asmatzeko kostata, eguraldi txarrarekin, JFK aireportura iritsi eta hurrengo sorpresa: TAPeko bulegorik ez dagoela. Normalean arreta ematen duten lekuan, beste airelinea bateko langile batzuek esan digute TAPekoek duela bi egun alde egin dutela, apirila arte edo hegaldirik ez dutela, eta han ez genuela ezer egiterik. Berriro Eroskira deitu, eta hauek flipatzen, horrela ezin zutela ezer egin baina itxoiteko berriro ere.
Minutu gutxi batzuk barru deitu digu berak, eta eman digun soluzioa harrigarria: Newarkeko aireportutik (hau da, hemendik 70 km-ra edo, New Jersey estatuan) gaur bazegoela hegazkin bat Lisboara eta oraindik plaza libreak zeudela, eta hara joaten saia gintezkeela, baina ondoren zetorrena zen okerrena, Lisboatik Bilbora hegaldirik ez, Lisboan ez zigutela egoten utziko ezta hotel batean ere, eta trenik ez dagoenez, eta kotxe bat han alokatuta Espainian ezingo genukeenez utzi, ba soluzio hoberena Badajozeraino taxi bat hartzea izango zela, eta han ikusi zer egin! Gauzak oso gaizki daudela, hori da esan didan azkeneko gauza.
Orduan esan digu Iberiaren hegaldi bat zegoela Madrilera gaur arratsaldean: beste terminal batera galdetzera joan gara British Airwaysera, eta bai, baina Iberiakoek bakarrik saldu dezaketela txartelak, eta hango langileak berak gomendatu ditu American Airlinesera jotzea, merkeago aterako zitzaigulakoan. Hori egin dugu, berriro ere terminala aldatu ondoren, eta azkenean hegazkin-txartelak eskuratu ditugu, bakoitza 800 eta piko dolarretan, eta lasaitu egin gara.
Aurrerantzean lana izango dugu diru hori guztia berreskuratzen, baina behintzat etxetik gertuago egongo gara Atlantikoaren gure aldean, eta ez honetan. Gero arrebarekin egon naiz hizketan, eta hainbat buelta emanda, tren txartela erosi digu Madriletik Donostiara joateko, distantzia erdiko tren kaxkar batean, baina behintzat etxean utziko gaituena.
Lasaiago nago, azkenean, dirua erruz gastatuta, hori bai. Baina bueno, horretarako dugu dirua, ezta? Hainbeste urtetan aurreztutakoa larrialdietan gastatzeko ez bada, noizko izango da ba?
Orain JFKn gaude, pasta plater bat jan dugu, oso txarra, eta itxarongelarik ez dagoenez lurrean gaude, ni eserita hau idazten eta Ugutz lotan lurrean etzanda, hori erraztasuna duena! Beste lau ordu geratzen zaizkigu hegazkineratzeko, baina hemen behintzat lasai gaude, hegazkin-txartela eskutan, eta etxera iristeko gogoz. Badirudi odisea bideratu egin dela, orain ikusi beharko nola dauden Espainia eta Euskal Herria birusaren afera honekin, hainbeste debeku eta beldurrezko neurri. Ordenagailu hau itxiko dut eta hurrena azken etapa kontatzeko izango da, ez banaiz lehenago aspertzen eta Madrileko geltokian edo trenean bertan ez badut hau berriro ateratzen zerbait idazteko.
Two Bridges
Beti bezala, zerbait falta delako sentsazioa, gertatutakoa eta bizitakoa hitzez adierazteko zailtasuna. Nola kontatu gaur pasatu duguna, pentsatzen genuenean New Yorken geratu beharko ginatekeela nork jakin arte, kale guztiak hutsik eta guk zer egin jakin gabe, aspertuta eta estutasun itzelarekin! Nola islatu pasa dugun ezinegona, larritasuna, beldurra! Zer nolako urduritasuna gauez, zalantzaz beteta, komunean eserita hogei minutuz telefonoa norbaitek hartuko zuenaren zain!
2020-03-18
Iritsi gara azkenean etxera. Oso nekatua nago. Estres handia izan da, alde batetik, eta gero aireportua, hegazkina, metroa, geltokia, trena… Madril fantasmagoriko hori, kaletak eta geltokiak hutsik, eta horri guztiari ordu aldaketaren ondorioz bost ordu janda eta lo gutxi eginda, gorputzak ohea eskatzen dit. Burutik hau kendu, eta bidaian gozatu duguna noizbait paperera ekartzeko gogoz.
4. metro-linea, The Bronx
Jose Mari Zendoia Sainz, 2020ko apirilaren amaieran
ARGAZKIAK – Argazki bilduma osoa
Testu hau Booktegi gunetik deskargatu daiteke hainbat formatutan:
BOOKTEGI – Azken turistak New Yorken, pandemia garaian
JARRAIPENA
New Yorketik bueltan, Euskal Herrian etxeratzea ezarrita zegoen, hona hemen konfinamenduan hartutako ohar batzuk: Itxialdia pandemiagatik
Zerbait esan nahi baduzu: