Itxialdia pandemiagatik

2020ko udaberria. New Yorken egon gara, ozta-ozta, aurreikusita genuena baino lehen etorri behar izan dugu, eta Euskal Herrira iristerako konfinamendua ezarrita dago, etxetik soilik erosketa egitera ateratzerik dago. Hona hemen itxialdian hartutako ohar batzuk.


2020-03-18

Nekea joaten zaidanean idatziko dut gehiago bidaiari buruz, azken laburpen gisa, orain loa hartzen ari naiz. Ze bakea etxean egotea! Ze lasaitasuna!

2020-03-20

Hemen gaude, etxean azkenik, bi egun oso itxialdia beteta. Gauza arraroa da etxean egon behar hori, kalera lotsatuta bezala ateratzea erosketarako poltsa agerian eta etxetik gehiegi urrundu gabe. Etxean garagardoak edatea, ordutegia erabat aldrebestuta edukitzea…

Atzo ezin nuen lorik hartu, azkenean goizaldeko 6ak aldera lokartuko nintzen, eta ordubete beranduago esnatu tentsioa oso baxu, edo halako zerbait, erdi mareatuta, eta batez ere paranoiak jota, beldurrez koronabirusaren istorio honekin, distopia baten erdian egoteko sentsazioarekin.

Gero lo hartu dut eta eguerdiko 11:30ak arte egon naiz lo seko. Atzo ez nuen ezer egin eta gaur ere ez. Beno, atzo pianoa jotzen egon nintzen, gaur ezta hori ere. Atzo gauez Tabakalera aurreko janari dendara jaitsi nintzen garagardoak erostera, eta gaur eguerdian etxe azpiko okindegira ogi bila, eta gero liburu dendara Berria erostera baina jada bukatua zegoen. Ikusi dut supermerkatu aurrean zegoen ilara, gauza arraroa, esan bezala. Irekita dauden denda ia guztietan plastikoz egindako hesi bat saltzailearen eta erosleen artean.

Arratsaldeko 8:00etan jendeak leihoetan txalotzen du, osasungintza publikoko langileei eskerrak ematen. Atzo Gros aldean jende asko abesten egon zen, gure etxetik entzuten zitzaien: Isil isilik dago, Mendizaleak… Gauza arraroa, Atotxako dorrean jende asko ikusten da txaloka eta linternetako argiak mugitzen.

New Yorkeko argazkiak ordenagailura pasatzen egon naiz, eta gero haien babeskopia egiten. Amari argazki batzuen nondik norakoak azaldu dizkiot telefonoz, lankide batekin hitz egin dut ere gure odisea kontatzeko, eta ezer gutxi gehiago. Sekulako siesta egin dut eta orain ari zait logalea berriro iristen, gaueko 2:30ak direnean. Total, bihar ez dago ezer egiterik, ez dugu ordutegirik, ez dago planik, ez gara inorekin geratu.

Gaur okindegitik bueltan, gure kale osoa igo dut goiko jauregiko atarira arte, eta han egon naiz pixka bat eserita eguzkia hartzen. Iruditu zait zeruan ez dabilela hegazkinik. Eskerrak hemen gaudela, gaur agindu dute itxialdia New Yorkeko agintariek. Ze ondo hemen egotea. Noiz bukatuko da hau! Batzuetan beldur ematen du ikusteak zenbat jende kutsatzen ari den, horietako batzuk ingresatu eta hildakoak badaudela ere. Gaur Donostiako ospitalera deitu dut nire sendagilea nola dagoen galdezka, eta ondo dagoela esan didate, ez larritzeko, azalpen gehiagorik gabe.

Oraintxe irakurri ditut New Yorkera joan aurreko egunetan idatzitakoa. Sekulako tentsioa jasan dugu aste hauetan, hoberena han bertan egon ginenean, gehienetan oso lasai ibili ginela hango planak egiten eta gainerakoaz ahaztuta. Baina egia da ere, gaur konturatu naiz argazkiak begiratzen, denbora guztian kezka hori genuela, adibidez Brighton Beachera joan ginenean eta JFKko aire trafikoa ikusterakoan, Ugutzi esaten nion hegazkinak ikusterakoan lasaitzen nintzela, susmoa bainuen egun batetik bestera hegaldiak kantzelatu eta abioirik ez zela pasako zeruetan.

2020-03-23

Ez da ezer gertatzen, ez dut ezer idazten. Gaur egun osoan ez naiz atera, ezertarako ez. Atzo bai, eguerdian jaitsi nintzen, Berria erostera eta supermerkatura, pentsatuz irekia zegoela, baina igandez irekitzeari utzi diote eta azkenean janari-denda txikira joan nintzen, Gladysenea parkearen ondoan. Etxeko aldapa igo nuen, eta tarte batean eseri nintzen goiko jauregiko atari ondoan dagoen petrilean, Berria irakurtzeko. Eguraldi gozoa zegoen, epela, eguzkia hodeietan erdi ezkutatua. Ba han nengoela etxe gorriko leiho batera mutil gazte bat atera zen, eta aurpegiko keinuaz adierazi zidan han ez nuela egon beharko! Egon nintzen azaltzekotan berak bai, bista ederra leihotik, baina guk etxean egon beharraz gain, fatxada osoa aldamioz eta sarez inguratuta dugula, kartzelan egongo bagina bezala. Baina azkenean, egunkaria jaso eta etxera etorri nintzen. Sarean mezu pila daude balkoietan dagoen jendearen aurka, txibato moduan polizia txalotzen kalean dagoen edonor atxilotua denean. Ze nazka.

Aldamioa leihoetan, etxea inguratzen

Gaur amak deitu dit, arnasa hartzeko arazoak zituela eta anbulatoriora deitzen ari bazen ere, ez ziotela hartzen. Larritu naiz, bere laurogeita hamalau urteekin. Gure iloba medikuaren zenbakia eman diot baina honek ere komunikatzen ematen zuen. Azkenean nik lortu dut anbulatorioko norbaitekin hitz egitea, eta horren ondoren amari deitu dio mediku batek (bereak ez, bajan dagoelako, ez didate esan zergatik baina susmoa dut birus honegatik izango dela) eta diuretiko erdia hartzeko esan dio, bihar berriro deituko diotela. Medikuak esan omen dio etxeraino hurbilduko zela ez balitz birusagatik izango, agian kutsatu egin baitezake edozein.

Ezer gertatzen ez denez beste edozeri buruz idatz nezake. Potixa batekin ibiltzen naiz etxetik, lixiba uretan nahasia, ateetako eta hozkailuko eta tiraderetako heldulekuak garbitzen. Bestela, beste potixa hartzen dut, kolonia ura duena, eskuak garbitzeko. Azkenean sekulako ekzema aterako zait. Eta garagardo lata bat edatera noanean, irekitzeko zulo ingurua ere lixibaz garbitzen dut, uste dut egun hauetan kloro asko irensten ari naizela.

Atzo whatsap bideo-deia egin genuen anai-arrebok. Gaur beste bilera birtual bat egin dugu lankideok, gure beharrerako jarri digun beste plataforma batean, orain ez dut izena gogoan. Mundu birtuala. Mundu errealean gaur fatxada konpontzen duteneko enkargatua etorri da, aurrekontuaren bigarren zatia ordain diezaiogun.

Lehenago New Yorkeko berri jasotzen egon naiz sarean, berriak eta bideoak, eskerrak ez gaudela han. Badaude webcam batzuk Grand Streeten, metroa hartzen genuen lekutik gertu. Ez dabil kotxerik. Beste bideo batzuetan Midtowneko kale eta hiribide hutsak ikusi ditut, eta hiru aireportuetan (JFK, La Guardia eta Newark) 1.200 lagun kaleratu dituztela entzun dut, batez ere denda eta jantokietan lan egiten zutenak. Egunak pasa ahala beldur gutxiago dut hango metroan birusa hartuko genuenik, baina oraindik ere izan liteke, bihar astebete alde egin genuela handik.

2020-03-27

Martxoa aurrera doa. Asko gustatzen zait etxetik atera behar ez izateak. Orain arte, egun normaletan, askotan etxean gelditzeko gogoa izaten dut, edo irteteko gogoa izanik ere, ateratzeko alferkeria edukitzen dut, baina ez ateratzeak nolabaiteko erruduntasuna sortzen du, badirudi etxean geratuta zerbait galtzen ari naizela, bizitzaren osagai inportante bat bazterrean uzten nagoela. Orain berriz, pandemiaren itxialdian, ateratzerik ez dagoenez, horrelako dilemarik ez: etxetik ateratzeko gogorik gabe eta etxean nahitaez egon beharra, zer hobe hori baino?

Aspaldiko partez koadro bat margotu dut. Agian ez dago bukatuta, ez dakit, geratu den moduan ere gustatzen zait. Ez dut lan askorik hartu, zenbait koloretako olio pintura paletan jarri, eta zuria bete. Badu ezkerretik eskuinerako beheranzko mugimendu bat, laukizuzenaren diagonalean, urdin gorriz oinarrian, eta beste pintzelkada argiak, zuri okreak, beste diagonalean gurutzatzen, korronte nagusia zeharkatzen duen mugimendua. Gehiago saiatzen banaiz, behar bada dena izorratuko dut.

Duela hilabete bat sekulako jarioa nuen idazteko, filosofiako liburuak irakurtzen ari nintzenean. New Yorken bertan egon ginen egunetan ere idazten hasi eta nahiko erraz hasten nintzen orriak betetzen, non egon ginen kontatzen ez bada ere, eguneroko estiloan idatzitako testua. Baina orain dena aldatu da. Gauza asko aldatu dira. Itxialdiarena haluzinatzekoa da. Eta New Yorkeko bidaia horrela utzi behar izatea, ikusi nahi nituen gauza guztiak utzi eta batez ere sekulako tentsioarekin bueltatzearena, horrek zerbait eragin dit. Eta gorago aipatu bezala, etortzea lortu (dirua galdutzat ematen dut, zorionekoa naiz hemen egonda eta ez dut, orain behintzat, borrokatzeko gogorik) eta etxean egon behar izatea, gurasoak ezin ikusi, lagunak ere ez, betiko taberna existituko ez balitz bezala azkenaldian nire bigarren etxea izen denean… oso arraroa da dena.

Aurrekoan lagun baten facebook orrian esaldi bat irakurri nion; “gaur oso gauza arraroa amestu dut eta esnatu naizenean hori zen gertatzen ari zena”, edo horrelako zerbait. Berehala pentsatu nuen niri ere hori gertatu izan zaidala, New Yorkera joan aurretik ere berrogeialdi apal hartan egon nintzenean. Baina baita beranduago ere, oso gaizki egiten dut lo, gutxi eta saltoka, eta lo hartzea lortzen dudanean ere horrelako sentsazioa izaten dut askotan, ametsetan gertatzen ari diren gauza beldurgarriak direla hain zuzen ere benetan gertatzen ari direnak.

Gero egunez beste gauza bat da, osasuntsu nago, eta ezagutzen dudan jendea ere, eta dena pasako dela bestelako arazorik gabe iruditzen zait. Batzuetan izutu egiten naiz, gaur Ugutz eztularekin zebilen eta kutsatua egongo zenaren beldur egoteaz gain, ni ere kutsatuko naizenaren paranoiarekin ibili naiz egun osoan, ezer ukitu gabe, eztularen arrastoa non egongo zen eta saihesten. Gero gurasoak daude, haien etxean laguntzen dien langileak erraz eraman dezake birusa busean edo okindegian hartuta, berarentzat ere kalte. Eta eskerrak autobusa dagoela bere etxetik gurasoenera etortzeko, bestela zer egin beharko genuke?

Nik uste dut datorren asteartean, bi aste egingo duenez New Yorketik etorri ginela, garbi egongo naizela gurasoen etxera joateko, baina nork daki. Gaur botikara joan naiz eztarrirako goxokiak erostera eta ordaintzerakoan botikariak esan dit handik irten eta berehala eskuak garbitzeko, botikara birusa duen jendea joaten delako eta ateko heldulekuan birusa dagoenez, nik ere eskutan eramango dudala. Gauza da handik supermerkatura joateko asmoa nuela, beraz, birusa supermerkatura eraman dut, eskularrua jantzi dut babes gisa eta etxera iritsi arte ez dut kendu, harraskan eskuak garbitzeko. Ondorioa: gurasoenera joateak bere arriskua dut, birusa edozein lekutan har dezaket nahigabe.

Egunekoa laburbilduz: gaur bideo bat egin dut New Yorkeko argazki batzuekin (“New York, jende mota ugari” izenarekin), liburu luze bat amaitu, lekak prestatu ditut, botikara eta supermerkatura joan naiz, koadro baten zirriborroa egin dut, musika entzun, eta orain hau idaztera jarri naiz whisky baso batekin. Birusak izutzen nau baina itxialdia gustatzen zait.

2020-04-03

Egun hauetan oso gaizki egiten ari naiz lo gauez, eta gero egunez seko geratzen naiz. Aurreko gauean goizeko 5:00ak arte egon nintzen irakurtzen, eta eguerdiko 12:00etan esnatu nintzen ohetik ezin altxa. Gaur gauean ere bizpahiru ordu egin dut lo, eta berriro lokartzen ez nintzenez altxatu naiz goizaldeko 6:00ak aldera. Idazten hastea pentsatu dut, baina ordenagailuan eseri eta gogoratu dut aurrekoan lagun batek bidali zigun lotura bat, New Yorkeko Metropolitan operara, egunero opera lan bat jartzen dute sarean, eta gaur Verdiren Don Carlo zegoen eta ikusten egon naiz, erdia oraingoz, ez dakit gero bukatuko dudan.

Orain 8:13ak dira; dutxatuko naiz, bizarra egin, eta 9:30etan izena emanda nago beste ikasgai birtual horietako batean: gaur azterketak online prestatzeko dauden baliabideak azalduko dizkigute.

Ez da ezer gertatzen, ez dago ezer idazteko.

Ezer eza honetan dutxatu naiz, bizarra egin eta gosaldu, jarraian ikastaro birtual hori, ariketak ikasgela birtualean egiteko. Ondoren berriak irakurtzen egon naiz interneten, eta jarraitu dut Don Carlo ikusten, sekulako logalea nuen, baina bukaera arte ikusi dut, hiru ordu eta erdi baino gehiago guztira. Bi aktoen artean zerbak jarri ditut presio eltzean, eta hori bazkaldu dut opera bukatzerakoan, txekor xerra batekin.

Siesta txiki bat egin dut eta gero berrartu dut aspaldian utzita nuen liburu bat. Arratsaldean ere gogoratu naiz online libre dagoen eskaintza kulturalari buruzko informazioa jaso dudala. Begiratu dut eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren orrian, hilabeterako libre daude han dituzten kontzertuak, pila bat dira, gaur horietako bat entzun-ikusi dut, Liszten lehen kontzertua pianorako, Wagneren Renzi operaren obertura eta Richard Straussen Also Sprach Zarathustra.

Gaur konturatu naiz etxean dudala liburu bat, lantokian geratu zitzaidala uste nuenetakoa. Ilusioa egin dit, uste bainuen itxialdia amaitu arte ezingo niola horri ekin, baina orain etxean dago eta oheratu aurretik begirada bat botako diot, Gogoeta-bide irekiak, Agustin Arrietarena.

Aitak telefonoz galdetu dit ea zerbait idazten ari ote naizen, eta ezetz esaten diot, batez ere irakurtzen ari naizela. Ez da ezer gertatzen, baina orri oso hau idatzi dut. Ez da ezer gertatzen, eta bestelako gauzarik idazteko zera ez zait etortzen. Zer egingo diogu. Noizbait irakurriko ditut hemen idazten ari naizen gauza hauek? Ikasturte hau nolakoa izan zen, nola hasi nuen, zer gutxi egin dudan eta batez ere, azken bi hilabeteak nola joan diren egoera sinestezin honetan, beldurrez, ez hainbeste osasunagatik baizik eta egiteko geneuzkan planak airean zeudelako, eta nola joan ginen New Yorkera, azken momentuan, eta nola ibili ginen han museoak eta tabernak ixten, eta nola bueltatu ginen, nola lortu genuen itzultzea… Atzo abokatuei bidali nizkien bidaiaren itzulerako txartelak eta fakturak, ea zerbait lortzerik badugun. Baina hori ere, egia esan, galdutzat jo izan dut hasieratik.

Agian hemen idatzitakoa besterik gabe irakurtzea baino, plan hobea izan liteke hemengo zerbait aprobetxatu ahal izatea bestelako zeozer idazteko, pandemiaren kronika bat, norbaitek irakurriko luke?

Tira, liburua irakurtzera noa. Erosi nuenean hitzaurrea begiratu nuen, baina gainerakoa osorik daukat irakurtzeko. Espero dut ondo egotea.

2020-04-08

Hemen jarraitzen dugu, itxialdian. Oso eguraldi ona egiten du, gaur arratsaldean (atzo ere) pixka batean atera naiz kanpora irakurtzera. Egunez egiten dut lo, tarteka. Gaur 5:00etarako esnatuta nengoen, 8:00ak aldera altxa naiz gero 9:30etan lankideen bilera genuelako. Bukatu denean, interneten gauzak begiratzen egon eta logale handiarekin ohera joan naiz, 15:30ak arte edo. Iluntzean ere, afaldu aurretik, berriz lotan egon naiz. Orain gaueko 1:30ak dira eta, noski, lo gurarik ez dut. Liburuarekin egon naiz orain arte, oso interesgarria, egia-ostearen aroari buruzkoa, interesgarria eta larritzeko modukoa ere.

Kaskoak jarrita dauzkat eta oraintxe REMen Leaving New York zegoen, ze polita, eta ze oroimen. Behin eta berriz esaten digute eskapada ederra egin dugula, eta hala da, handik datozen berriak ere larritzekoak dira. Aurrekoan amesgaiztoa izan nuen, oheratu aurretik Boris Johnson ZIUra eraman zutela irakurri ondoren, Erresuma Batuan ere AEBen antzera egoera makurra da. Eta bitartean gu hemen, bizitzari zentzu berria bilatu nahian, gauza asko irakurtzen sarean… gaur oso testu interesgarri bat irakurri dut, azken aldian intelektual eta sasi-intelektualek halabeharrez edo idazten dituzten hausnarketak kritikatuz, batez ere horregatik, halabehar auto-inposatu batek, hitzontzikeriak eta protagonismoak sortuta direlakoan.

Orain ohera joan beharko nuke, gauez lo egin fundamentuz, eta bihar esnatu eta egunez bizi. Dagoeneko berandu bada ere. Baina egia esan, zertarako? Ez dugu ordutegirik. Bihar ostegun santua, bihar eta etzi dendak itxita, egun hauetan dugun betebeharreko ordutegi bakarra janaria erostekoa izanik, hori ere libre. Beraz, ez dago inolako irizpiderik orain edo gero lo egiten hobesteko, ez dago beharrik. Aztoratzen nauen gauza bakarra, itxialdia amaitzen denean ordutegi biologikoa erabat aldrebestuta edukitzea da.

2020-04-13

Gogoan dut otsailean Bartzelonara joan nintzenean, halako batean idazteko jarioa sartu zitzaidala eta gauero esaldi eta paragrafo pila idazten nuela. Hurrengo asteetan ere, koronabirusa zetorrenean, eta bitartean artea eta filosofiari buruz irakurtzen ari nintzenean, eta New Yorkeko bidaia buruan nuela etengabe, aste horietan ere idazteari gogoz ekin nion, begiratu beharko nuke baina esango nuke egunero idazten nuela, asko. New Yorkeko egunetan ere, gure egonezinaz gain, egunero egiten genuenarekin soilik tarte luzeak idatzi nituen.

Eta hori dena bukatu zen. New Yorketik etorrita gogoa galdu dut, egia da ere ez dela ezer gertatzen, ez dudala ezer berezirik egiten, baina ezer idazteko gogorik ere ez dut. Erabat alfertuta nago, lo eta lo, goizeko 11:00k arte ia egunero, eta gero berriz lo geratzen naiz gosaldu ondoren liburua esku artean dudanean, eta bazkal ondoren ere irakurtzen saiatzen naiz eta nahigabe ere berriro lokartzen naiz. Gauez logalea joaten zait, oraintxe gaueko 12:30ak dira eta berandu ez dela iruditzen zait gau askotan 4:00ak edo beranduago arte esna egoten bainaiz.

Aurreko ostegunean, ostegun santuan, gurasoen etxera joan nintzen eta orain konturatu naiz hemen ez nuela aipatu ere egin. Eta baziren ia bi hilabete haiek ikusi gabe! Ongi aurkitu nituen, aspertuta daude, noski, baina itxura onarekin. Poztu ziren ni ikusteaz, nahiko gauza arraroa izan zen ni lepokoarekin ahoa eta sudurra estalita, plastikozko eskularruak jantzita eta oinetakoak eskaileretan utzita. Internet jarri nien eta New Yorkeko argazkiak ikusten egon ginen, lehenengo ama eta gero aita, non egon ginen azaldu nien, eta bestelako xehetasunak etxeei, kale giroari edo janariari buruz. Gero etxeratzerakoan, Urumea pasealekutik nentorrela arratsaldeko 8:00ak jo zuten eta ibaiaren bi aldeetara jende asko txalotzen hasi zen ni bakarrik kalean oinez nindoala. Hori ere oso arraro eta desatsegina egin zitzaidan.

Ostiral eta larunbatean, eta gaur bertan ere etxeko lorategian egon naiz eguzkitan irakurtzen. Oso ondo egoten da, dena den, nik uste nuen hori egiteko inolako arazorik ez zegoela, baina gero ikusi dut espazio pribatuetan ezin dela egon komunitarioak baldin badira, beraz, norbaitek salatuko bagintu eta polizia etorri isuna jarri diezaguke hor egoteagatik. Hala ere jende gutxiren bistan gaude eta ez dut uste hona inor etorriko denik molestatzen.

2020-04-16

Egun hauetan prestatzen ari naiz New Yorkeko azken turistak delakoa, eta horrekin badut nahikoa lan, horregatik hemen deus gutxi.

2020-04-18

Gaur kalera atera naiz, ez naiz egunero jaisten. Berandu, goizeko 11:30etan esnatu naiz, atzo ere auskalo zein ordutan lo hartu eta gero. Komunean nengoela, txindurri bat ikusi dut lurrean, eta konturatzerako, logelan txindurri saldoa zebilen alde batetik bestera, eta ordenagailuko gelan oraindik ere gehiago. Ahal izan ditudanak hil ditut eta txindurri hilotzak hor utzi, lurrean, mugitu gabe, beste txindurriek ikus dezaten hortik ez zutela inora joaterik. Erosketarekin bueltan, atzeko bidetik, ikusi dut bidea zeharkatzen norbaitek egindako hosto ilara, eta pentsatu dut txindurri bidea mozteko ahalegina izango zela.

Gero makarroiak egin, kriston siesta, interneten egon, aspertu, afaria egin, berriz interneten, eta orain esku artean dudan nobelarekin, uste dut honako hau bihar bukatuko dudala. Whiskya edaten ari naiz, bigarren botilarekin noa, aitari gehiago eskatu beharko diot, itxialdia amaituta beste errege egun estra bat ospatu beharko dugu botila berriak banatzeko.

2020-04-19

Internet oso gaizki doa, askotan orriak kargatzerakoan gelditu egiten da. Badaramagu horrela astebete baino gehiago, bihar telefono konpainiara deituko dut. Izarkomera aldatzea pentsatu behar dugu.

Gaurkoarekin bukatu dira Aste Santuko oporrak, nork esango. Lan egutegia ere aldrebestu denez, aste honetan zenbait bilera egin ditugu lanekook.

Kanpoko mundutik geroz eta deskonektatuagoa nago, whatsapp taldeak-eta begiratu egiten ditut, baina kasu handirik egin gabe. Antzera telefonoz hitz egiteko. Itxialdiaren fase hau astebete barru amaituko da, eta pena ematen dit, niregatik horrela jarraitu genezake gutxienez hondartzara joateko eguraldia hasi arte. Hau da bakea! Monasterio batera erretiratzea baino hobe, eremita bihurtzea baino lasaiago. Pena ematen dit pentsatzeak ez dudala nahiko aprobetxatu egun guzti hauek egiteke dauzkadan gauza guztiei astindu bat emateko ez bada ere. Bestalde, ikuspegi materialistago batetik begiratuta, bidaian galdu genuen dirua aisa errekuperatu dugu kontsumoa erabat moztuta, bakarrik supermerkatuko gastua dugu hilabete honetan ohiko gauzetan: fruta, haragia, arraina batzuetan, ogia, esnea…

2020-04-24

Oso antisoziala nago. Ez dut inorekin hitz egiten, gaur aitak ere ez du deitu. Aste osoan behin bakarrik atera naiz kalera, asteartean barazkiak hartzera. Eta harrigarriena, horrela oso gustura nagoela. Ez dut faltan botatzen jendearekin egotea, ezta hitz egitea ere, bestela aski nuen telefonoa hartzearekin. Atzo Bartzelonan dugun lagun medikuari deitu nion liburu eguna zela eta, nola dagoen jakiteko, eta espero nuen bezala, lanez gainezka dagoela esan zidan, Kataluniako osasun publikoak zahar egoitza pribatuen kudeaketa bereganatu du eta Barcelonetako zahar etxean dabil lanean, pandemia hasi zenetik 100 bat agureetatik 25 hil egin dira. Ez dut imajinatu nahi zer izango den horrelako egoeran sendagile gisa lan egiten aritzea.

2020-05-03

Zenbat egun idatzi gabe! Ea gogoratzen ditudan azken egunetako gauzarik inportanteenak.

Apirilaren 26an gurasoen etxean egon nintzen, oso ondo ikusi nituen, argazki batzuk egin genituen balkoian, itxura ona dute haien laurogeita hamalau eta hamabost urteak beteta.

28an, nire urtebetetzean, Jitsi plataforman bideokonferentzia bat egin genuen. Egun osoan telefonoz hizketan pasa nuen denbora asko, jendea aspertzen omen da itxialdian eta denek hitz egiteko gogoa zuten. Gero Jitsi horretan whisky bat hartu nuen, afariarekin ardo txuria otarrainxkak eta kroketak laguntzeko, eta mozkorra oheratu nintzen. Hori ez da arraroa, urtebetetzea nola ospatu nuen bai.

Apirilaren 30ean Sarajevoko tranbiaren nire poema jarri zuten sarean, hango argazkiekin egin nuen bideoa, olerkia nik irakurrita. Hor dago interneten, ikusi dutenek esan dute gustatu zaiela.

Maiatzaren 1ean ohean, ezer egin gabe. Beno, ez, goizeko 11:00etan deitu zidaten auzoan egiten hasi diren irratsaio batean parte hartzeko, auzoko Zaintza taldeak antolatu du eta nire ekarpenak kultur gomendio bat izan behar zuenez, Juango Olasagarreren Poz aldrebesa liburua hautatu nuen, hamar minutuko tartean nobelari buruzko hausnarketa egin nuen, eta gero, eguerdi aldera, irratsaioa sareetan jarri zuten. Gustura geratu nintzen, ez nuen entzun nire parte hartzea, baina norbaitek esan zidan oso ondo zegoela.

Atzo kalera atera ahal izan ginen paseatzera, New Yorketik etorri ginenetik lehen aldiz. Irtetea baimenduta dago goizeko 6:00ak eta 10:00ak bitartean, eta iluntzeko 8:00ak eta 11:00k bitartean. Atzo arratsaldeko 8:30ak aldera jaitsi nintzen Zurriolara eta ezin zen itsasoa ikusi horrenbeste surflariekin. Groseko kaleak, eta bereziki hondartza ingurunea, Aste Nagusian bezain beteta zeuden ia. Gaur beranduago atera naiz, ilunduta, 10:00etatik 11:00k arte-edo, eta jende asko zebilen ere. Olatuen soinua gauez entzutea gustatzen zait inguruan inork molestatzen ez duenean, normalean igande gauetan hala izaten da, baina orain mundu guztiak egon nahi du kalean, normala da hori ere.

Etxeko lorategian, irakurtzen

Orain irakurtzen ari naiz. Gaur bazkalondoan John Banville-n El mar liburuarekin egon naiz, ordenagailu gelako leihoa irekita eta kaleko argiarekin aulki birakarian eserita, liburu horrekin, kafea eta gero whisky bat, oso oso gustura. Liburua oso polita da, erdiraino iritsi naiz. Orain ohera noa horrekin jarraitzeko.

2020-05-08

Orain whisky bat jarri dut edalontzian eta hau idazten hasi naiz. Badira egunak idatzi gabe, argi dago whisky botila ateratzen dudanean idazteko gogoa jartzen zaidala. Idazten ez dudanean jengibre-infusioak hartzen ditut, gorputza garbitzeko. Aste honetan lo asko egin dut, loaldiko ordutegia erabat hankaz gora dut.

Fatxadako obra bukatzen ari dira, astelehen eta asteartean gasaren hodia aldatu, eta bukatuko dute: Arropa zintzilikatzekoa jarrita dago, hainbeste hilabete izorratuta egon ondoren (urte bat baino gehiago, ziur). Baina gustura nago, aste honetan paseatzera atera gara pixka bat, baina etxean gustura nago, Beethovenen sinfoniei buruzko online ikastaroa amaitzen ari naiz, irakurtzen, pianoa jotzen zertxobait, zeozer idazten. Itxialdian jarraitu nahiko nuke. New Yorkeko bidaiari buruz idatzi nuenak bere arrakastatxoa izan du, pozik nago.

Uste dut gaur arte ez dudala aipatu ikastaro batean izena eman nuela, Beethovenen 9. sinfonia gai nagusi duena, baita ere Sinfonia formaren ezaugarriak, 9.aren berezitasunak eta lana kokatzeko oharrak. Asko disfrutatzen ari naiz ikastaro hau egiten.

Martxoan utzi nuenetik, aste honetan telefonoz hasi naiz berriro whatsapp bideodeiak egiten ikastolako neska latinoamerikarrarekin, euskarazko mintza-praktika egiten. Euskaraz ulertzen dit, baina berak ez du bi hitz baino gehiago jarraian esaten, nik galdetu eta berak bai, ez edo ez dakit erantzun. Hurrengo asterako liburu baten orrialde batzuk irakurtzeko eskatu diot, ea horrek joko gehiago ematen didan berarekin hizketan aritzeko.

Monasterio batera joango nintzateke betirako itxialdi batean bizitzeko. Eremita izan nahi dut. Zarathustra da nire idoloa. Gaueko 3:00ak dira eta ohera noa, ez dakit monasterio batean ordutegi librea dagoen, behar bada nire etxeko itxialdian inon baino hobeto nago. Baina hala ere, buruan dut ideia hori, norabait joan sekulako isolamenduan egon ahal izateko.

2020-05-14

Ez dira gauza asko gertatzen.

2020-05-16

Ez da ezer gertatzen. Gaur bi egun neraman etxetik atera gabe, eta ateratzeko asmorik ez nuen, baina gaueko 10:30etan arrebak deitu dit gurasoen hiru telefonoetara deituta ez zutela bakarra ere hartzen, neu ere saiatu naiz eta hartzen ez zutenez, Amararaino joan naiz azkar batean, laster bueltatzeko. 11:00ak arteko baimena dago, eta 11:05etan gurasoen etxera sartu-irtena egin dut ondo zeudela ikusteko besterik ez.

Azken bi egunetan dokumental bat eta pelikula bat ikusi, bi liburu amaitu, meditazioa egin, gurasoenera joan, online kontzertu bat entzun…

Bestela, ez da ezer gertatzen, lo asko egiten dut, goizean 10:00ak arte egon naiz, yoga egin, irakurri, bazkaria prestatu, bazkaldu eta berriro ere sekulako siesta. Orain gaueko 2:00ak paseak dira eta ez dut logalerik, noski. Begiratu behar dut zer daukadan zerrendan irakurtzeko.

2020-05-19

Eguneroko hau idazten hasi nintzenean ez zitzaidan gertatzen, baina orain aurreko eguneko irakurri behar dut gauza bera bi aldiz ez jartzeagatik, kontua galtzen dut noiz sartu nintzen azken aldiz orri hauetan eta zer kontatu nuen.

Beste hiru egun: New Yorkeko bidaiaren kronika argitaratu, poema bat idatzi, liburu berri bati ekin, lankideon bilera bat eta auzo-elkarteko beste bat…

…eta aurreko gauza guztiak egin ondoren ere gogoa ematen dit jartzeko ez dela ezer gertatzen. Baina alde batetik gauzak gertatu, gertatzen dira, nahikoa da begiratzea txoroz txoro idatzi ditudanak, eta bestela, gertakaririk ez balego ere, norberaren mundu propioan etengabe gauzak gertatzen ari dira, pentsamenduak, ideiak, sentsazioak. Horiek idaztea zaila da, idazle batzuk lortu egin dute edertasun maila gorenera iritsiz, baina mundutarrontzat absurdoa eman lezake sentsazioen eta pentsamenduen zerrenda azaldu nahi izatea. Edozelan ere, hori guztia ere gertatzen ari da, kontatzeko trebetasuna izan ala ez. Ez da ezer gertatzen idaztea, azken finean, beste sentsazio bat adierazteko hitzak besterik ez dira, asperdura, itxarotea…

2020-05-23

Gaur manifa batean egon naiz, zenbat denbora! Hiru ilaretan joan gara, maskarekin, harrigarria. Jendeak ezin zuenez aldameneko inorekin hitz egin, inoiz baino garrasi gehiago egin da, presoen eskubideen alde.

Fatxadako lanak bukatu dituzte, eta aldamio guztiak eraman, berriro kotxea bere lekuan dago, batzuetan badirudi ez dela ezer berezirik gertatu hilabete hauetan. Gauzak, zenbait gauza, otsailean bezala daude.

Bizitza normaltasunera doa, jende asko kalean, tabernak astelehenean irekiko dituzte barrura sartzeko (mahaietan, eta kopuru mugatuan hala ere), asteartean lantokira joan ahal izango naiz… Pena ematen dit. New Yorketik itzuli ginenean, eta etxetik ezin ginela atera, sekulako liberazio moduan bizi izan nuen, kalera ezin joan baina bestelako konpromiso guztietatik aske, ezin zen ezer egin, jende askorentzat traba eta eragozpena zena niretzako askatasuna zen. Berriro ere lotuta sentitzen naiz egin nahi ez ditudan gauzetara.

2020-05-25

Bihar lantokira noa. Dena berriz mundu arruntera itzuli da. Ez dut joan nahi, gustatuko litzaidake azken hilabeteetako lasaitasun honetan jarraitu ahal izatea, baina ez, berriz bulegoa, mintza-praktikako bideo-deia, yoga, gurasoenera joan, auzo elkarteko bilera, ah ez, horren aurretik literatur taldea, eta gero auzoko proiektu komunitarioa –gero ez, hori bihar da–, eta horrela errutinara bueltatzea, agenda hitzorduz betez, ze pena, hasiko naiz pixka bat gauzak albo batera uzten, beti gogoan edukiko dut New Yorketik itzuli eta ezer egiteko aukerarik ez zegoenean, ezer ere ez, etxean egon besterik ez, gehienera garagardoak ekarri aparraren artean denbora pasa ahal izateko. Hori da nahi dudana, pandemiaren izuak dena paralizatu dezala.

Orain lotara noa bihar goiz esnatu behar naizelako. Zenbat hilabete horrelakorik idatzi gabe, garai batean gaueroko leloa zenean? Orain gustatuko litzaidake denbora-eperik ez izatea, logalea edukita ere gaueko 3:00ak edo 4:00ak arte hemen egoteko idazten, irakurtzen, pelikula bat ikusten, sudokuak egiten edo pentsatzen. Garai hori amaitu da, eta ez dut nahi.

Egia bada dena normaltasunera datorrela, orduan Greziara joan nahiko nuke beste behin, hori da nire paradisua. Eta New Yorkera ere, noski, han badut zerbait bukatu gabe eta berriro ekiteko zain. Baina Galaxidiko Lourvas hotelera berriz joatea nire zoriontasuna asetzeko modua litzateke. Delfosera igo, aztarnak ikusi, eta gero han ondoko herrixka batean bazkaldu hondartzara jaitsi aurretik. Mesedez, konfinamendu hau bukatzekoa bada patuak Galaxidira eraman nazala, mesedez. Gustatuko litzaidake, bestela, bidaiak debekatuak izatea, Greziara joateko grina eta gogoa bertan behera utzi behar izatea eta daukagunarekin moldatzea. Ondo eramango nuke hori, gure hondartzak, gure bizitzeko modua, eta 2019ko udazken hasieran Grezian egin genuen bidaiaren oroitzapena. Konformatzen naiz horrekin.

2020ko ekainaren erdialdean

Jengibre-infusioa egin dut, eta hori hartu bitartean otsaila eta maiatza artean idatzitako oharrak ordenatzen ari naiz, gauza asko gainetik kentzen –agian beste testu baterako gordetzen: bolada horretan irakurritako liburuen, entzundako musikaren eta ikusitako pelikula guztien erreferentziak, adibidez– eta gauza gehiago zuzentzen.

Badira egun batzuk nolabaiteko normaltasunean bizi garena, agenda berriro bete betea dut eta batzuetan estresak jota nago, pandemia kontrolatzeko bidean omen gaude baina gaixotasunak ekarri zizkigun abantaila ugari galtzekotan ere.

Izan bedi hau guztia aurtengo udaberriko garai bitxia gogoratzeko modua.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: