Duela urte asko lurraren gainean ez zegoen bizitzarik.
Arroka, harkaitz, harrixka, lokatza eta lurraren gainean ez zegoen basorik, ezta zuhaitz bakar bat ere. Ez zegoen lorerik, ez zegoen belartxo bat ere ez.
Garai hartan ere, lur azalean ez zegoen inolako animaliarik, ez sugerik lurrean arrastaka, ez sagurik harrien artean ezkutaturik. Ezta animalia handiagorik ere: katurik, zakurrik edo zaldirik ez. Eta gora begira, txoririk ere ez zegoen airean hegan, ezta euli edo erle bezalako intsekturik ere.
Noski, garai haietan jenderik ez zegoen lurrean, dena basamortu lehor eta zabal bat besterik ez zen.
Baina planetaren erdia baino gehiago itsasoa zen, ozeano handiak eta kostalde luzeak, ur urdin sakona. Uretan bai, han bazeuden bizirik ur azpiko landareak, algak eta bestelakoak, eta baita ere animalia mota asko. Batzuk oso txikiak eta beste batzuk handiagoak, gorputza azal oso gogorrez estalitakoak, karramarroak eta txirlak bezala, eta beste batzuk igerilari trebeak, antxoak bezalako arrain txikiak, eta marrazoen moduko arrain beldurgarriak. Tartean ere ugaztun batzuk, baleak eta izurdeak, esaterako.
Itsasoko biztanle batzuk abisalak dira, ur sakon eta ilunetan bizi dira ur azaletik eta eguzkiaren argitik oso urrun. Beste batzuk, berriz, nahiago izaten dute ur azaletik gertu egon, ur epeletan. Badaude kostaldetik gertu egoten direnak eta beste batzuk lurra inoiz ikusiko ez dutenak. Milaka kilometro egiten dituztenak kontinenteen artean, angulak bezala, eta bizitza osoa arroka bati itsatsita bizi diren lapak.
Txitxarroak dira itsasoko arrain arruntak, elkarrekin ibiltzea atsegin dute talde handitan, lagunekin eta senitartekoekin. Hor ibiltzen dira batzuetan ur azaletik gertu, noizbehinka saltoka ur gainean. Kostara hurbiltzen dira, edo handik urrundu, janari bila. Normalean ur sakonagoetara sartzen dira ere jolasean, eta ur azaleratik hirurehun metroko sakonetara egoten dira.
Kantauri itsasoan, kostaldetik gertu bizi zen txitxarro talde handi bat. Talde horretan jaio zen Lander txitxarro txikia. Igeri egiten zuen beste txitxarro kumeen artean, bere lagunekin jolasean eta jauzika ur azaleko olatuetan.
Baina bakartia ere bazen, txitxarroak izaten ez diren moduan, eta txikitan erabaki zuen nahiago zuela ur sakonagoetara jaistea, isiltasun ilunean itsaso hondoko harkaitzetan babestuta lasai egoteko asmoz, behin aurkitu zuen urazpiko kobazulo batean.
Lander oraindik txitxarro txikia zen, eta gauza asko ez zituen ulertzen. Itsasoaren sakonean zegoela asko pentsatzen zuen, baina konturatzen zen jakiteko eta ezagutzeko gauza gehiago zeudela, eta horregatik bere kobazulotik irteten hasi zen, geroz eta gehiagotan. Horrela hasi zen arrain abisalak ezagutzen, antena luzeak dituzten animalia bitxiak, iluntasunari aurre egiteko argia egiteko gauza direnak.
Landerrek bere kobazuloa uzten zuen bakoitzean, geroz eta gorago igotzen zen bestelako arrainak bizi diren eremuetara, eta hala, txipiroien eta legatzen laguna egin zen, hegaluzeen eta bisiguen adiskide. Haiekin batera mugitzen zen igeritan, elkarrekin dantza egiten edo itsasoko urak zeharkatzen. Horrela ezagutu zituen itsasoko animalia asko, sigi-saga dabiltzanak ihesean bezala eta hondarraren azpian ezkutatzen direnak.
Lander geroz eta gorago zihoan bere itsas esplorazioan. Eta hala, kostaldeko labarretara hurbildu zen egun batean, bere jatorrizko txitxarro taldearekin topo egin zuen. Denek alai hartu zuten aspaldiko laguntxo iheslaria, gauza asko zeukaten elkarrekin egiteko. Landerrek, bere mugimenduen bitartez adierazi nahi zien zertan ibilia zen aspaldian, zenbat gauza ezagutu zituen itsasoko alderik urrunenean.
Taldekoekin bat egin zuen, eta berriro egin zuen jolas bere txitxarro senideekin. Olatuekin hondartza aldera egiten zuten azkar, eta gero saltoka bueltatzen ziren itsaso aldera kostaldea atzean utzita. Jauzi bikoitzak egiten zituzten uretatik gora, buruz behera erortzen uretara.
Baina Landerrek bazekien bazeudela gauza gehiago ezagutzeko, itsasoa ez zela mundu osoa. Hondartzara hurbiltzerakoan ikusten zuen beste mundu lehor bat zabaltzen zela kostaldetik beste aldera ere. Eta Landerrek mundu hori ezagutu nahi zuen, jakin-min eta kuriositate handikoa baitzen.
Eta horrela, txikitan alde egin zuen moduan, berriro ere taldea atzean utzi eta gauza berriak ezagutzera joan zen. Ez zion inori bere asmoa adierazi, bai baitzekien beste txitxarroei ez zitzaiela ondo irudituko: txitxarroen bizitokia itsasoa da, eta hortik ateratzea gauza txarra da, arriskuz betea. Baina Landerrek ez zuen beldurrik, bizitzea etengabeko abentura bat dela uste zuelako. Eta ez zuen ulertzen abentura ezer txarrik izan zitekeenik.
Lander, goiz batez, eguzkiaren lehen izpiek itsasoko ur azalera argitu bezain laster, olatu handietan jolasean kostalderaino hurbildu zen. Amildegi eta labarren arteko arrokek sortzen zuten putzuetan hartu zuen atseden. Burua uretatik atera eta ingurua behatzen hasi zen: haitzak, harriak, lur gorria. Konturatu zen, ordea, itsasgora eta itsasbehera izaten den tartean, itsasotik gertuko arroketan eta hondartza inguruan bazeudela landaretxo batzuk. Ez ziren itsaso barruko algak bezalakoak, kolore berde argiko hosto txikiak baizik. Eta bere baitan pentsatu zuen: hori belarra da.
Hondartza ondoko putzu batean zegoela, burua uretatik kanpo, ez zen konturatu arrainek burua uretan eduki behar dutela ia etengabe, arnasa uretatik hartzen dutelako zakatzen bitartez. Itsasoko animaliek ezin dute uretatik kanpo bizi, berehala ito egiten dira. Baina geroz eta denbora gehiago ematen zuenez burua uretatik kanpo, nolabait arnasa hartzeko beste modu bat garatu zuen ere, birika txikiak.
Handik egun batzuetara gai zen ur azpian egoteko, ordura arte bezala, eta uretatik arnasa hartu zakatzen bidez, edo bestela burua uretatik kanpo egoteko, birika txikien bidez zuzenean atmosferatik airea hartuz. Horrela, mundu berrira igaro ahal izateko beharrezkoa zuen lehen tresna lortu zuen.
Baina Lander, txitxarro bat izanik, ez zen gai uretatik atera eta harrien artean edo hondartza gainean ibiltzeko. Hala ere, bere jakin-mina hain handia zen eta bera hain ausarta, burua uretatik atera eta jauzi txiki baten bidez harrien gainera salto egiten hasi zela. Arnasa hartzeko gai zenez uretara itzuli gabe, bere gorputza mugitzen zuen hegalez lagunduta, eta nekatzen zenean putzura itzultzen zen atseden hartzera.
Tematia zenez, egunero behin eta berriz jauzi egiten zuen arroketara edo hondarretara, eta han egoten zen ariketak egiten bere gorputzarekin eta bere hegalekin eta isatsarekin. Eta konturatu zenerako, hegalak indartu zitzaizkion eta hanka txiki batzuen antza hartu zuten. Eta ondorioz, lurraren gainean ibiltzeko aukera irabazi zuen, hori gauza ederra! Gai zen itsasora sartu eta olatuen artean igeri egiteko ur sakonetan lasai ibiliz, edo lurraren gainean urrats txikiak emanez, aire korronteez gozatzeko.
Bi munduak zituen nahieran, itsasoa eta lur azala. Eta pixkanaka, itsasotik urrunduz gero eta txango luzeagoak egiten zituen. Eta ikusi zuen kostaldeko belardia ere zabaltzen ari zela, belarra, hirustak eta loretxoak ugaltzen ari zirela lur azaleran. Bizitza zabaldua zen itsasotik lehorrera. Landerren bidaiak geroz eta luzeagoak ziren, eta landareak geroz eta ugariagoak, erreken ondoan baso ederrak hedatzen hasi ziren arte. Ezinezkoa zirudiena eginda zegoen gure planeta osoan, pixkanaka zabaltzen joango zena.
Orduan konturatu zen ausarta eta tematia izateak zenbat lagundu zion abentura honetan, modu zirraragarri batean bizi baitzitekeen orain. Baina… oraindik ere, pentsatu zuen, zerbait gehiago dago mundu honetan, nik sumatzen dudana baina azaltzen ez dakidana.
Hori zen bere arazoa, ordura arte aurkitu zuen mundu zoragarri hura inori azaldu ezin ziola. Bazeuzkan lagunak itsasoan, gora eta behera talde handi batean zebiltzanak, baina lagun berriak behar zituen lur gainean ere. Zaila izango zitzaion, ordea, inor erakartzea, gainerako txitxarroak eta bestelako arrainak beldurtiak zirelako, betiko bizitzara ohituegiak. Zerbait asmatu beharko zuen lur gainean lagun talde bat osatzeko.
Bazekien zer egin behar zen birika txikiak bularrean garatzeko, ur putzu batean egonda burua uretatik denbora askoan atera, hain zuzen. Bazekien nola lortu hanka eta oin eraginkor batzuk: harrien eta hondarraren gainean ariketa fisikoak egiten. Baina ez zekien nola azaldu hori dena itsasoko bere lagun taldeari.
Orduan gogoratu zituen bere lagun izurdeak. Izurdeek ere ez dute hitz egiten, hitzen bidez gauzak kontatzen. Noski, ez dute idazten, eta beraz, ez dakite irakurtzen. Baina badira gai elkarri ulertzeko. Soinu asko egiten dituzte, eta hots horiei esker adierazten dute non dagoen jatekoa, non arriskua. Soinuen bitartez, izurdeek elkarri esaten diote pozik dauden ala triste, indartsu ala gaixorik, jolasteko ala bakarrik egoteko gogoz. Hots bereziei esker bidaia luzeak antolatzen dituzte itsaso zabalean, helmugara zuzen iristeko inor bidean galdu gabe.
Beraz, erabaki zuen Landerrek, soinu sistema bat asmatu behar dut txitxarro guztiek elkarren artean ulertu ahal izateko, gauzak kontatu ahal izateko, gure aitona-amonek zekitena gazteei erakutsi ahal izateko.
Ordurako, mundu lehorrean hainbeste ibilia zenez, bere ahoa egokitua zegoen ere soinu mordoa egiteko, hortz handi, mingain indartsu eta eztarri ozen bati esker, eta horrela hasi zen hots zerrenda bat egiten: ur, lur, urrats, hurbil, urrun, urdin, buru, apur, aurki, agur… arnas, arrain, harri, hondar, zuhaitz, itsaso… Eta horrekin lurralde berri bat aurkitu zuen, hitzaren mundua, eta istorioak kontatzeko gaitasunarekin liluratu egin zen. Bere lagunei hizkuntza irakasten lana hartu behar izango bazuen ere, honek aukera emango zien haien bizitzak partekatzeko, eta bakoitzak asmatzen eta aurkitzen zituen gauza berriak gainerakoei azaltzeko.
Baina oraindik… Landerrek ikusi zuen zerbait falta zitzaiola oraindik. Itsasoa, lurra eta hitza irabazita ere, zerua irabaztea falta zitzaion… eta konturatu zen zerua lortzeko bakarrik ezin izango zuela ezer egin. Korrika joan behar zuen bere lagunengana, orain zekien guztia erakutsi behar zien lehenbailehen. Eta honela izan zen Landerrek eta txitxarroek mundu osoa ulertzeko eta ezagutzeko ahalmena lortu zutela.
Baina Landerrek beste txitxarroei dena aurkeztu ondoren, honakoa erantsi zuen: “Itsasoa eta lurra ezagutzen ditugu, bertako landare eta animalien lagunak gara. Hitza asmatu dugu, eta horri esker trebeagoak gara. Baina badago iritsi ezin dugun eremua: zerua. Eta orain dakigunarekin, gure hurrengo abentura izango da itsasoa zeruraino eramatea.”
Lander ziur zegoen aurrerantzean asmatuko zutela hegalak nola garatu zeruan zehar hegan egin ahal izateko, eta orduan bai, orduan mundu osoa eskura izango zuten, haien jatorrizko itsasotik eta tarteko lur emankorretik zeru urdin zabaleraino. Hori zen Landerren eta lagunen hurrengo bidaia. Itsasoko arrainak txori bihurtuta.
Eta une hori iristen denean, orduan izango da itsasoa zeruan. Bestela, sartu dadila kalabazan.
Donostian, 2019ko urtarrilean
Appendix 1:
HITZERAINOKO BIDAIA
Itsasoko hondo ilunetan
sortzen da, alga eta bakterien artean, nire bizitza
eta, isilean, igoera geldo batean
iristen da aldizkako izpietara,
esparru goreneko
bat-bateko argialdi distiratsuak.
Harmonian limurtzen dudan gorputza
ur gardenen artean,
kolore, inguru, epeltasun
zuri-urdinen nahasketan.
Horrela, arrain abisal baten antzera
hegalak hankekin ordeztuz, ibilera nagian
arroka eta hondarretara irteten naiz,
lurra, airea, eguzkia,
erronka diren oztopoak,
eta nire aurreko bizitzan ezezagunak ziren
gutizi berriak bilatzen ditut,
nire zorioneko ibilbide zalantzazkoan
unibertso berriek
–areriozko zein zoragarriek–
beren baitan hartzen naute.
Bildu, ni naizen izate izan gabeko honetatik aldendu,
itzuli eta eraldatzen naiz
aldatu gabe itsaso-hondoa,
arrastaka igo ninduen korrontea,
gaineko aldaketa eta bilakaera aldakorra.
Gorputza eta bizitza berregin, orno eta hezurdura luzatu,
pentsatu eta sentitzen dut –ze plazera pentsatu eta sentitzea–,
eta zure mundua igartzen dut, bertatik so egiten diezula
bere hondoan sortu ninduen itsasoko olatuei, eta azkenik
zuregana heltzeko modua aurkitzen dut: hitza.
Orain zure erresumako biztanlea naiz.
2006
Appendix 2:
En 1938, en el Océano Índico, unos pescadores sacaron en su red, vivo todavía, a un pez nunca visto. Asombrados biólogos lograron identificarlo: era un celacanto, de una especie supuestamente extinguida hacía millones de años y conocida sólo como fósil. Seres marinos que desarrollaron cuatro aletas muy robustas gracias a las cuales, en la época devónica, fueron de los primeros vertebrados aptos para emerger de las aguas y empezar la conquista de la Tierra. Torpe primer andar el suyo, pero hazaña entonces tan memorable como la del primer astronauta pisando la Luna.
Yo me siento ahora celacanto al aparecer aquí, pues también yo pertenezco a otra época, anterior a internet y a la electrónica deslumbradora. No he venido: me han empujado y me veo atrapado en una red. Admiro estas técnicas -tanto ingenio, tanta ganancia- pero me niego a ser deslumbrado porque muchos focos ciegan. Prefiero ser iluminado por la linterna de Diógenes en el ágora. Más me revela la guitarra de Brassens en “La porte des lilas” que la catarata de watios y megabelios del rockero en un estadio.
Bueno, ya que estoy aquí, me uno a los compañeros de la resistencia contra el fundamentalismo dinerario del poder global, que tiende esta red para apresarnos en su cárcel de nudos. Pero la red no es sólo cordaje; también es constelación de agujeros. Escapes por donde los pequeños podemos ir a la libertad. O, mejor todavía, infiltrarnos dentro y sabotear las trampas del dinero, que deslumbran pero no iluminan la vida. Después de todo, si por internet se amasan los millones de la especulación también gracias a ella se movilizan las resistencias antiglobalizadoras.
JOSÉ LUIS SAMPEDRO