Itsasoko hondo ilunetan
sortzen da, alga eta bakterien artean, nire bizitza
eta, isilean, igoera geldo batean
iristen da aldizkako izpietara,
esparru goreneko
bat-bateko argialdi distiratsuetara.
Harmonian limurtzen dut gorputza
ur gardenen artean,
kolore, inguru, epeltasun
zuri-urdinen nahasketan.
Horrela, arrain abisal baten antzera
hegalak hankekin ordeztuz, ibilera nagian
arroka eta hondarretara irteten naiz;
lurra, airea, eguzkia,
erronka diren oztopoak,
eta nire aurreko bizitzan ezezagunak ziren
gutizi berriak bilatzen ditut;
nire zorioneko ibilbide zalantzazkoan
unibertso berriek
–areriozko zein zoragarriek–
beren baitan hartzen naute.
Bildu, ni naizen izate izan gabeko honetatik aldendu, itzuli
eta eraldatzen naiz aldatu gabe itsaso-hondoa,
arrastaka igo ninduen korrontea,
gaineko aldaketa eta bilakaera aldakorra.
Gorputza eta bizitza berregin, orno eta hezurdura luzatu,
pentsatu eta sentitzen dut –ze plazera pentsatu eta sentitzea–,
eta zure mundua igartzen dut, bertatik so egiten diezula
bere hondoan sortu ninduen itsasoko olatuei, eta azkenik
zuregana heltzeko modua aurkitzen dut: hitza.
Orain zure erresumako biztanlea naiz.