Urrunera doakizu gogoa,
urrunera gorputza,
hor eserita, asper eginda
gaur ezer egin behar ez izanaz,
bihar ezer egin beharrik ez,
etzi ezer ez…
Eta urrunera doakizu gogoa,
itsas ondoko egurrezko tabernara,
whiskyra beira lodiko edontzian,
antxeten garrasi karrankarietara
leiho apurtuetako zirrikituetan barna
burmuina lehertzeraino sartzean,
muino berde arreak eta itsaso urdin uherra,
erreka azkarrak eta laku geldoak,
munduaren akaberan pausatzen zaizkizu
gogoa eta gorputza,
ezer egin behar ez izanaz.
Eta eguzkia altxatzen da poliki
epeltzen du egongela, berotu lorategia,
oraindik hura egiteke duzula oroitzen duzu
eta berreskuratzen dituzu
odola zainetan, asmoak erraietan.