
Bidera irten nintzen,
bakarrik
–halabeharrez edo hala nahi izanda,
ez dut gogoan–.
Eguzkiaren ezkutalekua topatu behar nuen,
leku horretan aurkituko bainuen
gizateriaren sendabidea.
Hori erakutsi zidaten sortu nindutenean,
baina eguzkirainoko ibilbidea
ezezaguna zitzaidan.
Belar artean galtzeko beldurrez nindoan,
bakarrik,
–halabeharrez edo hala nahi izanda–.
Eguzki-lore lehorren artean aurkitu nuen ezustean
izaki bakartien elkartearen egoitza:
zutabez betetako tenplua,
harlauzez osatutako labirintoa,
doinu koloretsuz jantzitako giroa.
Baina han ez zegoen eguzkirik ezkutuan;
bideari ekin behar izan nion berriro,
bakartasunaren hautua goretsiz,
bakardadearen zigorra madarikatuz.
Begiratu nuen atzera laguntza bila
han agertuko zinelakoan, alperrik.
Gizateriaren sendabideak itxaron beharko zuen,
inolako laguntzarik gabe
belar artean galtzen nintzela.
Ezkerretara ubide zikina,
eskuinetara zidor estua,
aurrean eguzkia gain behera
egun hartan ere iritsi ezina.