Kendu aukera

Ikusten ditudan koadroak
ez dira batere kriptikoak,
baina esaten dudana
ulergaitz eta mugakoa zait.
Kendu ezer esateko aukera
eta begiratu inguruan,
zirkulu baten erdian utzi du
puntua konpasaren orratzak.
Begiratu gora, hari ikusezinen
amaraunaren ertzera,
ur tanta erortzekotan da
koadroaren azal gainera.

Beraz, ur destilatuak ukitzen du
margoaren berniza
lurrun bihurtu aurretik edo
betiko lehortu ondoren.
Koloreek zirkinik egin gabe diraute
ezer gertatu ez balitz bezala,
urik ez, armiarmarik ere ez,
ezta konpasak utzitako punturik.
Zirkulua itxi da, ordea, beste behin
sortu da artelana ezustean
eta pianoaren erraietatik samur
zabaltzen da harmoniaren lilura.

Ur jauzia ez da
amildegia bilatzen duena,
goroldioaren hari berdeak dira
uraren zain daudenak,
…eta udako bero sapan
erortzen zaigu larruazal errera
lurraren soinu hezea,
harrien irudi bustia.
Jadezko eraztunak
ezin du kolorerik galdu
errekaren sakonean
biraka urruntzean.

Minuskuluak


Ñimiñoak baino are txikiagoak
lorategiko gorosti ondoko uretan
ozeanoa bizi duten izakiak,
fokuaren izpiek haien zelulak
zeharkatzen dituztenean.

Ez baitira ezer
gure ustezko ahalmen gaindiezinak
ikusi nahi dituenean;
gure handikeria orojakileak
ez luke haien noziorik izango
bere kabuz milaka urtetan
hausnartzen egongo balitz ere.

Baina badira;
ur tanta eskas bateko
arroka erraldoien artean,
zipriztinen erdiko uhartedian
sortutako itsasarte xumeetan,
errekasto bazterretako
hezegunerik ezdeusenean.

Hortxe dira,
gure arrandiaren lotsarako,
kreatura minuskuluak.

Argi-ilunak


Pianoaren tekla guztiak bezala,
ezinbestekoak dira
galtzadetan zapaltzen ditugun
hartxintxar beltzak
eta bideak estaltzen dituen
neguko elur zuria.

Argi-ilunak airean hegan,
mahai ondoan eseri
eta idazten hasterakoan.
Fa maiorrak beharrezkoa du
si bemola gure harmonian,
eta leihoetako argi zuriak ere
gauaren ilun beltza behar du
gure distiraren arauak
lortzeko esanahi ulergarria.

Argi-ilunak inguruan biraka,
paperean idatzitakoa
irakurtzen hasterakoan.
Orri garbian alde batetik bestera
doa zizarearen ikatz-arrastoa,
eta gauaren ilun beltzak ere
leihoetako argi zuria urratu du
gure dirdirak lor dezan
adiera onenaren erritoa.

Hiru poeta Egian

“Egiako Literatur Solasaldietan proposatu zen ea zergatik ez genion erreparatzen gure artean, taldean alegia, dauden poetei eta proposamen horri erantzuna ematera dator POEMA BILDUMA hau.
Idazle bakoitzari hamar poema eskatu dizkiogu, izan zitezkeen hamaika edo bederatzi baina ez, hamar izango dira eta liburuxka meta-poetiko honetan jaso ditugu denon plazererako, halaxe espero dugu, eta horri esker Inés Goikoetxea, Edu Zabala eta Jose Mari Zendoia ezagutzeko aukera dugu.”

Paperezko liburuxka eskuragarri Egiako Literatur Solasaldiak taldean, eta bildumaren gaineko saioa eta poesien irakurraldia, Unai Pelayoren musikaz lagunduta, 2026ko urtarrilaren 28an arratsaldeko 19:00etan, Egiako Kultur Etxean.

Goraka erori


Beherantz zabalik putzuak
ur garden iluna gordetzen,
agortuko ez den iturria,
lur azpitik adeitsu
bizitzari eusteko saria.

Goraka begira, ordea,
sakonera irmo gotorrak
argi lauso gardena lapurtzen,
lehortuko ez den sugarra,
zeru gainetik gorrotoz
gu erretzeko labea.

Sartu ginen barrura
edertasun ikasiaren bila,
sartu gintuzten amarruz
paradisura ustetan,
deboziozko kalbario
amaiezin tristeetan.

Tenpluek eskaini zizkiguten
kriptak eta kupulak,
baina ez genuen asmatu
zulo onean erortzen.

Gurdi zaharra


Arroilen artean,
harrizko zubien gainetik
iristen ziren gurdiak gurera.

Egurrezko gurdi zaharrera
igo ninduten
mundu hura hilzorian zela;
senitarte osoa gindoazen
belardi arteko malkarretan behera.

Ume mokoa nintzen artean,
hatz punta ahoan,
begirada galdua,
idiaren balantzaka
astunarekin bat eginda
nire gogoeta inozoak,
bazterretako belar-loreen peskizan,
gurditik jauzi egiteko nahian.

Mundu hura hilzorian zen
eta gurpil hondatuak
aldapan behera zihoazen
gurdi karrankaria trakets eusten,
azken bidaia ezinbestekoan.

Arroilen arteko
harrizko zubiaren harlauzetan
lortu nuen gurdiak ni gabe jarraitzea
–agur, idia eta jendea–,
eskuak zerura zabaltzen nituela,
hankak lurrean.

Zaldiz bilatuko zaitut


Jokoan irabazi ninduzun,
eta jokoan galdu,
arma txiki batez arerioaren gudarostea
gainditu nahi izan zenuenean.
Geroztik naukazu bila,
zure herrialde umilean
eta nire aberri galduko
zulo debekatuetan.

Bizitza erraria gerarazi zenidan
eta leherketa atomiko baten gisan
maitasunak eztanda egin zuen
gau iluna argi arriskutsu bihurtuz.
Galdu zenuen egonarria
eta jokoan galdu ninduzun,
baina non aurkitu argitu zenidan:
topa zaitzaket berriz, lagun hori.

Zaldiz bilatuko zaitut
egunaren hozkirria argitzean.

Malenkonia


Medikuntzaren garapena, hitzen etimologia eta greziarren jakinduria

Hipokrates medikuntza modernoaren aitzindaritzat hartzen da
Berak zioen behazun beltzak sortzen duela tristura
Behazun beltza greziera klasikoan melaina-khole (µέλαινα χολή) da
Hortik melankolia, gure malenkonia
Beranduago jakin zen behazun beltzik ez dagoela gizakion gorputzetan
Asmakeria bat besterik ez zela
Zein da ondorioa, Aristotelesen logika erabiliz?

Solstizio izugarria


Mundua soilik da hartaz jasotzen duguna,
munduarekin berarekin bizi dezakeguna;
gutako bakoitza leherketa txiki bat
kosmosaren mugarik gabeko eztandan.

Eguzkia soilik da suspertzen gaituenean,
ura, bakarrik gorputza blaitzen digunean;
ekaitzaren txinparta eta burrunba ozena
baretasuna apurtzen duen dardara betikoan.

Ezinegon urduria gailendu da gaur arratsean
lur azala kiskaltzen zuen beroaren ostean
eta orduan bizi izan dugu munduaren egia.

Saiatu gara arreta beste norabait bideratzen
trumoien zarata begietatik aldendu asmoz,
baina edonon izu nabaria nahitaez hedatzen.

Batzuetan euria


Batzuetan euria
gorputzak busti gabe
irristatzen da lurrera.
Gure azalak ura uxatu
eta tantak banaka
doaz amildegira.

Halakoetan ezerk ez gaitu ukitzen,
zorigaiztoko gertaerak lotsati
aldentzen zaizkigu lurralde urrunetara,
ikusi nahi ez dugun mundu ankerra
gure begietara iristeko ahalmena galduta.

Beste batzuetan,
gehienetan, euriak
blaitzen digu arropa,
hondoratu aterpea;
amesgaiztoa barrutik ez,
zerutik erortzen zaigu.

Itzal bat besterik ez


Auditorio zabalean musika hedatzen den hala,
azken txokoraino iritsiz akorde bakoitza
orkestrak pianissimo bat jotzean ere,
eta konpositorearen asmo intimoa
entzuleen adimenera heltzen,

horrela zabaltzen da ere gure izana airean,
pareta borobil zaharraren zirrikituak betez,
asmo ahulenen indarra biderkatuz
eta eskaini nahi ez genukeena ere
adi dagoenaren sentimena astintzen.

Baina fantasia bat besterik ez dira
gure izana eta bere arrastoa,
pareta zaharra eta pinuaren itzala,
azken eguzkiaren argi zeharrak
gutako bakoitzarengan arratsero
esleitzen duen itxura gardena.

Itzal bat besterik ez gara,
musika ozenaren oihartzun iragankorra,
espazioan proiektatu zen asmo ahaztua,
bide ertzeko pareta zahar borobilaren
zirrikitu hezeetan xurgatuta.

Adagio lidiarra


Itzultze aldera egin genuen
harizko alfonbraren gainean,
biolinaren soinuak molde lidiarrean
hunkitzen gintuela,
leihoz kanpo zirimiriak
gari ernatu berria bustitzen zuela,
ezkaiaren usaina oraindik
eskuetan aditzen zela.
Pinudiko goroldioak dirdira zuen
eta zeruko laino grisek goibela,
eta guk itzultzeko beharraz
aldatu genuen noranzkoa.
Harizko alfonbra higatuaren gainean
biolin joleak jarraitu zuen
adagioaren doinua jotzen,
bideari ezin ekiteak sortu zigun
hunkidura areagotuz,
leihoaren kristaletik at
euri finak garia eta ezkaia
astiro blaitzen zituela.
Udaberriko egun heze hartan
ez zen isiltasuna izan
atzera egitea eragin ziguna.

Txoko bazterrean

Julian gogoan

Ikusten dugunaren harago
dagoelakoan egia,
galdetzen dugu behin eta berriro
nora goazen azken egunean,
non egongo ote garen
une horretatik aurrera,
noiz arte iraun lezake
loraldiaren ondoko zimeltze
astun eta lausoak.

Baina erantzuna aski ezaguna dugu,
egia txoko bazterrean baita
ezkutuan, zelatan, itxarote amaigabean.
Denbora ihesean doala dirudi,
baina landare kimua poliki dator;
lekuak elkarrekiko gertuago daude
mapak tolestu genituenetik,
baina eskailerak nekez igotzen ditugu.

Ez baitago hutsune eterno bat baino
egia benetakoagorik,
baso trinko zeharkaezina baino
erantzun zehatzagorik,
pareta zuri abandonatu bat baino
misterio agerikoagorik.
Beraz, ez galdetu lotsakor;
arretaz begiratu, usnatu eta
landare kimuetaraino nekez igo.

Han, orduan,
aurkitzen dira ihes egin zigutenak.

Hitz galduak nora…


Nora doaz ene hitzak
haizerik ez denean?
Nora begirada,
argia itzaltzean?

Hemen geratzen dira esandakoak,
mundura hedatzeko oztoporik
topatzen ez badute ere.
Isiltasunak irensten dit ahotsa,
begiekin harago ikusteko ahalegina
egiten dudanean.
Eraztuna uretara bezala
erortzen zaizkit eztarritik
irten berri diren oihu galduak
eta sartaldetik iritsitako azken izpiak.

Ez dago bidegurutzerik nire hitz aspertuentzat,
ezta norabiderik begien jakin minarentzat.

Haizerik ez, argirik ere ez.

Aztiaren ipuina

Haizeak basoan sortzen duen firfira
besterik entzuten ez dugunean,
sartaldeko bide bakartiaren gainean
eguzkiaren arrastiko izpi zeiharrek

zuri eta beltz uzten dutenean hodeitza,
orduan aztiak ateratzen du hiztegia
bere zakuto zahar itxuraz hutsetik
eta, untxiarekin bezala, hitz jokoak

egiten dizkigu esandako kontuekin.
Pim: basoa eguzki bihurtzen du, eta pam:
haizea izpi, eta pum: arrastia hodei.

Ulertzen ez diogulakoan isilik gaude,
baina badakigu bere mina ezin duela
zorion bihurtu, ezta amodio isila, ipuin.

Labar urrun hura


Ahaztu ezazu hona ekarri gintuena
–zigorrak, beldurra, jasan genuen krudelkeria–,
ahaztu bidean topatu genituen piztiak,
etsaiak, gizon-emakume koldarrak,
eta unea kontuan izan, une hau besterik ez,
labarreko gure etxetxoa,
itsaso barea eta noizbehinkako enbata,
eguzki iheskorra eta lainoaren babesa,
gauero hartzen gaituzten egurrezko ohea
eta lastaira biguna,
sukaldeko leihotik iristen zaigun
ezkaiaren lurrin idorra,
ahuntzen esnea, oilasko errea,
babesa eman digun atsoaren hitz jarioa
eta sekula ahaztu ezingo ditugun maitasuna,
hatzen eta eskuen jolasa,
isiltasuna apurtzen duen hasperena,
goizeko eguzkiaren lehen izpia;
giroa, tokia, ingurua.

Hau ere atzean utziko dugu noizbait,
baina ordurako ez gara berriro izango
orain arte izan garenak.

Zeru gardena


Desertu guztietako ostertzak
lausotzen dira
sartaldeko mendikate soilaren gainean
hodeiak jausterakoan,
haitzen arteko adaska bakanen hostoek
dar-dar isil bat bidaltzen digutenean.
Une horretan, elizetako debotoek
errukitzeko galdetzen diote
zeruetan gordetzen zaien jaunari,
eta guk, sinesgaitz,
zeru gardena besterik ez dugu ikusten,
ezkutalekurik gabea,
helezina eta ezagunegia aldi berean,
planeta guztietako desertu guztiak
zulo ñimiño batean barnebiltzen dituena.
Elizetako dorreak eroriko dira
sartaldeko mendikate soilaren gainetik
hodeiak desagertzerakoan,
eta ortzi mugagabeak jarraituko du
–helezina eta ezagunegia–
infiniturainoko gardentasun garbia
gure begi aurrean erakusten.

Atseden lekua

Hartu atseden liburu bat esku artean,
beti bizi izan baitzara fantasiazko munduan,
eta amestu atseden lekuan biziko zarela
gertueneko adiskideekin,
uste baduzu ere dena aldatzen dela etengabe
adiskidetasunak bihurrituz,
jakin badakizu ere hemen gordetako guztia
galdu egingo dela goiz eder batean
edo ilunabar trumoitsu beldurgarrian.

Utzi liburuaren azken hiru kapituluak
irakurri gabe,
orrialde huts zuriak baitira zuretzat;
utzi platerak hustu gabe –sekulan
egingo ez zenukeen bekatua–,
amaiera tristeak desertuak direlako,
utzi dena eta esan ozen
ez duzula itzuli nahi betiereko
bizitza mutilatu oinazezkora;
hartu atseden pinuaren azpian,
eseri eta begirada galdu infinitu urrun hartan,
ez dago besterik zure bidean,
ez dago besterik, atseden hartu eta isilik iraun.

Hartu atseden eta liburuaren azken hiru kapituluak
beste baterako utzi,
zorioneko amaiera jokoan baituzu,
lotsaizun berriak ez dituzulako nahi,
honainoko bidaia ase baikaitu.
Isilarazi ahots nekatuak, bizi;
ez zaituzte ezertan merezi.
Ixo, hobea baitzen fantasia.

Orainaldi itzalia


Ez didate ezer kontatu behar izan,
mapamundi zartatu bat
ikusi besterik ez dut eta
hor agertu zaizkit biluzik,
tabakalera eta epaitegiaren artean,
beste edozein kantoitan bezala,
gauero otordu baten zain
dabiltzan ile kizkur ilunak.

Robot itxurako turistez beteta
gainbehera erortzen den hirian,
mundu osora etengabe
bidaltzen dituen gazte
axolagabeen auzoan,
nazkatuta bizi garenon erdian,
burumakur eta beldurrez,
etorkizunik eta iraganik gabeko
orainaldi itzalian, broadway
eta hogeita sei karrika hartako
zorigaitza hedatuz doa.

Hiru egituren arteko sarea


Gorputza lasai, lurrean eserita,
eroso, sendo, osasuntsu,
bizitzaren hatsarekin bat eginda,
betea, osoa, erabatekoa;
hezur, gihar, erraiak soseguan.
Pentsamenduak geldo,
ideien etengabeko uholdea baretuz,
txori hegalariak nola,
buruko hausnarketak handik hona,
adarrean pausatuz eta libre alde egiten.
Hirugarren euskarria, berriz,
hutsik erabat, artegatasunik ez,
zorionik ere ez, ezta beldurrik ere,
emoziorik sentitzeko ezintasuna,
nahasmendurik larriena.
Sareak ezin nau eutsi,
gorantz eroriko al naiz?