Sapa astunaren orduak

Eguerdi ondoko lehen ordu udatiar luzeetan
beroa poliki dator beheraka astun eta pisu
eguzkiak parabolaren beheranzko bidea hartzean
euliek aire trinko kiskalian lekurik ezin hartu.

Astiro desagertu dira kaleko soinu alaiak
umeen negar zotinak edo irri algarak isildu
errezeletik bestaldera somatzen den guztiak
mundu honetako ezaugarri oro ditu galdu.

Arnasaldi luzatu bakoitza baretasun ikur
itzalean botata nago beste hoberik ezean
bitartean bizitza zain da bere unea iristear.

Eta ordu udatiar luze hauetan bizi ditut
bizitzako plazeraren fruitu mardulenak
ezer ere ez itxarotearen gozotasunean.

Isilunea


Isilunea.
Hitzik ez, soinurik ez.
Gorrotoa, asperdura, ezin aipatzeko grinak,
arrangura, nazka, higuina.
Hitzik ez ezer azaltzeko.
Doinurik ez abesteko.
Garrasirik ez, ezta hori ere.
Beharrik ere ez.
Mina, irrika, desio jasanezina,
adierazi ezinezko haserreak.
Odol beroa ahotsik altxa gabe,
ahoa ireki gabe.
Amorrua, gordeta.
Liskarra asmoan, muturra tenk,
errietarik ez.
Isilunea,
isilune pisua,
isiltasunaren indarra,
hitzik, oihurik gabeko bortxa.
Soinurik ez, doinurik ez,
ekaitza iristeko barea,
oldarra aurreko etena,
beldurtzeko tartea,
itxaroteko unea,
dena bukatzeko aukera.

Ihesean, atseden

Gero eta zailago denean
erabilitako baliabide bakoitzari
etekina ateratzea,
gordetako aberastasunak
irabazi handiagorik ematen ez duenean,
ez itxaron dena bere kabuz suntsitu arte,
ez espero jardun berri zoragarririk.

Horren ordez,
sartu poltsa batean janzteko zerbait,
hortzetako eskuila, txano bat,
margo batzuk eta orri zuriak,
alde egin edonora, edonola,
autobus konpainia merke bateko txartela erosita
edo errepidean stop eginez,
alde egin, edozer da urruti
bizitzari benetako balioa ateratzeko orduan,
edozer da ona, egoki, eder,
hartu motxila eta mugitu,
hartu margoak, orria, eta bertan geratu…
Etengabeko ihesa,
mugarik ez duen irrika urduriari aurre hartuz,
ez baita ihes, koloreekin orriak margotzen badira,
ez baita amets, errotutako atsedena baizik.

Liebesträume


Kolore batek bestera narama,
orainaldi luze honetan
Rubiken kuboari azalerak biratzen,
esku arteko osagaiak lerrotu nahian.

Ur urdinetan nago, zeru garbiaren azpian,
edo garagar soro agortu baten erdian
unibertsoa okre hori bihurtzen denean,
bestela, udaberriko baso berdeek estalita.

Nota batek bestera narama,
eskalaren harmoniari akorde disonanteak lapurtuz,
doinuaren eta erritmoaren mugimendu konpasatuan,
tarteka oldartuta, tarteka haize leunak eramanda.

Zuri-beltzaren gainean kolore infinituak.
Hamabi noten artean musikaren osotasuna.
Maitasun ametsak, gauez,
koloreak laztantzen, doinuak gorpuzten,
kontsolamendu bila.

Nola


Argi handiegia munduaren gainean,
argi itsugarria.
Nola ikusten diren gauzak, nola,
hainbeste argiren azpian,
hain izpi indartsuen garretan.
Ura ozeanoan harri puska bat kolpatzen,
mendixka estaltzen duten sasietako loreak,
haizea, ikusezina izanik ere, bazterrak astintzen,
nola ikusten ditu gauzak
nire atzean eseri den horrek, nola,
inork ez badio azaldu koloreen esanahia,
inork ez badio erakutsi naturaren indarra.
Nola atzematen ditu hango beste gazte goibelak,
arroken gainean galduta, antza,
oinazpian zapaltzen dituen harrixkak
eta haien arteko zuloak.
Nola jasotzen ditugun guretzako
arnastutako bafada,
hausnartutako ideia zaparrada
eta honek utzi zuen gogoeta hezea,
nola zurrupatzen ditugun
liburuek zabaldutako bihozkada mingotsak
eta dardara ilunak.
Ez baitakigu nola,
–argi gehiegi ezer gutxirako–
adimenak ez digu erakutsiko
nola
hunkitzen gaituen printzaren koloreak, indarrak.

Olatuen aparra

Aterki beltzaren azpiko babesean
noa, ibili geldoan,
itsaso ondoko paseo luzean,
pentsakor,
olatuen etorri akonpasatuaren erritmoan:
pentsamenduak pixkana hazten direla,
aurrera egiten, bapatean lehertzen
eta azkenik indarra galduz,
hondarrean desegiten
beste pentsamendu berri bat gailendu
eta aurrekoaren azken dardara
ezabatu artean.
Burumakur noa itsas bazterreko bidetik,
olatuen aldizkako zarata neurtuaren hotsak
nire aterki beltzaren azpiko espazioan
gorpuzten diren arte, ni haien baitan hartzen.

Aterkiaren azpian babestua sentitzen naiz,
olatuen hotsa barneraino sartzen zaidan arren
zaratak ez nau kolpatzen, ez dit zirrararik sortzen,
ez du nigan ezer eragiten.

Pentsamenduak datoz, eta ondoren,
aparra bezala desegiten dira
indarrez zapaltzen dudan hondar aleen artean ihesi.
Olatuak datoz, eta hondartzan lehertzen dira,
nire urratsen arrastoak ezabatuz.

Helmugarik ez

Bai, bidegurutzetan seinaleak daude,
helmugara nondik joan behar den jakin dezagun,
ez gaitezen inon galdu.

Bidegurutzetako seinaleek, ordea,
ez digute esaten helmugak jada ez direla inon.

Mendi gailurretako amildegi eta basoen artean
harrapatuta doa bide estua:
zubiak ibaiaren ur korrontea gainditzeko,
marra zuria errepidea erdibitzen,
eta noizbehinka bidegurutzeak,
ezker eskuin seinaleak helmuga adierazi nahian,
baina seinaleek, ordea,
ez digute esaten helmugak ez direla inon,
ez gailurretan, ez ibaiaren azken iturrian,
ezta bailaran behera ere, zabaldi urrunean.

Helmuga egon zen, hementxe,
alde batera edo bestera joatea
aukeratu behar izan genuen
bidegurutze honetan, noizbait.

Baina jada ez da helmugarik.

Neguko argia Sarajevon

Argiak egiten du dena.

Ilunabarreko azken izpietan
Sarajevo masa gris bat besterik ez da,
mendi magaletako etxeen teilatuetan
elurrak iluntzera jotzen duen orduan.
Eraikin handi berrien silueta bakoitza
mamu bat da hodeien artetik jaitsita
eta autoetako foku ibiltariak,
kaleetako farolen argi hitsak,
dardaraz daude gau ilun gordinaren aurrean.

Baina ilunabarra baino lehenagoko
gainbehera doan eguzki pean,
zeru garbia zeharkatuz, printzek
hiria dirdirarazten dute osorik:
minarete zutak, jauregi dekadenteen kupulak,
marmolezko harlauzak eta errekaren ur azalera,
den denak egunaren azken indarraz beterik daude,
eta gauaren itxaropenaz.

Argiak egiten du dena,
argia ikusteko moduak,
eta kanpoko argia barruraino eramateko bideak.

Tranbiaren zain

Geltokian jende tristea
tranbia noiz etorriko zain.
Burdinbidea asfaltoan txertatuta dago
eta espaloiko zuloak urez beteta;
putzuetan islatzen dira autoak.
Tranbia hurbiltzean ere
putzuan ageri da bere irudia kale grisaren erdian.
Kolore galduak, hodei ilunak,
zuhaitzetako adarrak biluzik neguan,
zubietako petriletan txolarreak geldirik
ogi papur baten zain agian.
Bidaiarien aurpegi lausoek
ez dute ezer adierazten,
ilusiorik ez, tristurarik ere ez,
bizitzaren joana tranbiarena bezalakoa delako:
metro batzuk aurrera,
geltokian itxaron,
bidaidez aldatu,
aurrera berriro, tarteka azkarrago,
eta ibilbidearen amaieran buelta eman,
etengabe joan-etorri bera,
espaloi estu zulatuen ondoan,
burdinbidea putzuen artean galduta.

Elur azpiko bizitza

Elur azpiko bizitza

Ez dago bide bakar bat,
ezta negu bakarra ere.
Aldakorra eguratsa,
gauetik egunera,
unetik unera.
Gaur elurrez estalitako mundua
biharamunean egarriz.
Zuzen doan zumar arteko bidea
bat-batean bihurri.

Hemengo negu lausotik
hango negu gorrira, ordea,
bide zabal bat irekita dago
mendi malkarren gainetik,
hodei trinkoen azpitik.

Bide hori hartu nahiko nuke
bihar, ezinbestean,
noizbait krudelkeria gordinenak
kolpatu zuen duintasunaren indarra
dastatzeko,
bizitzak elurraren azpian
iraun ahal izan zuela
ospatzeko.

Azkenean!

Azkenean!

Azkenean hitzarekin hasteak esan nahi du
horren aurretik zerbait egon dela,
agian gogoeta huts bat besterik ez,
itsasoko olatuen eztanda (berriro ere),
edo kalean gazte ezezagun batek
luzatutako irri xalo eta lagunkoia.

Azkenean hitzarekin hasteak agian esan nahi du
liburu bat irakurri berri duzula,
barruraino sartu zaizun istorioren batek
negar egin arteraino ukitu zaituela.
Edozein modutan,
azkenean ezin duzu gehiago
eta orri zuriaren aurrean jartzen zara,
erdi negarrez edo negar oparo batean.

Zer da ba gertatu dena?
Nola iraun ahal izan duzu horrenbeste,
azkenean erabakia hartu duzun arte?
Orain beldur zara,
gazte ezezagunaren irriak,
liburuko istorioak
edo kostaldeko enbatak beldurtzen zaituztela
uste duzun honetan,
azkenean ulertu baituzu ikara
bularraldeko zulo argitsutik datorrela
barruan daramazun mamua
aurrez aurre begira jarri zaizunean.

Eta ispilua ez da hautsi.

Izarretako lerrokatzea

Duela mende bat gutxienez,
labore agortuen larre zabalen artean,
gertakari astronomiko baten antzera,
nire aurrean elkar gurutzatu ziren
izar urrunetatik iritsitako izpiak,
iraganeko eta etorkizuneko planoak,
egun hartan oraina zen une bakarrean.

Orainaldi hura duela mende bat
galdu zen egun hartako egutegiaren orrian,
eta hogeita hamasei mila orritxo, gutxienez,
egutegitik kendu ondoren,
izpi haien arteko talkaren eztandak
leku utzi dio hutsune beltz astunari,
bihotzeko taupada hilkorrari.

Ezkaiaren usai mingotsak eutsi dio soilik
astroen lerrokatze ez ohiko hark
utzitako aztarna samin eta tristeari,
lagun zaharrak elkartu zituen hitzorduak
ezin izan baitzuen zeru iluneko konstelazioetan,
izar usoek egindako bide iheskorretan,
eternitate osorako eguzki distiratsurik sortu.

Ondarragako zelaiak

Artagaineko kaiaren ondoan, bidean gora,
Ondarragako zelaietara doan amildegian,
kresalaren eta haizeteen indarrari eusten dioten
landare mamitsuak hazten dira, usaintsu eta itsusi.

Ondarragako zelaietan eserita, begirada itsasoan,
Erizek lagunaren eskuak hartzen ditu bereen artean,
eta, ahopeka ia, hitz samur batzuk esaten dizkio.

Haize fina dago, udaberrirako hotza, ekialdekoa:
kaioen garrasiak dakartza, eta Erizen hitzak eraman;

“Egun hartan bukatu izan bagenu hasitakoa…!”, zioten hitzak.

Berriro

Berriro harriak udaberrirako joanean,
haitz beltzen aroa.
Elurra urtu zen bakardadearen garaian,
elur zuria.
Hodeiek estali zuten sumendiaren tontorra,
nik eguzkiaren epela jasotzen nuela
biluzik eta bakarrik.
Gaua iritsita, ordea, amodio ezkutuarekin jolasean
topatu nuen nire burua, nire gorputza,
belaunaldien arteko harreman isilean.
Harri beltzezko eremu mortuan
haize umeleko bolada iheskorrean
elur urtuaren magalean
itsaso beltzaren gainean
irudizko hutsunea itxuraz estaltzen
orain arte, negua berriz iritsi arte,
harri beltzezko hondartzak beste behin
zapaldu arte
eguzkiaren epela ostera jaso arte
apar zuriaren bakardadea irensten, berriro.

Zikladeak gogoan

zikladeak

Garagardo bat hartzen ari nintzela
lagun arteko solasean
irudikatu nuen berriro
itsasontzi handi zuria,
eta bertan ni, popako barandari lotuta.

Oraingo amets lauso eta hutsala besterik ez zen,
aspaldian itsasoa ikuskizun hutsa baita niretzat,
ontzirik ez ekaitzak zeharkatzen,
ferryrik ez golko urdin epeletara iristeko,
uharte urrunetara bidaiatzeko.

Dena gezurra da orain,
agian ezagutu izan nahi ez nukeena,
hobea baita ezjakintasunaren inozentzia
eguzki joanen oroimen mingarria baino.

Eta hala ere,
lagunen solasalditik urrun,
nire kontzientziak traizio egiten dit eta
idazle zaharren hilobiak ekartzen dizkit gogora,
eta hilobietara iristeko igaro beharreko
bide aldapatsu pikondoz beteak,
muinoek ezkutatzen duten hondartza bakartiak
eta haietatik, ostertza apurtzen,
ikus daitezkeen ontzi erraldoi zuriak.

Urteak aurrera

lab-egoitza-ehu-gip

Urteak aurrera, egun luze ahaztuak,
orain laburragoak negu ilunean.
Urteroko esaldi errepikatuak,
hainbeste esanagatik guztiz agortuak,
zoriontasun merkea txaloz eta opaz,
ea datorrena hobea ote den dudatan.

Eta ezustean, iristen da urte bat
eta bizimodua aldatzen da erabat,
Zorionekoa izan al da aurtengo berrikuntza?
Zalantza, batzuetan ere nahiko itogarria…
Gazteen zarata, xalotasun samurra,
ikasgelen neke eta asebetetzea,
bulegoetako zereginek ausaz gaindituak,
adiskidetza atseginak indarberrituta.

Asmo eta xede handiko egiteko gauzak,
langileen baldintzak hobetzeaz harantza:
bizitza bera jokoan, gurea eta denona;
lanaren emaitza gure eskuetan,
inork ez dezala hortikan harrapa!
Inork ez ditzala, gure izenean,
itsas olatuak, zuhaitzen adarrak,
lanerako eskuak jabetu beretzat.

Urte berria dator, egun luzeagoak,
ikusiko ditugu hostoak berdetan,
eta ustekabean hemendik gutxira
adaxkak lehortuko, marroiztuko dira,
Gure ahaleginak, ordea, hor jarraituko du,
hitz ezagun merkeak eskaini beharrean
tinko eutsiko dugu aurrera bidean.

Urte berria dator, argi indartua,
itzala garaituz bere ilunean,
eta bizimodua, hor doa, erreka bezala,
harriak saihestuz sastraken artean:
noizbait iritsiko da itsaso urrutira.

Gau bakarreko tartea

gau-bakarreko-tartea

Atzo,
gau bakarreko tartea
atzeraka egin
eta ur gardenetan sartu ziren
azken izpiek itota,
denboraren joanak
ezartzen duen sentiezinezko zera horrek,
esanezinezkoa ere baden zirrara iraunkorrak jota,
seinale bat bilatzen hasi nintzen
atzo,
gau bakarreko tartea
atzeraka egin eta orduan,
eta bilatzen jarraitu nuen
gau bakarreko tarte horretan guztian,
ezer aurkitu gabe.

Gaur,
seinalerik gabe jarraitzen dut,
ito ninduten izpiak itzalita,
aipaezinezko zirrara lausotuta,
eta denboraren joanak
berriro ere bere baitan harrapatuta.

Hurrengo borrokaldia

Borrokaldia

Ezker eskua gora nentorren ilargipean
urtegiko ur urdin ilunetatik atera berria,
harrien gainean oinak kontuz jarrita,
aurrera,
sasi, txintxar, sustrai eta lokatzetan
pinudi aldera.
Besoa jaitsi nuen
hiruzpalau arnas sakon hartu eta bota ondoren,
eta pinuen arteko belarretan
astindu nituen hankak.

Azken eurialdiaren tantak oraindik ere
jausten ziren adar eta hostoen artean,
pinaburuak zapaltzen nituen noizbehinka
eta hotzak gero eta min handiagoa
sorrarazten zidan.
Galduta sentitzen nuen burua
argi izpi ahulek nekez zeharkatzen zuten
itzal berde ilunetan,
baina oinek bere kabuz egiten zuten bidea
sastraka mingarrien artean.

Gaizki egindako zerbait ordaintzeko
zigor eternalaren atal saihetsezin bat
betearazten zidatela iruditu zitzaidan,
existentziaren jainko ahaltsu batek
jarritako penitentzia gogor eta oinazez betea,
patuak garai zaharrenetatik orainaldira igorritako
betekizun lazgarri baten ondorioa.

Baina nik ez nuen sinesten
patu eternaletan, jainko ahaltsuengan,
eta are gutxiago zigor eredugarrietan.
Uretatik larri bizirik atera nintzen
hodei arteko ilargi betearen argi azpian,
pinudirako bidea zailtasunez burutu ahal izan nuen,
eta orain, atseden apur bat besterik ez nuen nahi,
oinak epeletan jarri, gorputza babestu,
basafruituren bat arretaz dastatu
eta hurrengo borrokaldirako
nire burua prestatu.

Hori besterik ez.